argia.eus
INPRIMATU
Sarraskiarekin kritiko diren israeldarrak
  • Israel eta judutarrak, denek pentsamendu bakarra balute bezala irudikatu dute maiz hedabide hegemonikoek, Israelgo Gobernuaren erabakiekin eta indar armatuak aurrera eramaten ari diren genozidioarekin bat egingo balute bezala. Baina israeldarren eta judutarren euren artean, ahots kritikoak eta protestak ikusten ari gara han-hemenka, munduan barna.

ARGIA @argia 2023ko azaroaren 21
Hamasek bahituriko 85 urteko Yocheved Lifschitz.

Hori bai, gobernuaren politika salatu edo are, kritikaren bat egiteko ausardia duenari, errelato hegemonikoa zalantzan jartzen duen orori gogor erantzuten diote Israelgo agintariek. Horren erakusgarri, Hamasek bahituriko 85 urteko Yocheved Lifschitz. Bahitu eta egun batzuetara askatu zuten, "arrazoi humanitarioak" argudiatuta. Lifschitzek esan zuen bahitzaileek ongi tratatu zutela eta hori ez zitzaien Israelgo agintariei gustatu. Hamasi propaganda egin izana salatu zuten eta emakume hori hedabideen aurrean jartzea akats gisa baloratu zuten. Israelgo hedabide nagusiek ere, bahituaren prentsaurrekoa kritikatu zuten.

Haaretz hedabide israeldarrak berriki plazaratutako editorialean, gogor kritikatu du gobernuan eskuin muturrak duen indarra, eta nabarmendu du Netanyahu ez dela soluzioa, arazoa baizik, urteotan Israel muturrekoago bilakatzeagatik, eta Israelgo gizartean adostasunik ez duten ideia eta balioak normalizatzeagatik.

Ildo berean, Palestinaren okupazioa gaitzesten duten Israelgo militar ohiek, Breaking the Silence elkartean bildurik, irakurketa plazaratu dute egunotan, Israelen “sarraski ikaragarria eta kriminala” gaitzetsiz. “Ezer txarrik egin ez duen herri bat erasotzen jarraitzen badugu, gure lorpen bakarra izango da biolentziaren eta odol isuriaren zikloa behin betikotzea”.