“Oso interesgarria da heteroekin aliantzak egitea, denok patriarkatuaren presioa sufritzen dugulako”

  • Iruñerrian genero disidentziaz hitz eginez gero, goiz ala berandu, Gomi-ren izena agertzen da. EHGAMeko militante sutsua, musikaria, fanzineroa, aktibista polimorfiko eta besarkada emailerik onena. Orain kementsu ari da ikasten LGTBI kolektiboko hirugarren adineko jendeari zerbitzu berriak emateko asmoz.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Oskar Sada Muruzabal. Iruñea, 1971

Jende askok Gomi bezala ezagutzen du Oskar Sada, Txantreako Zazpi denda txikian urteak daramazkielako gominolak, ogia eta antzekoak saltzen. EHGAM Nafarroa taldeko kidea da 16 urte zituenetik. Auzotegi kultur gune komunitarioko ikasle eta bultzatzailea, Koiuntura eta FlakUtt musika taldeetako kidea, txalaparta jotzailea eta pentsamendu politikoa jorratzen zuen Disidenteak Betiko´zine eta haur eta gaztetxoentzako Pulunpetto eta Xomorro fanzineetako sortzailea izan da. Orain Gizarte Hezkuntza karrera amaitzen ari da UNEDen LGTBI kolektiboko pertsona adinduentzako zaintza modu berriak antolatzeko helburuarekin.

Zer dela eta ari zara orain Gizarte Hezkuntza ikasten?
Beti egon naiz, modu batean edo bestean, zaintza ekimen komunitarioetan murgilduta, beste mundu bat posible dela sinistuta. Orain, neure buruarekin bakean nagoela eta gauza pila gainditu ondoren, une egokia topatu dut ikasteko, gai horiei modu profesionalean ekiteko asmoz. Karrera amaitzear nago eta nire asmoa da LGTBI kolektiboko hirugarren adineko jendeari laguntza emanez lan egitea.

Nolako laguntza?
Bada oso egoera zailean dauden pertsona asko. Gehienek Arriskugarritasun edota Alfer eta Gaizkileen legeek ezarritako zigorrak ezagutu zituzten gazte garaian eta lan aukerak ere oso murritzak izan dituzte beti. Trans eta trabestien kolektiboan adibidez, bizirik irauteko askok prostituzioan aritu behar izan dute, legez kanpo erabat, eta orain adinduak direnean ez dute pentsiorik kobratzen. 400 euroko laguntza soziala baino ez dute jasotzen eta beren bizitzak erabat prekarioak dira. Madrilen Abenduak 26 izeneko elkarteak LGTBI jendearentzako harrera etxeak zabaldu ditu, kolektiboan etxerik gabeko pertsona asko dagoelako.

Euskal Herrian halako etxeak zabaltzea ez litzateke izanen horren premiazkoa jende asko sexiliatu delako, HIESAren ondorioz asko hil direlako edo armairuan ezkutatu direlako. Hemen formakuntzaren bidetik ikusten dut nik laguntzeko bide egokiena: formakuntza eman nahi nieke hirugarren adineko pertsonekin lan egiten dutenei eta baita zerbitzu horien erabiltzaileei ere, ikus dezaten jende guztia ez dela zis-hetero normatiboa. Nire asmoa da ekarpen bat egitea pertsona horiek beren bizitza gara dezaten duintasunez, ahal den homofobia, lesbofobia eta transfobia gutxieneko ingurune aske batean.

Mundu ikusezin bat gizartearen zati handienarentzat?
Bai, hala da. Marika eta militante gisa gauza asko sumatzen nituen, baina orain hori dena ikerketen bidez eta datuekin egiaztatuta dagoela ikusten ari naiz, eta gauza harrigarri asko ikusten dira.

Adibide bat: zu Kolonbiatik ihesean zatoz genero disidentea zarelako. Iristen zara hona eta sartzen zaituzte pisu batean non Kolonbiako jende gehiago dagoen. Haiek beren betiko ikuspegi bera dutenez, zuk jarraituko duzu pairatzen egoera bortitz hori. Infernu batetik bestera pasako zara. Hori ez da zilegi.

