argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza Legea da arazoa, ez 5. zuzenketa
Mikel Basabe Kortabarria 2023ko azaroaren 28a

Artikulu hau katalanek lortutako amnistiari buruz idaztea nuen buruan, lorpen horrek gauza bi utzi dituelako agerian: dena negoziatzen ahal dela eta, batez ere, amnistiatik beherako edozer gauza lortzeko une historikoa alferrik pasatzen utzi dutela abertzaleek. Batzuek, betikoa negoziatuta; besteek, PSOE soken kontra zegoenean boterea musu-truk emanda. Ondorioz, euskara ez da Nafarroa osoan ofizial izango, trebiñarrek ez dute bozkatuko, kirol selekzioak ez dira ofizialak izango, etab.

Baina Hezkuntza Legearen onarpena berehalakoan dator, itxuraz EH Bilduren babes barik. Nonbait, EAJ-PSEk hitzartutako 5. zuzenketak asaldatu du ezker abertzalea. Harrigarria, zuzenketa horrek ez baitu legea euskararentzat kaltegarriago bihurtu.

Indarrean dagoen araudia eskutan (138/83 Dekretua), A ereduan euskara gehiago sar daiteke: Lehen Hezkuntzako "goi mailetan beste irakasgaietako zenbait gai ere euskaraz landu ahal izango dituzte, baldin eta ikasleak bere euskara mailaz nahiko trebaturik baleude". Bigarren Hezkuntzan: "Euskararen ezaguera-maila on bat eskuratu duten ikasle-taldeekin zenbait gai euskaraz ere landu ahal izango dira".

B ereduan ere euskara gehiago sar daiteke: "Gaztelania, berez, irakurketa-idazketa eta matematika bezalako irakasgaietarako erabiliko da. Euskara beste arloetako gaiak lantzeko".

Hizkuntzen tratamenduari dagokionez, Jaurlaritzak aurkeztu eta EH Bilduk babestutako Hezkuntza Legeak D eredua kaltetu besterik ez du egiten, 5. zuzenketa barik ere

Baina dekretuak ez du D ereduan gaztelania sartzeko aukerarik ematen: "Irakasgai guztiak –gaztelania izan ezik– oinarriz euskaraz landuko dira".

Beraz, hizkuntzen tratamenduari dagokionez, Jaurlaritzak aurkeztu eta EH Bilduk babestutako Hezkuntza Legeak D eredua kaltetu besterik ez du egiten, 5. zuzenketa barik ere: "Bi hizkuntza ofizialak eta atzerriko hizkuntza bat, gutxienez, ikaskuntza-hizkuntzatzat hartuko baitira". Hau da, D ereduan gaztelania sartuko da (eta ingelesa; ondorioz, B eredura bidean).

Ikastetxe guztietan egindako azken ebaluazio diagnostikoa 2019koa da. Hauxe dio: "DBHn elebitasunaren helburua ez da lortu A publikoaren %96,3an, B publikoaren %83an, itunpeko Aren %82,6an, ezta itunpeko Bren %64,3an ere. Baina D ereduak ere ez du bermatzen elebitasunaren helburu hori lortzea, ez baita bete D publikoaren %49,1ean eta itunpeko Dren %57,8an".

Datu horiez jakitun, EH Bilduk euskara gutxiagoko irakaskuntza bultzatu zuen emaitza onenak ematen dituen D ereduaren kaltetan. Badirudi atzera egin, eta ez duela legea babestuko. Ondo, baina beranduegi: EAJ-PSEk bera barik onartuko dute legea, gutxi barru.