Ez jendearen boterea, jendetzarena baizik; ez herriaren gobernua, masarena baizik. Halakoa omen da oklokrazia: auziak baino gehiago zuziak nahiago dituen sistema. Eskandalu pribatuak nahiz eskarmentu publikoak kartsuki bizi dituen gizartea.
Polibio historialariak sortu zuen terminoa, duela 2.200 urte pasa, bere teoria politikoak –ez sobera optimistak– azaltzeko. Harrezkero, garaiaren araberako egokitzapena eginda, ziklikoki ohartarazi dute zenbaitek oklokraziaren arriskuaz. XXI. mendean, pantaila globalarekin lotua dago kontzeptuaren berpiztea.
Garaiak garai, lintxamendua da oklokraziaren ezaugarri eta, are, lanabes nagusietako bat. Alde horretatik, aro digital suminkorrean ere, pizturik dabiltza masen zuziak. Kausa noble baten izenean, betiere. Lastargi oldeak, baina, ez die lekurik egiten hausnarrari, argudioei edota ebidentziei. Pentsamendu kritikoaren beste muturrean dugu (algoritmoen) oklokrazia. Baina hain da indartsua azkar eta ozen posizionatzearen emozioa…
Ez dakit zer iritziko liokeen Polibiok gure demokraziari. Akaso, zaharrak berri direla ikusita, denboraren tunelera itzuliko litzateke. Non inon baino jendetza gehiago ikusiko lituzkeen.