argia.eus
INPRIMATU
Jaime Gómez-Obregón
“Datuak zabaltzen dituzte aho txikiarekin, gardena izatea beste gauza bat da”
  • Jaime Gómez-Obregón ingeniariak oso tresna baliagarria sortu du Jaurlaritzaren diru publikoaren erabileraz gehiago jakiteko. 2018tik 2022ra erakunde horrek hedabideen artean banatu dituen publizitate kanpaina guztien datuak prozesatu, aletu eta era ulergarrian eskuragarri jarri ditu gobiernovasco.marketing webgunean. Software librea erabili du eta kode irekian eskaini. Alegia, erakunde publikoek egin beharko luketena –eta egun egiten ez dutena– egin du.

Axier Lopez @axierL 2023ko abenduaren 11

Zer egiten du kantabriar batek Eusko Jaurlaritzako paperen artean?
Ni Kantabrian bizi naiz, baina gardentasunaren gaiak ez du mugarik. Hekimen euskal hedabideen elkarteak erakundeen gardentasunari buruzko nire aurreko proiektu bati buruz hitz egitera gonbidatu ninduen. Eta orduan, zuekin, komunikabideekin eta kazetariekin, hitz eginda sortu zen publizitate instituzionalaren banaketaren gaiari heltzeko ideia. Erronka bihurtu zen niretzat, erantzukizun sozialari lotua, erakundeen opakutasun horiek ikusarazi nahi ditudalako.

Publizitate eta komunikazio instituzionalari buruzko 6/2010 Legeak arautzen du gai hori EAEn. Nola betetzen dute lege hori?
Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera urtero bidaltzen du aurreko urteko memoria eta ondoren, Legebiltzarrak argitaratzen du. Egia esan, memoria batzuk ez daude beren webgunean eta beste bide batzuetatik lortu behar izan ditut, informazio publikoa izan arren.

2010eko lege hori oso modu irekian eta zehazkabean idatzita dago. Funtsean, paperak eskaneatu, 150 orrialde baino gehiagoko PDF bat sortu eta diputatuei e-postaz bidaltzen diete. Egin dezaketen gutxienekoa da.

Legeak gardena izatea eta gobernuak datuak argitaratzea besterik ez du eskatzen. Datuak zabaltzen dituzte bai, baina aho txikiarekin. Gardena izatea beste gauza bat da.

"Jaurlaritzak 2023an datu publikoak horrelako PDF makurretan argitaratzea oso kutrea da"

Urtean PDF bat zabaltzea gardentasuna al da?
Jaurlaritzak argitaratzen dituen PDFak ez daude datu-base batean oinarrituta, akats dezente dituzte eta eskuz eginda daudela nabari da. Egia esan, 2023an horrelako datuak PDF makur [“retorcido” darabil berak gaztelaniaz] horietan argitaratzea oso kutrea da. Tresna hau sortu dugu, hain zuzen ere, datu korapilatsu horien gainean argia jartzeko. Areago, iruditzen zait Eusko Jaurlaritzak berak ere ez dituela datuak gure tresnak ematen dituen moduan. Ez, behintzat, modu analitikoan egituratuta.

Gure tresna hobekuntzarako proposamen gisa ulertzea gustatuko litzaidake. Ea balio duen politikariek pilak jartzeko, baita hedabideek ere, eta datu horiek hobeto erabil ditzazuen. Lan honek ez du zerikusirik kolore politiko batekin edo bestearekin. Webgunean ez dut iritzirik ematen diruaren banaketari buruz, hori ez dagokit niri.

Milioika euro publikoren erabilerari buruzko memoriak hain akats zakarrekin argitaratzea, ez dirudi oso serioa denik.
"Datuaren kalitatea" nahiko baxua da. Batzuetan gaizki eginda daude, maitasun eta interes handirik gabe. Adibidez, NDAri esleitutako publizitate-kanpaina bat aurkitzen dudanean, nik ez dut zertan jakin zer esan nahi duten sigla horiek. Ondoren, gehiago irakurri eta galdetu ondoren, konturatzen zara Noticias de Álava egunkariaz ari direla. Edo, zentzu berean, batzuetan Los 40 erabiltzen dute, beste batzuetan Principales, beste batzuetan berrogei katea, edo 40 besterik gabe. Hamaika Telebistaren kasuan ere, ez dakit zenbat era ezberdinetan idatzi duten: 11TB, 11 telebista, amaika, hamaika telebista... Mota horretako akats asko eta askotarikoak daude.

