argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Ber-/ bir-, des-
Ula Iruretagoiena 2023ko azaroaren 14a

Urrian eta azaroan zehar arkitekturari buruzko erakusketa, hitzaldi, bisitak eta lantegiak burutu dira, Euskadiko Nazioarteko Arkitekturako Bienalaren baitan. Zenbateraino iritsi da egitaraua, arkitektoa ez den publikora? Jakin nahiko nuke hau irakurtzen ari zaretenen artean zenbatek erantzun dezakeen Arkitekturako Bienalaren berri izan duela eta zenbatek konta dezakeen ekitaldiren batean egon dela. 2023koa 4. edizioa da eta arkitektura kalera ateratzeko asmoarekin jarri da martxan. Baliteke Donostia edo Bilboko paseoan pabiloi-eraikuntza deigarri batzuk topatu izana, eta bertara eraman dira, literalki kalera, programazioaren ekintza asko. Aurrez informatzerik ez bada, aurrez topatzeko aukeran apustua eginaz.

Bienalaren aurtengo edizioaren leloak dio, berreraiki, berpiztu, berrasmatu. BER-/BIR- atzizkiak arkitekturaren oraina azpimarratu nahi du: berriz egin, orain artekoari atzera eta aurrerako mugimendua eragin. Bienal baten helburua “non garen” hausnartzeko lekua da, garai historikoak eskaintzen dituen begirada “aurreratuenekin” oraina kontrastatzeko abagunea. Eta egitekoa askotarikoa eta oparoa omen da: birpentsatu behar da espazioak nola erantzun ahal dion zahartzen ari den gizarteari, hormigoia ahazteko garaiari egur eta material birziklatuen eraikuntzak ordezkatu beharko dio, emakume erreferenteen sorrera eta berreskurapenak egiteko moduak birkokatu beharko ditu, hiriak itzal/freskaleku, energia aurrezpen eta nondik jango dugun galderei ekin beharko dio, horrekin batera landa-gunearen eta baserritarraren papera eguneratuz, arkitekturaren irakaskuntzak erronka berrietarako ikas-pedagogiak erradikalizatu beharko ditu, eta etxebizitzak domestikotasun garaikideari erantzuten ikasi beharko du. Seguruenik, berregiten hasi aurretik ulermen zurrun asko desegin beharko dira: arkitektura bera bakarrik ez dela eraldaketa bat mugitzeko gai izango eta ezinbestean beste jakintza esparruekin eta jendearekin lanean egin beharko duela.