argia.eus
INPRIMATU
Ondare ozpindua
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2023ko abenduaren 06a

Batxurizopa
Cerdos Kompases
Artza Records / Cooperación Records

------------------------------------------------------

A ze izena talde batentzat eta a ze jendilajea! Auskalo izena nondik aterako zuten! Hain justu, duela astebete taldekideetako birekin egin nuen tril, non eta Andoaingo Gaztetxearen urteurreneko jaian, eta –oraingoan ere– galdetzea ahaztu nuen.
Izan ere, han aurkitu nituen Nabarro eta Kabra, betiko izkina berean, eta ziurrenik Txabes, Miguel eta besteak ez ziren handik urrun ibiliko. Argi eta garbi Andoaingo Gaztetxearen paisaiaren eta ekintzen parte izan dira haiek guztiak; lehenean gaztetxo zirela, ikusten eta ikasten; eta bigarrenean ikasitakotik abiatuta sortzen eta deusezten (ji ji).

Cerdos Kompases 1990eko hamarkadako Andoaingo taldea da, 30%, Gaizkiñe, Karkaxa eta enparauekin Andoaingo hardcore taldeen bigarren belaunaldiaren parte izan zena. Bi ahots indartsu, hitz kaletar, sinesgarri eta gordinak eta hardcorearen irakurketa zabala bereizgarri zituen. Maketa bakarra argitaratu zuten Jomes-ekin –norekin, bestela?– 1994an grabatutakoa. Eta oraingoan ere Artza anaiek, Cooperación-ek eta gerizpean gelditu nahi duten beste batzuek garaiko materiala berreskuratu, txukundu eta biniloan eta modu dotorean ekarri dute, arkeologia eta zabalkunde lan ederra eginda.

Argazkia: J.A. Areta Goñi (JUXE)

Batxurizopa eresiak zabaltzen du lana, hardcore-punk azkarra eta tenpo erdiak uztartuta, soberakinik eta filtrorik ez daukaten hitz borobilak ditu. Ametsak azkarragoa da, eta gogora ekartzen ditu RKL eta Iturraldeko Kontxixi. Temblando punk ilunagoz –eta tarteka rapeatutako ahotsez– jantzita dago. Sombra y luz zein Sumas y restas-ek hardcore metalizatuan dituzte oinak. La noche-k Life…but how to live?-ren kadentzia eta RKLren erritmo aldaketekin blaitutako hardore-punka. Ojos negros gitarreroa eta azkarra; eta Americio apokalipsiko hardcore-punk ezohikoa.

Jatorrizko maketatik harago, baina, beste hainbat kantu ere berreskuratu dituzte: garai hartan euskaraz abestutako hardcore-punkaren hit-a zen Komunik kontrol, Tiempos de corrupción ilunagoa, Anestesiarekin senidetutako Odio, eta Acorralado pisutsua, besteak beste.