Baina akats zakarragoak ere badaude. Dirudienez, memoriak lehenik gaztelaniaz idazten dituzte eta gero euskarara itzultzen dituzte. Eta ulertzen ez dudan arrazoiengatik, hitzen bilaketak egiten dituzte eta zuzenean dagokien euskarazko hitzekin ordezkatzen dituzte. Beraz, y letra agertzen denean, "eta" jartzen dute. Eta horrela, Etaoutube izeneko hedabide batekin egin nuen topo, Youtube beharrean. Edo Entremayores hedabidea Entremaetaores jarri dute.

Gizakiek egindako akatsak dira, baina jatorrizko datuen kalitate txarra erakusten dute, eta Eusko Jaurlaritzan datu horiek guztiak biltzeko eta tratatzeko barne-prozedurak kutre xamarrak direla.

Jaime Gómez-Obregón Hekimenek antolatutako hitzaldi batean 2022ko ekainean. Argazkia: Hekimen

Ematen du ez dituela inork irakurtzen memoria horiek.
Bai, hori da tristeena. Bestela askoz lehenago aurkituko genituen horrelako akatsak. Zenbat txosten eta memoria egin eta banatuko ote dituzte gobernuek, legeak “hala dioelako”, gero inork ere begiratzen ez dituenak?

Kasualitatea, kausalitatea, inertziak...?
Arazoaren zati bat konpontzen saiatu naiz, tresna publiko, aske eta kode irekikoa sortuz, informazio hori egituratzeko eta aztertzeko. Zu egiten ari zaren bezala, eta, gainera, uste dut lehenak eta bakarrak zaretela, erabil dezakezue tresna horrelako galderak egiteko, baita erantzuteko ere. Garrantzitsuena diru publikoaren banaketa da, noski, baina azterketa hori gizartearen esku uzten dut.

Udaberrian ikusiko dugu gure lanak eraginik izan duen. Legearen arabera, Eusko Jaurlaritzak beste memoria bat argitaratu beharko du, 2023ko datuekin. Bi aukera baino ez daude. Bata, orain arte bezala argitaratzea, egindako ekarpen guztiei muzin eginez. Nire ustez, hori harrokeria litzateke hobekuntza-proposamenei kasurik ez egitea. Eta bi, Jaurlaritzak jarrera aldatzea eta memoria formatu guztiz irekian aurkeztea.

Ba al dago eredu estandarrik edo asmatu beharreko zerbait da?
Ez, dena asmatuta dago. Edozein formatu ireki eta egituratuk balio du informazio publikoa argitaratzeko. Eta zalantzarik izanez gero, guardiako informatikariarengana jo. Ez da zaila. Ni ez nintzateke sartuko teknizismoetan, JSON formatua edo datu-base egituratu erlazional bat... Ez da kontu teknikoa, borondate politikoa baizik.

“datu publikoek irekiak, gardenak eta eskuragarriak izan behar dute”

Ez dirudi gardentasuna erakunde publikoen lehentasunen artean dagoenik.
Gai hau kontakatiluz eta ke saltzailez beteta dago. 15 urte daramatzat hitzaldi, txosten, sinposio eta abarretan parte hartzen, datu irekiak eta gardentasuna zeinen garrantzitsuak diren azaltzeko. Zuzendari nagusiak, politikariak, enpresariak... hurbildu zaizkit, eta denek baietz, ados daudela diote. Nazkatuta nago “estrategia nazionalak”, “eskubide-gutunak”, powerpointak eta apelazio abstraktuak ikusteaz, baina praktikara heltzean, oso gutxi aurreratu da azken urteotan. Hitz egin bai, baina egin ez. Hizkuntza politikoaren hipokresia da, baita gorreria ere gehienok eskatzen dugunarekiko: datu publikoek irekiak, gardenak eta eskuragarriak izan behar dute.

Bukatzeko, finkatu jardunbide egokiak.
Ezin gara beti kexatzen egon, ondo ari dena txalotu behar dugu.

Jakina, Erresuma Batuko Gobernua nazioarteko erreferentzietakoa da, Kanadan duten homologoak ere oso ondo egiten du, baina hurbilenari erreparatzen badiogu, adibidez, asko gustatzen zait Aragoin gardentasunari lotutako lana eta, bereziki, administrazio elektronikoari dagokiona. Administrazioarekin jarduten dugunean herritarrok erabiltzen ditugun interfazeak hobetzen espezializatutako lantalde bat dute han. Oso gauza onak egin dituzte.

Oro har, administrazio publikoek ez dituzte datu gehiago argitaratzen, argi eta garbi, beldurragatik. Jendaurrean ez dizute esaten, baina pribatuan igartzen zaie. Legearen beldur dira, eskandaluen beldur, urrunegi joatearen beldur, argitaratzen lehena izatearen beldur. Horregatik, jende horri lagundu behar diogu, beldurrik izan ez dezaten. Eskandalagarriagoa delako ezer ez argitaratzea, datu publikoak argitaratu eta eskandaluren bat agertzea baino.