argia.eus
INPRIMATU
Rockak baditu hamaika hortz
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2023ko azaroaren 03a

Ahobetehortz
Kristonak
Elkar, 2022

--------------------------------------------------------

Askotan pentsatzen dugu guzti-guztia dagoela normalizatuta, kapitalismoak irentsita eta bere eginda. Hala, rockak zeukan arriskua ere ezerezean gelditu dela uste izan dugu ezinbestean. Arrazoiak ez dira falta, baina badira salbuespenak. Galdetu bestela Arratian Eskean Kristo sortu zuten gazteei. Rockaren topiko guztiekin jolasean, emanaldi indartsu eta sinesgarriak eskaintzeaz gain, amildegi ertzean ibili izan dira luzaroan.

Gerora, pandemia garaiko pausa luzean, beste burutazio askoren artean, taldearekin zerotik hastea antojatu zitzaien, eta Kristonak izenarekin bidea berrartu. Eta hara non, zeinek eta Elkar-ek egin du haien aldeko apustua, honako diskoa argitaratuta.

Eskean Kristo zenaren esentzia (ia) beteari eusten dioten fase berri honi hasiera eman dion lana Ahobetehortz da, zortzi piezaz osatutakoa, eta Euskal Herriko rockean letra larriak dituzten lau lagunek (Niko Etxart, Aiora Renteria, Jose Mari Bizardunak, Roberto Moso) eta espainiar batek (Olana Liss) hartu dute parte.

Lanari ezinbesteko hasiera ematen dio pandemiaren hautsnarketatik sortutako Bizirik gaude asmo aldarriak; 1970eko hamarkadako rockarekin, AC-DCrekin eta rockaren harropuzkeriarekin blaituta dator. Aldiz, hurrenkeran jarraitzen dion Boogie boogie da –bazen ordua!– Niko Etxart eta Pello Artaberen luzaroan esperotako bilkura; izan ere, arratiarrek Hapa Hapa-ren Minuette mesanotxean dutela eskua sutan jarriko nuke. Hauxe da mementua da, Moso lagun, gurera ekarritako 1970eko rocka, ia epikoa. Ontziak sutan, aldiz, balada (hard)rockeroa, hit!a bihurtu dena eta Aiorak aberasten duena. Gora Euskadi ataskatuta Bizardun batek puztutako garitoko blues-rocka. Eta estilo paletari tiraka, Akamusin funky ukituak dituen soul-rock pieza erditu dute, Olana Liss handiaren laguntzarekin.

Bidai luze horretatik bueltan rock-n-roll bizi eta distiratsua den Argizeriak argitzen dizu-rekin datoz haien esentzia ezagunenera; eta, azkenik, atseden hartzen dute Boilurra pieza akustiko sentituarekin.