"Tamalez, gay kolektiboetan ere misoginia zantzuak ikusi ditugu eta horien kontra borrokatu gara, gure pribilegioetatik aldendu nahian”

Nola hasi zinen militatzen EHGAMen?
16 urterekin hasi nintzen EHGAMen. Aldi berean, Auzotegi bezalako hainbat herri mugimendutan hasi nintzen parte hartzen Txantrean. Gabezia asko zegoela ikusten nuen eta nik bezala beste mundu bat posible zela aldarrikatzen zuen jendearekin elkartzen hasi nintzen. Biziki flipatzen zuten nirekin, marika militantea izanda, baina zaintzen ninduten eta denboraren poderioz jabetu naiz kolektibo horietan aritzeagatik zainduta eta babestuta egon naizela beti auzoan.

Genero disidente bezala aurrera ateratzeko gelditzen zaizun bide bakarra ahalduntzea da eta nik hori lortu nuen EHGAMi esker.

Oso lan ezkutua egiten genuen, baina oso garrantzitsua. 1984an hasi zen HIESAren kontua. Auzoan, beste toki guztietan bezala, oso estigmatizatuta egon zen, eta inguruko jende pila hil zen heroina kontsumoarengatik eta xiringak partekatzeagatik. Guk apenas genuen marika erreferenterik, eta genituen gutxi horiek, beren buruaz beste egiten zuten edo munstroak ziren. Nerabezaroan egoera hori bizitzea oso gogorra izan zen. Urte latz haietan geure burua zaintzen ikasi genuen komunitatean. EHGAM nire unibertsitatea izan zen. Niri kolektibitateak bizia eman dit.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Gaur egun nola dago elkartea?
Baditugu hainbat errealitate. EAEn prozesu bat izan da, KOSA izenekoa (Koronabirus Osteko Sexu Askapena). Berpizte bat izan da eta belaunaldi aldaketa ere bai, EAEn jende helduagoa zegoelako hemen baino. Hemen Nafarroan, 2000. urtean EHGAM Nafarroan Kattalingorri Elkartea sortzea erabaki genuen beste subjektibitate batzuekin ere bat eginez (transak, bollerak…). EHGAMeko militanteak hamaika borrokatan ibili gara bai karriketan, bai instituzioetan, modu autonomoan, sexu askapenaren alde eta beti nazio ikuspegiarekin. Orain, 23 urte igarota, zerbitzu ofizial bat dugu Nafarroa Garaian, Kattalingune, Kattalingorrik orain dela guti arte kudeatutakoa. Autogestioan funtzionatzen zuen zerbitzu hori erakundeek beren esku hartu zuten gobernu aldaketaren garaian. Kattalingunek Nafarroa osoari ematen dio zerbitzua eta gauza bera egiten du Iruñean Harrotu Udal Zerbitzuak. EHGAM, oro har, indartsu dago eta gauza oso politak egiten ari gara.

Aurrekontu mozketak izan dira berriki...
Ez dugu ulertu zer gertatu den hor. Baditugu gure susmoak. Trans legearekin ematen du PSOE kikildu zela hasieran, nahiz eta gero aurrera atera zuen, eta badirudi hemen ere halako zerbait gertatu zela.

Orain, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren barrenean aldaketak izan dira berriro eta espero dugu Kattalingunek zeukan autonomia eta aurrekontuak berreskuratuko dituela. Azkenaldi honetan jende gutxiago aritu da lanean eta Tutera, Tafalla eta mendi aldeko eskualdeak zerbitzurik gabe gelditu dira. Oso beharrezkoa da zerbitzua toki guztietara iristea. Ikusten ari gara gorroto mezuak gero eta gehiago direla, eta argi dago hezkuntzan lan handia dagoela egiteko.

Nola dago kuir ahalduntze mugimendua Nafarroako landa eremuan?
Estatuko beste toki askotan bezala, oso mugimendu interesgarriak daude Nafarroa Garaian: Erriberan Somosmarte taldea dago Murchanten, Tuteran Kukuluak, Tafallan eta erdialdean Laiak, Lekunberri-Leitzan Hormak, Baztanen Harro Baztan, Antsoainen Harro… eta beste herri batzuetan batzordeak sortzen ari dira homofobia erasoak gertatzen direnean, herritar askoren sostenguarekin. Gaur egun harreman eta ikusgarritasun handiagoa dago sare sozialei esker. Lehen isolamendu izugarria zegoen.

