argia.eus
INPRIMATU
Basoa, gaztetasuna eta askatasuna
Xalba Ramirez @xalbaram 2023ko azaroaren 17a

Bas(h)oan II
Bas(h)oan
Elkar, 2023

-----------------------------------------------

Gutxik ezagutuko dute Robbie Basho gurean. Estatubatuar gitarjoleak, asiar doinuak bere egin eta Matsuo Basho poeta japoniarraren abizena hartu zuen. Poeta haren aipuak jaso zituen Joxean Artzek ere, munduko erlijioak ikertzen zituela.
Artzeren kide izan zen Beñat Achiary, eta, beste bide batetik, duela sei urte, Joseba Irazoki gitarjoleak proposatu zion Robbie Bashoaren omenezko disko bat egitea. Aurten, berriz ere elkartu, eta konposizio propioetatik abiatuta, disko askoz ere borobilagoa osatu dute.

Eta zer egin duten? Munduan eta garaietan zehar bidaia izugarria. Kanta luzeak –batzuk besteak baino exijienteagoak–, unibertso bat osatu baino, konstelazio bat dira: bakoitzarentzat itsasargi gisa erabiltzeko modukoa. Baina ez da mapa bat, libreegia delako.

Post rocka, post folka, jazza, tradizioa… zer da hau? Baina tira, zer ari naiz galdetzen! Achiary aita semeak –Julen da baterian–, Joseba Irazoki, eta orain batu zaien Oihan Oliarj-Ines baxujole xiberutarra –bai, joan den hamarkadako euskal disko garrantzitsuenetakoa den Oihaneko Zühainetan-en egilea–. Ametsetako ekipo askea, nola sartu ildo bakarrean!
Munduko abangoardiekin konektatuta egon zen euskal abangoardia 1970eko hamarkadan, baina denborarekin gure lekua galtzen joan gara. Alberto Lizarralde musikariak esaten du gure begirada faltagatik izan dela, pentsatzen genuelako euskarazkoa soilik euskaldunontzako zela.

Eta ez. Ez balego euskarafobiarik gurean, Bas(h)oan taldeak Kursaala bateko luke, eta Bartzelonan ez dakit zer sala, eta Parisen antzoki hau, eta New Yorken bestea. Munduari konektatuta egoteko lan harrigarria delako Bas(h)oan II hau. Eta ez bakarrik hiri kosmopolitan. Tradizioa ulertzen duen munduko kultura guztiek ulertzeko moduko hizkuntzaren jabe baita lan hau.

Ez dakit justizia kontua den. Baina bidegabea iruditzen zait musikari hauen errekonozimendu falta… 75 urte ditu Achiaryk, eta egungo euskal eszenako edozein gaztek baino freskotasun handiagoa erakusten du lan honetan. Gazte eta aske mantendu dezagun gure garaiko ahots biziena. Basoaren hatsek askoz gehiago esaten digutelako iraganaz, eta etorkizunaz.