Energia berriztagarriak planeta honek dituen mugak gainditu eta hondamendi klimatikotik ateratzeko formula direla errepikatzen digute agintariek. Bateko fotovoltaikoak, besteko hidrogeno “berdea”, makro-zentral eolikoak… Orain itsasoko haize errotak omen dira prometeismo horren azken karta. Gure begiek apenas ikusiko dituzte ortzi-mugan, baina ur azalean zein azpian eragin ditzaketen kalte ekologikoak ikertzeke daude, eta inbertitzaileak ere ez dira seguru erraldoi horien kostuari buelta emango diotenik.
Urriaren 7an, arratsaldeko 20:37ean, Dogger Bank A proiektuaren lehenengo turbina biraka hasi eta munduko parke eoliko handiena izango dena martxan jarri zuten. Ipar Itsasoko izen bereko ur azpiko hondargune zabalean kokatua –Ingalaterrako kostaldetik 70 miliatara dago–, 3,6 GW argindar sortuko ditu amaitutakoan. Horretarako Haliade-X haize errotak erabiliko dituzte, 260 metroko garaiera eta 107 metroko palak dituzten mastondonteak, bakoitza 13 MW sortzeko kapaz dena. Halako 266 jarriko dituzte itsasoaren erdian, offshore, ingelesezko jargoian esaten den moduan.
Rishi Sunak lehen ministro britainiarra pozik zen: “Net zero bidean mantenduko gaitu”, zioen, karbono neutraltasunaren snob hiztegi berriena behin eta berriz ahotan murtxikatzen zuen bitartean. Handik ia 1.500 kilometrora, Uribe Kostako labarretatik ez oso urrun, Armintza parean beste dorre bat inauguratu zuen egun batzuk lehenago Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak: DemoSHAT, itsas energia eolikoa ekoizteko lehen aire sorgailu flotatzailea.
Urkulluk ere ahotik behera erortzeko diskurtsoa egin zuen Bermeon. “B” planetarik ez dagoela, erreakzionatu behar dugula, berriztagarriak etxe ondoan nahi ez dituztenak egoista hutsak direla… “Zientziak eta teknologiak egungo beharrei erantzuna ematen diete etorkizun oparoa bermatu ahal izateko”, amaitu zuen esaten lehendakariak, ditxosozko DemoSHAT hori Prometeok jainkoei lapurtutako sua bailitzan aurkezten zuen bitartean.
Handiaren hezurrak bezala
Herritarrak hitz ponpoxoekin txoratu beharrean, hobe lukete bi agintariek eta haien aholkulariek egunkarietako albisteak irakurriko balituzte. Irailaren 28an, Reuters-eko energia arduradun Nina Chestneyk analisi iluna publikatu zuen agentziaren webgunean: Wind power industry drifts off course (“Energia eolikoa desbideratu egin da” itzul liteke euskaraz, baina off course eta offshore hitzen arteko jokoa bistakoa da). “Hornigaien atzerapenak, diseinuan dauden akatsak, eta kostu handiagoek, ekaitz perfektua sortu dute eta arriskuan jarri dituzte itsasoko eolikoen dozenaka proiektu”, dio analistak. Bere esanetan, Europar Batasunak oso zaila izango du berriztagarriekin zituen helburuak lortzea eta industria horretako multinazional nagusiek ere hala esan dute.
Baina kontua ez da soilik Ukrainako gerrak hornidura kateei eragin diela, edo Christine Lagardek interes tasak etengabe igo dituela orain arte inflazioarekin etsaituta. Arazoa teknologikoa ere bada.
Hamarkada bakoitzean aire sorgailuek tamaina bikoiztu egin dute, eta Altzoko Handiaren hezurrak baino gehiago ari dira kexatzen orain: “Fisikak berez zigortzen ditu turbina handienak. Pala handienak gehiago deformatuko dira, horrek estalki zurrunagoak eskatzen ditu, sare ebakitzaile eta material garestiagoak. Pisutsuagoak direnez, errotazio bakoitzean tentsio handiagoa sortzen da palan, zutoinean eta turbinaren estalkian”, azaldu dio energian aditu batek.
Siemens-Gamesaren desesperazioa
Chestneyk bere artikuluan gogorarazi du Siemens-Gamesa estutasun handiak pasatzen ari dela horren harira. Zamudioko Parke Teknologikoan egoitza duen multinazionala munduko liderra da itsasoko eolikoen ekoizpenean –Zamudioko eta Sarrigurengo bere lantokietan zientoka pertsona aritzen dira– eta irailean jakinarazi zuen lurreko haize errota batzuk egiteari utziko diola “momentuz”, akats larriak ematen ari direlako. Ez da berria. Antonio Turielek joan den maiatzean orriotan eskainitako elkarrizketan abisatu zigun 5 MWeko aire sorgailuak akatsak ematen ari zirela: “Desesperaturik daude”, zioen.
