argia.eus
INPRIMATU
Aholku permanenteki pertinentea
Castillo Suárez @casti_suarez 2023ko urriaren 25a

Irla batean dagoen etxe batean nago, itzulpengintza lantegi batean. Leihoak itsasora ematen du eta gauez ezer ez da entzuten itsasadar batean gaudelako, ez itsaso zabalean. Isiltasunak esnatu nau eta sabaia argi etenkari batek argiztatzen duela ohartu naiz. Ez dago itsasargirik gertu. Ez dakit nondik heldu den, baina niri oroitarazi dit gurasoen etxean bizi nintzeneko garaia. Guardia Zibilen Patrolak gauez ibiltzen ziren gure etxe inguruko pistetatik, eta, tarteka, haien fokuetako argiak leihoetatik sartzen ziren. Hemen gaude esateko beren modua zen. Memoriak jauzi egin dit berriro eta Unai Maleskiren poemaren hasiera ekarri dit burutara: Aholku permanenteki pertinentea. “Karriken alde bietara begiratzen / irakatsi zigun amak / arrebari eta bioi. / Kuartelen inguruak saihesten / erakutsi zigun, / badaezpada ere.” Kuarteletik gertu bizi ginen gu, eta gurasoek ez ziguten etxera oinez joaten uzten. Ahaztuta nuen beldur hura. Edo beharbada umetako beldurrak ez dira inoiz ahazten. Helduarokoak ere ez, noski.