argia.eus
INPRIMATU
Bat, txikia eta librea
Beñat Muguruza Aseginolaza @Benatmug 2023ko azaroaren 15

Carme Junyent hizkuntzalari katalana hil zen pasa den irailean. Hizkuntza-politikari buruz esaten zituenak arretaz segitu ditugu hemen, haren proposamen batzuk noizbait gurean aplikatzera ausartuko ginelako itxaropenez-edo, beharbada. Aho-bizarrik gabe jarduten zuen. Aldizkari honetan adibide mordoa jaso da: hiru aldiz elkarrizketatu du ARGIAk azken hamar urteotan. Azkenekorako, 2020an, LARRUN monografikoa eskaini zioten, oso-osorik.

Ez da bidezkoa haren obra oparoa liburu bakarrera ekartzea, baina 2021ean Junyentek apailatutako lan bati buruz hitz egin nahi dut hemen: Som dones, som lingüistes, som moltes i diem prou. Elkartu zituen 70 hizkuntzalari katalan-hiztun, emakumezkoak, eta hizkera inklusiboarekiko jarrera kritikoa azaltzen zutenak. Katalana gainetik baino ez dut ezagutzen: gaztetan ikastaro bat fakultatean, procésari esker egindako intentsiboa, ondoren… Ez dakit hizkera inklusiboarekin zer mugimendu dagoen hiztun-komunitate horretan, eta kosta egiten zait hain itogarria dela irudikatzea, 70 emakumezko hizkuntzalari katalan-hiztun horri buruz idazten jartzeraino. Eta ez edonola: prou diote, aski.

Susmoa dut euskaltzale askok ez luketela Junyenten halako ikuspegirik aditu nahiko euskaraz. Izan ere, euskara omen da gure territorio libre bakarra

Harriduraz bizi dut, kostatzen zaidalako irudikatzea emakumezko 70 autore euskaldun hizkera inklusiboa ezbaian jarriz. Baina inbidia puntu batez ere bizi dut, zer nahi duzue esatea, liburuko sarrera irakurri hutsarekin, Junyentek berak idatzia. Nik neuk ez dut gaia horrela bizi, baina nahi nituzke ikuspuntu horiek ere euskaraz irakurri, euskaldunek idatzita. Tamaina kontua ere izango da, beste gauza asko bezala. Gu milioi bat eskas gara, haiek hamar bat milioi. Baina hainbeste axola al du tamainak?

Susmoa dut euskaltzale askok ez luketela halako ikuspegirik aditu nahiko euskaraz. Izan ere, euskara omen da gure territorio libre bakarra. Bat, txikia eta librea. Bestela esanda, fatxarik ez duen hizketa garbia. “Fatxa” hori izugarri modu zabalean ulertuta, noski. Tamalez, edo ez, euskararen hedapenerako muga izan litekeen horixe, agian, euskarak bizirauteko indargune ere bada, gotortzeko bide. Gutxi batzuentzat asoziazio horrek egin dezake euskara erakargarri, batzuek balio jakin batzuekin lotzen duten neurrian, nahiz beste askorentzat kode hori deserosoa edo arrotza izango den.

ARGIAk liburu koral horri buruz elkarrizketatu ahal izan aurretik utzi gaitu Junyentek, eta konformatu beharko dugu orain artekoekin, eta baita han-hemen utzi dizkigun gainerako argitalpen guztiekin ere. Ez da gutxi.