“Fisikak berez zigortzen ditu turbina handienak: pala handienak gehiago deformatuko dira, eta horrek estalki zurrunagoak eskatzen ditu. Pisutsuagoak direnez tentsio handiagoa sortzen da”
Zer edo zer jakingo du hainbeste jende iritzi eske hurbiltzen zaion adituak. The Oil Crash blogeko Castillos en el aire (“Mila dorre eta gaztelua egin”) artikuluan kasu konkretu horri buruz sakondu du: “Mamu batek ikaratzen ditu berriztagarriak duela hainbat astetatik hona, Siemens-Gamesa izenekoa”, dio Turielek. Dirudienez, multinazionalaren X-4 eta X-5 aire sorgailuak dira huts egin dutenak eta munduan instalatutako %15 eta %30 arteko potentzia eolikoari eragin diezaiokete.
Baina Turielen ustez arazoa sektore osoarena da eta horrela ere uler litezke eolikoen konpainia nagusiak izaten ari diren galera handiak: General Electricek 2.200 milioi euro, Vestasek 1.600 milioi... Siemens-Gamesa da txapelduna zerrenda horretan: aurten 4.500 milioi euro galtzea aurreikusten du. Bere sozio nagusia den Siemens Energy korrika joan da Alemaniako Gobernuari erreskatea eskatzera.
Euskal-alemaniar multinazionalak hortzak estutu besterik ezin du egin eta itsasoko eolikoetan jarri du diru guztia hogeita bira –Zamudion eta Sarrigurenen ingeniariak bereziki horretarako formatzeko zentroak irekiko omen ditu–. 2018tik enkargu oso handiak jaso ditu Ipar Itsasoko parke eolikoentzako haize errotak ekoizteko, gehienak itsas eolikoen munduko operatzaile handiena den Ørsted danimarkarraren eskutik.
Europako Kontu Auzitegiak errieta egin dio Europako Batzordeari, itsasoan haize errotak eta bestelakoak masiboki eraikitzeak “dilema ekologiko bat” ekarriko duelako. Auditoreek diote Europako berriztagarrien planak ez dituela kontuan hartzen ingurumen kalteak
Operatzaile handienak ere pot
Amesgaiztoa ez da amaitu haatik. Abuztuaren 29an Ørstedek prentsa oharra argitaratu zuen bere webgunean, esanez 16.000 milioi daniar koroako (2.000 milioi euro) zuloa zuela, AEBetako itsas eolikoen proiektuetan hornitzaileen atzerapenek eta botila-lepoek eraginda. Inbertitzaileek berehala jipoitu zuten eta %25eko balioa galdu zuen Kopenhageko burtsan.
Okerrena da Ørsteden arazoak ez direla soilik merkatuaren kapritxoek eragindakoak. Rebeldes.info atarian irakurri dugunez, itsasoko turbinek mantentze lan gaitzagoa dute: “Ingurugiro baldintza gogorragoak jasan behar dituzte, haize handiak, gazitasuna, korrosioa… Horrek guztiak beraien efizientzia eta iraupena mugatzen dute”.
Eta ziurgabetasuna sortzen duten arrazoi gehiago ere badaude, besteak beste sozio-ekologikoak. Hori ez dio egunkari digital xume batek soilik, erakunde komunitario ofizialek ere bai.
Europako Kontu Auzitegiaren belarrondokoa
Europako Kontu Auzitegiak errieta egin berri dio Europako Batzordeari, itsasoan haize errotak eta bestelakoak masiboki eraikitzeak “dilema ekologiko bat” ekarriko duelako. Auditoreek diote Europako berriztagarrien planak ez dituela kontuan hartzen eragingo dituen ingurumen kalteak.
Itsas-energiaren potentzia instalatua, 2030. urterako 16 GWetik 61 GWera pasatzeko helburua du Europako Batzordearen planak, horretarako itsasoaren %3 “besterik” ez lukete okupatuko offshore proiektuek. Baina Kontu Auzitegiaren txostenak zalantzan jartzen du datua: “Itsas espazio izugarri bat” beharko litzateke, ur azaleko eta ur azpiko ekosistemetan eragin askoz zabalagoa izan dezaketelako.
Hain justu, hori esateko, AZTI euskal zentro zientifikoko lantalde batek parte hartu duen Mapping potential environmental impacts of offshore renewable energy (“Itsasoko energia berriztagarriaren balizko ingurumen inpaktuaren mapeoa”) ikerlanean oinarritu da, Europako Ingurumen Agentziarentzat egina. Ikerlariek, kartografia tresnak erabilita, ondorioztatu dute uste baino erradio handiagoa dela kaltebera: elektromagnetismoak animalien migrazio patroiak aldatzen ditu; habitatak galtzen dira; haize errotak ezartzeko ateratzen den zaratak espezieak desplazatzen ditu; gai kutsagarriak askatzen dira…
Krimen perfektua hegaztientzat
Hori gutxi balitz, itsasoaren desjabetze masiboak halabeharrez dakar tokiko komunitateekin harremana gaiztotzea. Rebeldes.info-n Galiziako kasua jarri dute adibidetzat. Espainiako Gobernuak galiziar kostalde haizetsuetan erreserbatu ditu itsasoko eolikoentzako eremu zabalenak.
