argia.eus
INPRIMATU
Heba Abu Nada eta Heba Zaqout
Azken lumak erresistentziari
  • Hilabete bakarrean, errukirik gabe, 10.000 pertsona baino gehiago hiltzeko gai den armada sionistari bost axola zaio bere misilek nor harrapatzen duten azpian. Urriaren 20ko bonbardaketek Heba Abu Nada poetaren bizitza akabatu zuten: 32 urte zituen, eta etorkizun oparoa ikusten zioten literatura arabiarrean. Astebete lehenago, urriaren 13an, Heba Zaqout marrazkilari eta ilustratzailea hil zuen Israelek.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko azaroaren 22a
Heba Abu Nada idazlea ezkerrean, eta Heba Zapout artista eskuinean.
Heba Abu Nada idazlea ezkerrean, eta Heba Zapout artista eskuinean.

Heba Abu Nadak salbu jarri zituen bere azken olerkietako batzuk urriaren 8an, Israelek “gerra” planteatu zuenean. Erregimen sionista, arrazista eta genozidaren sarraski-planak suntsitu ezingo lituzkeen lekura, sare sozialetako bere jarraitzaileen mugikorretara bidali zituen azken hitz literarioak: “Hiriko gaua iluna da misilen distira izan ezik, isila bonbardaketen soinua izan ezik, beldurgarria erreguaren lasaitasuna izan ezik, beltza martirien argia izan ezik. Gabon”. Egun gutxi batzuk beranduago, Palestinaren interneterako sare osoa indargabetu zuen Israelek.

Poeta gazteak sekula ez zuen esango Israelek erasoaldia urriaren 8an hasi zuenik. Familia errefuxiatu palestinar baten alaba da Heba Abu Nada. Duela 32 urte jaio zen Saudi Arabiako Meka hirian, eta gazte-gaztetatik palestinarra sentitu dela esana zuen. Biokimikan lizentziatu zen Gazako Unibertsitate Islamiarrean, nutrizioari buruzko master bat egin zuen eta unibertsitateko irakasle jardun. Literatur zale amorratua eta idazle fina, literatur arabiarrean promesa gisa ikusten zuten. Besteak beste 2017an, 26 urte zituela, Arabiako Sormena-ri emandako Sharjah saria eskuratu zuen al-Uksujīn laysa lil-mawtā (Oxigenoa ez da hildakoentzat) eleberriagatik.

Urriaren 20ko gauean, Khan Yunis hiria errukirik gabe bonbardatu zuen armada sionistak. Ehunka palestinar hil ziren erasoaldietan; tartean, Heba Abu Nada.

Palestinaren askatasuna eta feminismoa
Heba Abu Nada poetaren antzera, Palestina nazioartean aitortzeko aldarrikatzen zuen Heba Zaqout artistak ere, eta aktibista feminista esanguratsuak ziren biak. 

Zaqout artista akriliko ezaguna izan da Palestinan. 1984an jaio zen Gazan, Al-Aqsa Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultatean graduatu zen, eskola publikoan irakasle zebilen, eta artearen kontuetan, Palestinaz harago, nazioarteko hainbat erakusketatan hartu izan zuen parte. Nazio-identitateak, bakeak eta emakumearen subiranotasunak bere koadroen zentralitatea hartu izan dute sarri.

Zaqouten artelan bat.