argia.eus
INPRIMATU
Herri bat, bere lurraldean, libre
Ane Ablanedo Larrion 2023ko urriaren 25
PAULA ESTÉVEZ

Mundu mailako balizko bakearen abiapuntua, lelo horrek laburbiltzen duen printzipioaren errespetuan datza, edo gauza bera dena, herrien independentziarenean. Salbuespenik gabe, kontsigna horren arabera bizitzea izaten da munduko nazio guztien nahia; independentziari eustea jadanik burujabe direnen kasuan, eta independentzia berreskuratzea, galtzeko zoritxarra izan dutenenean. Eta horixe bilakatzen dute, noski, beren politikaren lehen helburua. Hori gabe ez baitago deus ere.

Askatasun funtsezkoaren printzipio hori da autodeterminazio eskubideak babesten duena, edo herriei egiten dien aitortza, horrelako zerbait adieraziz bezala: eskubidea duzu zure lurraldean libre bizitzeko, kanpoko potentzia atzerritarren injerentziarik gabe, inbasiorik gabe, zeurearen jabe zarela, zeure ondarea kudeatuz, zeure erabakiak hartuz, zeure egunerokoa antolatuz eta etorkizuna eraikiz.

Baina noski, hori babesten duen eskubide bat formulatu behar izateak, herrien funtsezko askatasun hori arriskuan jartzen duen mehatxu bat badagoela ematen du aditzera, existitu egiten dela herrien integritatearen kontrako delitu bat, inperialismoarena, alegia, zeinarengatik beharrezko egiten den nazioen arteko politika arautzea, elkarren errespetua zein printzipiok erregulatuko duten definitzea.

Autodeterminazioaren eskubidea hain dago inperialismoaren existentziari lotuta, non ezin diren bata bestea gabe ulertu. Jasandako delitu inperialista da nazio baten autodeterminazio eskubidea aktibatzen duena, eta era berean, autodeterminazioa aldarrikatze hutsa, inperialismoaren salaketa inplizitua da, beti. Eta arrazoi berengatik, independentzia errekuperatzea da autodeterminazio eskubidea gauzatzeak nazio batentzat eduki dezakeen ondorio, emaitza edo esanahi bakarra: altxatu dadila nire lurraldeetatik okupazio-erregimena, eta erretiratu daitezela indar okupatzaileak.

Jasandako delitu inperialista da nazio baten autodeterminazio eskubidea aktibatzen duena, eta era berean, autodeterminazioa aldarrikatze hutsa, inperialismoaren salaketa inplizitua da

Munduko azken gertakariek gaurkotasunaren lehen lerrora ekarri dute inperialismoaren existentzia, bere errealitatearen bertsiorik gordinena eta krudelena erakutsiz. Baina inperialismoaren salaketa bere osotasunean egin behar da, ez bakarrik basakeriak neurri gehiegizkoa hartu duela sentitzen dugunean, baizik eta pairatzen duten herri guztien askapenaren alde eginez, estatu menderatzaileetako gobernuak behartuz nazioarteko araudia betetzera, duintasuna berreskura dezaten nazioek, eta horiekin batera, gizateria osoak.

Euskal Herriak aspalditik ezagutzen du inperialismoaren errealitatea, eta pairatzen segitzen du egun, ustezko bake giro honetan kamuflatuta. Gu herri menderatu zaharra gara, aspaldikoak direlako gure lurraldeen inbasioa, eta gure estatuaren konkista, eta horregatik oso normalizatua dugu menderakuntza egoera, jadanik inperialismo zantzurik ez ikusteraino Espainiak eta Frantziak gurean duten aparatu politikoaren presentzia hutsean.

Baina ez dute geuretik alde egin. Kontua da kolonizazio eta asimilazio baketsuaren garaiak dituztela orain gure menderatzaileek, okupazioa burututa eta gure estatuaren anexioa gauzatuta, Euskal Herriaren suntsipen-proiektuaren beste fase bati ekin ahal izan diotela.

Sinesgarriak izango bagara, etxetik bertatik egin behar dugu inperialismoaren salaketa, geure estatu propioa baieztatuz, eta erresistentzia mugimendu nazionala antolatuz, zeinera ongi etorria izango baita indar demokratiko oro, autodeterminazioa aldarri bakar. Horixe da gizateriaren historiari euskaldunok egin diezaiokegun ekarpenik handiena.