argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Konponbideak
Uxue Apaolaza Larrea 2023ko urriaren 26a

Argentinako politikan interesa duen edozein ezkertiarrentzat, gau beldurgarria zen joan den igandekoa. Hauteskundeak egin zituzten. PASO esaten dieten primarioetan erein zen beldurra, ultraeskuina bere bertsio eroenean garaile atera zenez. Dardaraka bildu ginen bakoitza bere ordenagailuaren aurrean, tragedia beltzena gertatzen ez bazen (Mileik lehen itzulian irabaztea), tragedia gertatzen ez bazen (bigarren itzulia Bullrich-Milei, eskuin-eskuin, izatea), asko pozteko asmo osoz. Ez zen gertatu ez bata, ez bestea, bigarren itzulia peronismoaren hautagai Massaren eta ultraeskuindar Mileiren artekoa izango da. Eta ez naiz poztu.

Mileik bere burua anarkokapitalistatzat definitzen du, liberala da, ekonomialari teoriko bat, Austriako eskolakoa. Gaur egungo diskurtso politikoek uzten dituzten hutsuneak betetzeko nahiko vintage jartzen ari da dena, han eta hemen, ezker eta eskuin. Mileik Espainiako ezkerrari lapurtu dio masak mugitzeko hitz klabeetako bat: kasta. Eta kontua da ezkerreko diskurtsoaren eta jardunaren eta errealitatearen hutsuneak betetzera etorritako diskurtso arrakastatsuak ez dira ezker vintage-etik etortzen (demagun, XIX. eta XX. mendean iltzatuta geratu den talde komunistaren bat). Ultraeskuina izaten da, eta ez formula berriagoekin.

Peronismoak ez du ezker ildoko hautagai bat aurkeztu, Massa liberala baita. Grabois lehiatu zen haren aurka primarioetan, izendatzaile humanista bat. Argentinako arazo nagusietako bat inflazioa da, pesoaren balioa, eta dolar falta (zorra ordaintzeko). Graboisek ohartarazten du: Mileik proposatzen duen dolarizazioa ezinezko erokeria bat da, baina konponbide bat ere bada, okerra, baina bat. Eta jendeak soluzio bat behar du.

Heda dezagun gaia. Zer gudu ari da gure ezkerra eman gabe uzten? Hitz egiten ari gara migrazioaz? Hitz egiten ari gara Europa izan den burujabetzak osteko engainuaz? Hitz egiten ari gara, gutxienez, oinarrizko lau gauza nazionalizatzeaz? Ematen ez ditugun bataila deserosoak ez dira eman gabe geratuko. Ezkertiarrak ez bagara, ezkerra behar duen jendea ezer gabe geratuko da. Eta soluzioak beharko ditu. Argentinan peronismoak Massa aurkeztea erabaki du, bataila horiek ez emateko, pentsatuz, sozialdemokrazia eskuindardu batek beldur gutxiago emango duela. Baina ez duenak konponbideak beharko ditu. Eta, agian, Mileik bakarrik emango dizkio.