Urtero milioika hegaztik migratzen du Finisterren barrena lurra ukituta eta Federación Ecoloxista Galegak dio “krimen perfektua” ari direla prestatzen haientzat: “Ez da lekuko deserosorik egongo energia korporazio handientzat. Inongo elkartek ez du baliabiderik itsaso zabalean halako behaketarik egiteko. Hilotzik ere ez da izango, itsas korronteek azkar eramango dituztelako”.
Hainbestekoa da kezka, arrantzaleen kofradiak ere plataforma batean bildu eta moratoria eskatu dutela. Prestige-k belztutako lurraldean memoria bizi-bizirik dago oraindik.
Ipar garbia baino trumoi nahasia datorkie itsasoko eolikoei eta, batez ere, lantokietan aritzen diren milaka beharginei –Hego Euskal Herrian soilik 2.800 lagun–; agian horregatik bota die Europako Batzordeak flotagailua. Urriaren 24an eolikoen sektoreari 1.400 milioi euroko laguntza emango diola iragarri zuen Bruselak, beste hainbat neurriren artean. Nahikoa ote da hondamendia saihesteko?
Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.
Sustrai Erakuntza fundazioak desazkundeari buruzko jardunaldiak egin zituen Iruñean urriaren amaieran. Han eman zuen hitzaldia Luis González Reyesek (Madril, 1974). Adrián Almazánekin batera 2023an argitaratutako liburua izan zuen oinarri:... [+]
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.
Gobernuak aurkeztu... [+]
Arano eta Hernani inguruetan Repsol eta Endesa enpresek eraiki nahi dituzten makro-zentral eolikoen aurkako txosten kritiko mardula egin du Mikel Alvarez ekintzaile ekologista donostiarrak. Bere esanetan, "Euskal Herrian planteatzen den era horretako azpiegitura... [+]
Erramun Galparsoro eta Joxe Manuel Muñoz aranoarrak dira. 22 eta 30 urte daramatzate, hurrenez hurren, 440 metroko garaieratik itsasoari begira dagoen eta 114 biztanle dituen Nafarroako herri txiki hartan bizitzen. Inguruetan Repsolek eraiki nahi duen zentral eoliko... [+]
Code Rouge mugimenduko ekintzaileek hainbatetan salatu dutenez, irabazi geroz eta handiagoak lortzearren Total Energies enpresak ingurumena kutsatu eta lekuko komunitateak kaltetzen ditu. Horregatik blokeatu dute Belgikako Feluy hirian duen fabrika, eta protestak egin dituzte... [+]
Azkenaldian bestelako argumentuak landu dizkigute, Euskal Herriko inguruetan makroproiektuak beharrezkoak direla konbentzitu gaitezen. Erakusgarria iruditu zitzaidan honekiko, Bizkaiko EHNEren webgunean Jauzi Ekosoziala ekimeneko partaide bati argitaraturiko artikulua: "Por... [+]
Joan den irailaren 3an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuak Nafarroako Energia Planaren eguneraketa publiko jarri duela. Urrats garrantzitsua izan beharko luke horrek gure komunitatearen etorkizunerako, energiak zein beronen erabilerak gure... [+]
Nafarroako Energia Eraldatzen poligono berriztagarri handien aurkako koordinadorak trantsizio energetikoa birpentsatzeko hirugarren jardunaldien deialdia da. Topaketa horietan, energiaren arazoa eta gizarte egituraren desazkundearen beharrari buruz hausnartuko dute.
Dagoeneko ez dakit bero olatuek burmuina kolpatuta gauden, betiko hipokrisia den edo logika sistemiko hutsa den, baina dakigunaren, esaten dugunaren eta egiten dugunaren arteko arrakalak, kezkaz haratago, harridura ere sortzen dit, batez ere uda giroan. Albisteak, ikerketak,... [+]
Espainiako Sare Elektrikoak jakinarazi berri du ekaineko elektrizitate kontsumoa zein izan zen Espainiako Estatuan: 19.422 gigawat orduko. Hau da, 2004ko datuaren oso antzekoa: orduan 19.384 gigawat izan ziren.
Zigoitian 100 hektareako parke fotovoltaikoa eraiki nahi du Solariak, eta eskualdea gurutzatuko luke oso goi tentsioko linea batek ere. Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuiako bizilagunek herritarren 5.540 helegite aurkeztu dituzte ingurua “mehatxatzen duten proiektuak gelditzeko... [+]
Gaur egun, etengailu bat sakatzea keinu hutsala da. Gehiengoak ez daki energia-ekoizpenaren gibelean zer dagoen, energia-ekoizpen orok eragina baduelarik. Erregai fosiletan eta nuklearrean oinarritutako energia ereduaren hauskortasunari buru egiteko, energia herritarren... [+]
Babesturiko natur eremuetan egoteagatik, ingurumenean izan dezakeen inpaktuagatik eta hiri planeamenduarekin bat ez egiteagatik jarri dute alegazioa hiru udalek, besteak beste. Multinazional norvegiarrak eraiki nahi duen zentral eolikoak bost haize-errota handi aurreikusten ditu... [+]