argia.eus
INPRIMATU
Ez gaitezen bizi amore emanez (edo biba Lisabö)
Xalba Ramirez @xalbaram 2023ko abenduaren 15a

Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte
Lisabö
bIDEhUTS, 2023

-------------------------------------------------------------

Euskaldunak zorionekoak baldin bagara, ez da iraganagatik. Oraina eta etorkizuna eraikitzeko aukeragatik izan beharko genuke, denbora propioak sortzen dituen herria izateko. Salbuespenetan salbuespen dugu Irungo taldea.

Denboratik at irauten du Lisabök. Burbuila baten moduan, badirudi ez dutela jaso inongo eta inoren eraginik. Soilik dira beraiek, beraien bidea eginez. Torlojuari buelta bat gehiago. Letra xehez idatzia da albumaren izenburua, aurrekoaren segida delako. Honela dugu esaldia: Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte.

Nire talde gogokoena zen Lisabö nerabezaroan, eta, aitortu behar dut azken lanarekin apur bat nekatu egin nintzela, norabide igualtsuegian zihoalako, akaso. Oraingo honekin, ordea, zorrak eta penak kitatu, eta eskaini dizkiguten kolore eta armonia alaitsuagoek berriz ere harrapatu naute, indarraren eta amorruaren alde.

Ezer gutxi daukat nik azaltzeko taldearen inguruan. Ulertzeko ez da gehiegirik behar, bestalde. Intentsitatea nola esplikatzen duzu? Zer inporta zaigu zer irakurri duzun, katarsia heltzen ari den unean? Zer ukabilak eta zangoak eta bizkarrezurra eta lepoa eta matrailak eta erraiak estu-estu, tente jartzen baldin bazaizkizu? Lisabö basa delako, primitiboa eta oinarrizkoa.

Intelektualismotik hurbiltzen direnik bada, noski; akaso klase ertainaren postureoak baimentzen ez dituen energia dosien bila. Zeren gauza bat da 2.300 euro kobratzea, hamalau pagatan, eta, beste bat, zeharo ezberdina, bizitzak eskatzen dituen oinarrizko beharrak asetzen jakitea. Psikoanalistei batere uztailik eman gabe, Egonezina kulturan eta kontu hori guztia.

Lisabök balio lezake dena ahazteko une batzuetan. Baina kontuz: ez delako axolagabekeriaren aldeko kantaldia. Oroitzen dut, aspaldiko elkarrizketa batean, nola Ray Ban betaurreko markako komertzial bat hurbildu zitzaien makrojaialdi batean tratua proposatuz: argazki bat betaurrekoak jantzita, eta betaurreko –garestiak– opari. Ukatu egin zuten proposamena, kultur langileak, lehen, ez zeudelako kapitalismoaren logiken zerbitzura.

Martxel Mariskalen poema akaso sobera estetikoek, batzuetan hots eta zaratak bilatzean oinarritzen direnak, badituzte zirrikituak, eta, erakusten dute baietz, modernoei gustatzen zaien arren, printzipioak eta norabideak argi dituztela. Munduaren amaierari kantu egiteko, adibidez:

“Ez gaitezen bizi amore emanez! Ikus arimen exodoa pospolo-kaxan / lilurarik ezin aurkitu baztertuen haitzuloan / lasterketa-zaldia hezurgabetu ondoren / axolagabe jaurti dugu ahanzturaren lokaztira / hondoratu dugun ontziko ezkutuko bidaiariak gara”.