Gazteek beste modu batez bizi dute genero disidentzia?
Oso interesgarria da ikustea nola bizitzen ari diren hau haien ahalduntzetik. Gauza batzuek berdin jarraitzen dute. Heteroaraua oso egiturazkoa denez, 30 urtean panorama ez da horrenbeste aldatu. Ahalduntze ariketa horri oso erantzun bortitza ematen ari zaio zenbait sektoretatik, feminismoarekin gertatzen ari den bezala.

Mundu mailan bada oso ongi diseinatutako korronte atzerakoi bat eta, kasu askotan, herrien politikagintzan izugarrizko indarra du. Diskurtso ebanjelistak, Trumpistak… esate baterako, pisu handia dute Ipar Amerikan eta Hego Amerikan. Kolonbiako negoziazioetan, adibidez, desadostasun puntu garrantzitsu bat izan omen zen FARCek LGTBI eskubideetan ere pauso bat aurrera eman nahi zuela, baina mugimendu ebanjelistak ez zuen ezer jakin nahi izan horretaz. Oso diskurtso fundamentalistak dira.

Eta mundu islamiarrean gertatzen dena nola ikusten duzu?
Hor ikasi behar dugu dena ezin dela berdin irakurri gure mendebaldezentrismotik. Esan nahi dut, kolonizaziotik sortu dira herri horien pobrezia eta egoera tamalgarria, eta horretaz baliatzen dira erlijioak indarra hartzeko. Afganistan edo Libanon ikus daiteke zer atzerakada izan den giza eskubideetan azken urteotan. Garbi dut fundamentalismo erlijioso guztiek gure eskubideen kontra egiten dutela. Aitzitik, gogoratu nola 2017an sortu zen TQILA kuir gerrilla. kuir pertsonez osatutako taldea. Kurduen alde borrokatzera joan zen Estatu Islamiarraren aurka. Erantzunak egon dira. Galdetu beharko genioke geure buruari zergatik erlijioek hartzen duten hainbesteko pisua toki horietan.

"Guk ez genuen marika erreferenterik apenas, eta genituen gutxi horiek, bere buruaz beste egiten zutenak edo munstro batzuk ziren. Nerabezaroan egoera hori bizitzea oso gogorra izan zen"

GTBI kolektiboan ere gizon homosexualek beste disidenteek baino ikusgarritasun handiagoa dute?
Hor gauza batzuk gurutzatzen dira. Lehena da askok ideia dutela emakumeak ezin direla sexualki aktiboak izan. Zer eginen dute bi emakumek gizon zakildunik gabe? Gizon baten sarketarik gabe, nola da posible sexu harremana? Honekin batera, argi dago lesbianen harremanak ezkutuan mantendu izan direla kasu askotan. Honek balio izan du erasoetatik babesteko, nolabait, baina aldi berean erreferenterik sortu ez izana ekarri du. Bestalde, marikak izan gaitezke begiratuak eta heziak gizon bezala, eta horrek badakar gizartean toki ikusgarriagoa izatea, alor gehienetan gertatzen den bezala. Tamalez, gay kolektiboetan ere misoginia zantzuak ikusi ditugu eta horien kontra borrokatu gara, gure pribilegioetatik aldendu nahian.

Marisolasak bazterrean jardunaldi interesgarriak egin berri dituzue urrian. Zer moduz joan ziren?
Arrakasta ederra izan zuten. Aurten transfeminismoaren ikuspegitik bideratu ditugu gogoetak eta trans jendearekiko elkartasun adierazpen bat egin nahi izan dugu. Garai batean Iruñeko Nafarroako Gorteen kalean jartzen ziren transexualak eta trabestiak gure amatxo politikoak direla azaldu nahi izan dugu. Prostituzioan aritzen direnen eskubideak aldarrikatzen ditugu. Honetaz mintzatzeko, adibidez, Juana María Rodríguez egon zen, 1990eko hamarkadan EHGAM Nafarroan egondakoa eta berriki Puta life: Seeing Latinas, Working Sex liburua plazaratu duena. Gracia Trujillo, Manuela Trasovares eta Itziar Ziga aktibistak ere izan genituen, eta Mariokerrak, Nola esan/izan bollera euskaraz liburuaren aurkezpena ere egin genuen euskaraz June Fernandez, Ana Jaka eta Amaia Alvarezekin Laban kafetegian. Oso hitzaldi indartsuak izan ziren eta dena ikusgai dago interneten.

