argia.eus
INPRIMATU
Egiarekiko axolagabekeria
Tere Maldonado @teremaldon 2023ko urriaren 18a
DOM CAMPISTRON

Eguneroko hitz-jarioaren azpitik, korronte zuzen bat dabil etengabe, suposizio, aurreiritzi eta esplizituki pentsatu gabeko ideiez osatuta. Zaila zaigu korronte hori hautematea, lur azpikoa baita. Salbu eta bat-batean gelditu eta esaten badugu: “Itxaron! Pentsa dezagun une batez honetaz!”. Bada, nire ustez, esan gabe doan hori guztia alfonbra azpitik atera eta mahai gainean ipintzea da pentsamenduaren zeregin nagusietako bat. (Itxaron! Komenigarria al da hori guztia agerian jartzea? Zergatik? Zertarako? Zer ote dago den-dena ikusgai bihurtu nahi izatearen atzean? Ez al da onuragarria (eta saihestezina) aztertzen ez diren kontu batzuetan sostengatzea bizitza? Dena eztabaidatu behar dugu? Beste baterako gera dadila ibilbide hori esploratzea; ezin dira labirintoko zoko-moko guztiak ikuskatu aldi berean).

Demagun Joan ebanjelariak Jesukristori egozten dion esaldia: “Egiak aske egingo zaituzte”. Alfonbra altxatzen hasteko: zergatik ez aldrebes, “askatasunak egiati/egiazko egingo zaituzte”? Bi esaldietan hala-nolako harremana ezartzen da egia eta askatasunaren artean, baina kontrako norabidean. Lehenean, egia saldu/sartu nahi diguten produktua da; askatasuna, hori lortzeko erabiltzen den amua. Sudur aurrean ipintzen digute askatasuna: “Begira zein polita den askatasuna!”. Desiragarria dela ez da frogatu behar, gizaki orok nahi du libre izan, antza. Ona ona dela eta txarra, txarra esatea bezain agerikoa. Baina, horrela, ez da egia txarto samar gelditzen?

Ez egia, ez askatasuna, ez dira gu limurtzeko kapazak. Egia ez zaigu axola eta nahiko askeak omen gara jadanik: smartphone honek eta auto hark eman digute, ustez, askatasuna

Saltzailearen arabera, ekarriko digun askatasuna da egia erakargarri bihurtzen duena, ez dirudi egia berez erakargarria denik. Ume bati txokolatezko mousse koilarakada batean ezkutatutako pastilla mingotsa ematea bezala. Askatasuna, txokolate goxoa da; egia, pilula latza. Askatasuna irrikan gura duzuela dakidanez, zatozte hona, nik esango dizuet zein den bidea askatasuneraino iristeko. Bada, sentitzen dut, egiatik pasatu behar duzue bai ala bai. Hartu gozokia eta irentsi.

Berriz, bigarren baieztapenak egia berez ona dela suposatuko luke, ezbairik gabe gizatiar orok lortu nahiko lukeen zerbait. Askatasuna, ostera, itzulingurua litzateke, derrigorrez pasatu beharrekoa, bitarteko edo tresna gisa, egia eskuratzeko. Bada, tira: horrek ez du inolako sinesgarritasunik. Zinez, inork ez du egia horrenbesteko grinaz bilatzen. Ez Jesusen garaian, ez gurean.

Gu, gainera, egia-osteko garaian bizi gara. Gobernuak eskola publikoari lehentasuna ematen diola esan dezake eta, hurrengo egunean (edo egun berean), funtsak murriztu, itunpeko ikastetxe pribatuei halako funtsak bider bi irribarretsu ematen dizkien bitartean. Osasun sailburuak hau esan dezake beste hori egiten duen bitartean, begitartea aldatu ere egin gabe.

Nahaspila jarraikor gisa korrika doazen aditz-zeinu tekleatuen munduan, hitzek ez dute baliorik. Egia eta gezurra koktel koloretsu batean nahastu eta disolbatu dira. Pentsa zitekeen Jesukristori entzuten ziotenek askapena gura zutela (dela Erromaren zapalkuntzatik, dela haragiaren tiraniatik, dela bestela ulertuta ere). Bada, ezta beraiek ere (“ez gara inoiz inoren esklabo izan” erantzun omen zioten). Guri dagokigunez, ez egia, ez askatasuna, ez dira gu limurtzeko kapazak. Egia ez zaigu axola eta nahiko askeak omen gara jadanik: smartphone honek eta auto hark eman digute, ustez, askatasuna (publizitatea dixit). Predikatzaileak basamortura joan daitezke sermoia egitera. Gu kotxez joango gara entzutera, sakelakoa eskuan dugula, ez diegu kasu handirik egingo, ai, zer barreak. Ezerk ez du axola. Joan dadila dena pikutara.