Berdin dio noiz irakurriko duzun honako hau, ez du gaurkotasunik galtzen eta. Aktualitateari itsatsita dago, egiturazko arazo bilakatuta. Seguruenik sistema oso baten muinean dagoen hezurretako bat. Eta ez da gure euskal eremura mugatzen, urrutiko herrialdeetan ere, berdina gertatzen da. Epidemikoa eta globala omen, beraz. Eskandalagarria, kezkagarria, bidegabea. Etengabean protestak eta alarmak zabaltzen dituena. Hain tamaina handikoa den, ezen zaila dela gainditzen. Etxebizitzaren afera, hain zuzen ere.
Etxebizitzaren prezio altuak merkatu oso batek sostengatzen du; bankuek, legediek, etxebizitza politikek, hirigintzak. Mugarik gabeko turismoak eragiten du desorekan: udarako bigarren etxebizitza, hotelak, aldi baterako alokairuzko apartamentuak… Hego Euskal Herriko eraikitzaile handi batekin hizketaldian kontatu dit aurten 200 etxebizitza libre saldu dituela eraikitzen hasi orduko. Erosle profilaz galdetuta, klase ertain-altuko eta 50-60 urte bitartekoak direla esan dit, etxebizitza hobeago bat eskatzen dutenak. Eta higiezinen saltzaile batek esan dit, belaunaldi honek merkatuan libre uzten dituen etxe apalagoak, estatubatuetar erosle-interesatuen zerrenda luzearen eskuetara doala. Ipar Euskal Herrian etxebizitza parkearen %40a bigarren etxebizitzak hartzen du, Paristarren uda-parke bat ematen du dagoeneko.
Iraileko albiste batek dio Andorrako Gobernuak atzerritarrei bertako etxebizitzetan inbertitzea galaraziko diela. Arazoaren dimentsioa noraino iritsiko zen tamainako erabakia hartzeko, kanpotar salerosketei zerga bat jarri bitarteko neurria izanik ere. Baina bada zeozer. Beste albiste batek dio, New Yorken airbnb bezalako plataformen apartamentu turistikoen alokairuei debeku bat ezarri zaiela, egonaldien alokairu-denbora hilabete baino gehiago izan dadin. Turismoak eta higiezinen merkatuak irudika ezinezko tentakuluak izan behar ditu basapiztia eusteko salbuespen mugimenduez bakarrik hitz egiterik badugu oraindik.