Azaroan Xoka jardunaldiak egin behar dituzue berriro Laban. Zertaz?
Euskal kuir komunitatea ez da oso handia, bereziki Nafarroa Garaian, eta oso atomizatua dago. Horregatik euskararen erabileraz hitz egin nahi dugu. Lan batzuk egin izan dira geure burua eta gure praktikak euskaraz izendatzeko. Aitor Aranak, adibidez, bere garaian gay hiztegia egin zuen eta orain berriki Mariokerrak mugimendua sortu da. Guk, modu sinbolikoan xoka hizkera berria proposatu nahi dugu, ez toka ez noka.

Azaroan zehar bi mahai antolatu ditugu Laban: bata Diskuntza, disidentzia eta hizkuntza, Ana Jaka eta Gatx Eizagirrerekin; eta bestea, Kuir ikuspegia euskal eszena garaikidean, Aner Peritz, Jüje Idiart Thiry eta Eneko Garcia, Albina Stardust drag-arekin. Orain lan asko egiten ari gara Labarekin, gu ere euskaldunak garelako eta euskal mundua ere marika, bolleroa edo kuir delako. Espazio desberdinak kuirtu nahi ditugu.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Orain sozialki erakargarria da LGTBI izatea?
Egia da badela irekiera momentu bat eta euskal komunitatean oso adierazpen interesgarriak badirela, eta bazen garaia. Hala ere, nik uste dut lasaiagoa dela zis pertsona baten bizimodua. Glamourrak puntxa emango dizu momentu batean, baina egunerokotasunean zailagoa da dena.

Jendartearen zati handi batek begirada zentratua du bere heterozentrismoan. Noraino onartuko dute gure sorkuntza lana, adibidez? Esate baterako, iaz Maruxak izan ziren txosnetan eta egoera bortitz batzuk sortu ziren. Argi dago ikusleen artean ez daudela soilik gure lagunak... Publikoaren erantzuna izan zen erasoak arbuiatzea.

Euskal komunitatean beti egon da kuir mugimendua. Orain, zorionez, hori dena azalera ateratzen ari da. 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi ondoren Saioa Alkaizak kantatu zuen bertsoa mugarri bat izan zen: “Musu handi bat iraultza den gorputzera/ ez-bitarra, -a, transa, marika eta bollera/ mundua ederragoa da hurbilduz bazterrera". Katakunbetatik ateratzen ari gara eta hori oso ona da.

Sexu-genero disidenteak diren institutuetako gaztetxoak beren lagunekin, beren koadrilarekin, ekainaren 28ko mobilizazioetara joaten ikusten ditudanean, oso gauza ederra iruditzen zait. Aldarrikapena ez da soilik LGTBI kolektiboko kideen kontua. Hetero izanda mezu hauekin bat egiten baduzu, bizitzeko beste modu batzuk, beste kode batzuk badirela ikusi eta onartu egiten duzula erakusten duzu. Gure kodeak ari dira azaleratzen eta iragazkortasun handiagoa dago.

Bestalde, aragoiera ikasi duzu. Eta hori?
San Martin Unx herrikoa da ama eta aita Oibarrekoa. Ni herri Ikastolara joan nintzen txikitan. Disidentzian egon naiz betidanik. Arrarunoa izan naiz beti gauza batengatik edo bestearengatik, eta aragoieraz hitz egiten duten horietako hainbatek arrarunotzat jotzen du bere burua. Aragoiera eta Nafarroan hitz egiten den gaztelaniaren arteko harremana bada eta guk etxean erabiltzen ditugun hainbat hitz aragoieraz berdin-berdinak dira. Hortik piztu zitzaidan jakin-mina eta gero kultur mugimendu bat, musika taldeak eta hizkuntza ikasteko aragoitegiak bazirela aurkitu nuen. Zaragozako aragoitegi batean eman nuen izena eta internetez ikasi nuen. Iruñeko beste batekin elkartu eta hasi nintzen mintzakide moduko saio batzuk egiten. Zortzi pertsona egon gara talde honetan orain dela gutxira arte. Barnetegiak ere sortu genituen, hemendik bultzatuak eta euskararen ereduari jarraikiz. Haiek oso gutxi dira, 11.000 hiztun baino ez, eta oso egoera larrian daude, gu 1970eko hamarkadan geunden bezala. Hezkuntzan, soilik orduz kanpoko ikasgai gisa ematen da.                                                                                    

2018an Aragoiko Gobernuak titulua sortu zuen eta B2koa, mailarik gorena, lortu nuen. Orain nire lagunekin hitz egiten dut aragoieraz eta askotan bakarrik ere bai [irriz].

