argia.eus
INPRIMATU
Erresistentzia
Eva Perez-Pons Andrade @Eva__96 2023ko azaroaren 15

Herri mugimenduen barna eta ekintza politikoan, gure hiztegiaren parte egin dugu erresistentzia kontzeptua. Erresistentzia egiten diogu patriarkatuari, kapitalismoari, kolonialismoari, inperialismoari eta abar luze bati. Hitzean sakonduz gero, pertsona, talde edo mugimendu bakoitzak bere definizio propioa duela ikus daiteke.

Oro har, esango nuke erresistentzia asko lotzen dela eustearekin edo aguantatzearekin. Erresistentzia pasiboaren eta aktiboaren arteko bereizketa egin izan dugu noizbait, lehenengoari bigarrenari baino kategoria “bakezaleagoa” ezarri nahian. Formak alde batera utzita, erresistentzia eta pasibotasuna antonimoak direla esatera ausartuko nintzateke; erresistentzia baldin badago, kontra egite bat dago, eta hori ekintza bat da, taldean aurrera eramanez gero, ondo koordinatu beharrekoa. Horrez gain, erresistentziak inplizituki dakar eraikuntza. Sistema hegemoniko bati aurre egin diogulako, hau da, horren kontra zerbait eraiki dugulako, dator normalean hegemoniatik biolentoa den erantzun bat, hegemoniak bere normaltasunaren baitan eragiten duen biolentzia sistematikotik bereizten dena zigor forman. Biolentzia horri eusten diogu akaso.