argia.eus
INPRIMATU
Lehia eta markoa
Iker Iraola Arretxe @iraola_ 2023ko azaroaren 15a

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako panorama politikoan, hurrengo urtean egingo diren legebiltzarrerako hauteskundeen itzala geroz eta gehiago nabari da. Bozketa horietan, azken garaietan ez bezala, lehia aurreikus daiteke; edo, hobe esanda, EAJk aurkari indartsu bat izango du parean, EH Bildu, hain zuzen.

Koalizio independentistak 2012an, orain dela hamaika urte jada, jeltzaleei planteatu nahi izan zien aurrez aurreko elektorala. Testuingurua eta alderdi bakoitzak zekarren joera oso desberdinak izan ziren orduan (Bildu zetorren Gipuzkoan aldundia irabaztetik eta Espainiako hauteskundeetan Amaiurrekin sabaia ukitzetik), baina EAJk aise irabazi zituen hauteskunde autonomiko haiek. Oro har, handik aurrera, Podemosen sarrera tarteko, jeltzaleek nagusitasuna mantendu dute botere instituzionalari dagokionean, Gasteizko Legebiltzarrean nahiz EAEko beste erakunde askotan, Alderdi Sozialistarekin batera kasurik gehienetan.

Baina maiatzean egin ziren Espainiako hauteskundeen emaitzen ostean, EAEko egoera politikoari buruzko pertzepzioetan aldaketa zantzuak soma daitezke, nire ustez; eta nagusiki EAJri buruzko ikuspegiei dagokienean. Jeltzaleak, aspaldiko partez, ez ziren garaile moduan agertu gizartearen aurrean. Hurrengo bozketa autonomikoetan bi alderdi nagusien arteko lehia garrantzitsua izango da, EAE alderdi biko sistemarantz, ñabardura askorekin oraindik, are gehiago gerturatuko litzateke. Aurrez aurreko horretan PSEk izan dezakeen pisua eta papera ere kontuan hartzekoa izango da, Madrilgo haizeen arabera aldatuko dena.

Dagoeneko ohitu garen arren, benetan berritasuna da Hego Euskal Herriko politikaren ikuspegitik EAJ eta EH Bildu Madrilgo eszenatokian haien artean lehiatzea

EAJren eta EH Bilduren arteko balizko lehia horretan gizarte gaiak nabarmenduko direla dirudi: batetik, arlo horiei buruzko ezinegona (Osakidetzaren nahiz langile publikoen egoera, adibidez) adierazgarria delako, inkestek edota mobilizazioek erakusten duten bezala; eta bestetik, alderdi bakoitzak zein sektoretara zabaldu nahi duen kontuan hartzen badugu (alderdien arteko disputa nagusia ez dirudi boto abertzalea erakartzeko izango denik). Hortaz, nazio auzia, norgehiagoka horretan, ez da lehentasuna izango, ziurrenik, ez bada gai zehatzei lotuta (Hezkuntza Legea, kasu).

Paradoxikoki, jeltzaleen eta koalizio subiranistaren arteko lehia gertatzen ari da Espainiako politikak Hego Euskal Herrian geroz eta zentraltasun handiagoa eskuratzearekin batera. Hedabideen agendan, baina baita, neurri batean, alderdi abertzaleen beraien jardunean ere, Madrilgo politikak leku handia betetzen du. Zentzu horretan, dagoeneko ohitu garen arren, benetan berritasuna da Hego Euskal Herriko politikaren ikuspegitik EAJ eta EH Bildu Madrilgo eszenatokian haien artean lehiatzea.

Gurea bezalako estatu propiorik gabeko herri batean, bertako eztabaida nagusitzea, bertako markoa finkatu eta erreproduzitzea, funtsezkoa da. Madrilgo politikaren egoerak hartuko duen norabidearen arabera, eta Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeak gerturatuz joan ahala, ziurrenik fokua Euskal Herrirantz gerturatzen joango da, mendebaldeko hiru herrialdeetan gutxienez. Bide horretan, alderdiei loturiko jardun politikoarekin batera, instituzioez haragoko politikaren jarduna ere azpimarratu behar dela uste dut, eztabaidak eta borrokak Euskal Herri mailan, euskal nazio markoa elikatuz, garatu daitezen egiten duten ekarpena funtsezkoa baita. Mugimendu sozialen indarra bide honetan berebizikoa izango da, eta arestian hizpide izan dugun lehian nola eragingo duten ikusteke dago.