                                                                                    *          *          *

AZKEN HITZA

"Gizon eta emakumezko gehienentzat zis-heteroarauaren barruan bizitzea gogorra da, inor ez delako iristen eredu horrek eskatzen duen guztia betetzera. Presioa denentzat dago. Horregatik oso interesgarria da heteroekin aliantzak egitea, denok patriarkatuaren presioa sufritzen dugulako". 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGTB mugimendua
Bilboko Etxaniz Suhiltzailearen anbulatorioko sexu-transmisiozko infekzioen zentroa “gainezka” dagoela salatu dute

Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.


Euskara eta sexu-genero disidentziak uztartzeko zertzeladak

‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.


Nafarroan chemsex-ari erantzun koordinatu bat emateko baliabideen eta agenteen beharra mintzagai

Sare Elkarteak antolaturik chemsex fenomeno soziokulturalaren inguruan mintzatzeko jardunaldiak antolatu dituzte Iruñean.


Eraso matxistak eta LGTBI+fobikoak salatzeko telefonoak aurkeztu dituzte Gasteizko jaietarako

Eraso LGTBI+fobiko eta matxistak espazio publikoan ematen direla gehien adierazi dute mugimendu hauek urtero ateratzen dituzten txostenen arabera. Gasteizko Mugimendu Feministak eta Lumagorri elkarteak guztien plazera erdigunean jarriko duen jai eredu bat nahi dute, eta neurri... [+]


Zuriketa arrosa, indarkeria medikoa eta psikiatrikoa eta Palestinako genozidioa salatu ditu LGTBIAQ+ mugimenduak

Kaleak bete dituzte LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean. Salatu dute erakundeek aurpegia garbitzen dutela keinu sinbolikoekin. 


2024-06-19 | June Fernández
Irantzu Varela, komunikatzaile feminista
“Erreparazio zein mendeku ariketa bat da nire eleberria”

Lo que quede (euskaraz 'geratuko dena', Continta me tienes argitaletxea) liburuan bere senar ohiaren tratu txarrak eteteko prozesua harilkatu du eguneroko indarkeria matxisten kontakizunekin, eta bere bizitzako emakumeekin batera eraiki duen orainaldi gozagarriaren... [+]


Askatasunerako dantzalekua

Zaintzan oinarrituriko gau aisialdi “askeagoa” eta “seguruagoa” sortzeko asmoz sortu da Harrika kolektiboa. Bi urte daramatzate Gasteizen tekno besta kuir eta feministak egiten. Uztailaren 26tik 28ra Harrikada Festibala izanen da Izarran (Araba).


2024-06-07 | Uriola.eus
Bilbao Bizkaia Harro-k erakunde publikoetatik 400.000 euro jaso izana gaitzetsi du Ehgamek

Diru publikoa LGBTI+ kolektiboaren problematikak merkantilizatu eta administrazioaren “pinkwashing-a” egiteko soilik erabiltzea egotzi die erakundeei.


Alemaniako futbolari gay-ak zergatik ez dira azkenean ausartu armairutik ateratzera?

Alemaniako gizonezkoen futbol profesionalean ari diren hainbat futbolari armairutik ateratzekoak ziren maiatzaren 17an. Sekretuan eta kluben bizkar biltzen ari ziren jokalariak, baina espektatiba altuak ezerezean geratu dira, ez da inor armairutik atera. Futbol maskulinoaren... [+]


2024-05-17 | ARGIA
LGTBIfobiaren aurka egingo dute ostiral arratsaldez manifestazio ugaritan

LGTBIfobiaren aurkako eguna da maiatzaren 17an eta arratsaldez mobilizazio ugari izango dira Euskal Herrian barrena. Albistearen bukaeran ematen dizuegu horietako batzuen berri.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza onartu du Greziak

Berdinen arteko ezkontza legeztatzen duen lehenengo herrialde kristau ortodoxoa da.


Eguneraketa berriak daude