argia.eus
INPRIMATU
Zera
Ainhoa Aldazabal Gallastegui 2023ko urriaren 13a

Queen Kong
Helene Vignal
Itzulpena: Miren Agur Meabe
Elkar, 2023

--------------------------------------

Testu motz eta intentsu honen egilea da Helene Vignal. Gazte literaturako egilea, eta liburu honekin hainbat errekonozimendu jasotzeaz gain Pepite d´or sari prestigiotsua ere eskuratu zuen 2021ean. Miren Agur Meabek itzuli du testua Elkar argitaletxearen eskutik. Euskara jasoa eta aberatsa erabili du, zaindua. Eta aldi berean testuaren erritmo, tonu eta edukiari oso ondo datozkion hitzak zein soinuak hautatuta.

Liburua motza da. 70 orri inguru ditu. Hainbat gai. Sexualitatea libreki bizitzeko hautua eta norbere plazera deskubritzeko zein gozatzeko aldarrikapen bat da. Aldi berean hautu hori egiten duten emakumeak zigortzeko jendarteak, oro har, erabiltzen duen moral bikoitza salatzen du. Eta zehazki sare sozialetatik egiten den lintxamendua. Eta, bukatzeko, auzitan jartzen du nerabezaroan sexua izateko taldeak eragin dezakeen presioa.

Liburuaren izenburuak Virgine Despentesen King-kong teoria ekar liezaguke burura eta liburua irakurrita keinu bat delako usteak indarra hartzen du. Protagonista bere buruarekin jolasean aritzera ohituta dago zortzi urtetatik, bere alua ukitzera, masturbatzera eta orgasmatzera. Nerabezaroan, ordea, beste batzuekin partekatu nahi du sexua; bere buruarekin sentitzen duen plazera handitzen ahalegindu. Argi dauka ez dituela sexua eta maitasuna nahastu nahi. Eta lau mutilekin dituen esperientziak kontatzen dizkigu orriotan. Bakoitzarekin esperimentatzen dituen egoerak anitzak dira eta irakurle gisa ere bidaia emozional bat egingo dugu: indiferentzia, goxotasuna, erotikotasuna, amorrua, enpatia... sentitu ditzakegu.

Lehenengo pertsonan idatzitako testu honek hasiera hasieratik harrapatu nau. Tonu epiko eta indartsuak sugarra piztu dit barruan eta hau lortzeko esaldi zuzenak eta afirmazio borobilak erabili ditu autoreak protagonistak bere buruarengan duen segurtasuna erakutsiz. Tonu erotiko eta sentsuala hitzekin, aditzekin lortzen du. Esaldi oso motzekin. Elkarrizketa eta testua nahastuz. Arnasestuka irakurtzen da kasik. Tonu amorratua ezezko esaldi eta galdera erretoriko ugarirekin sortzen du. Misterio kutsu bat ere badu: zer gertatu da zehazki? Zertaz ari da zera esaten duenean? Hasieratik susmatu daitekeen arren intrigak ere harrapa dezake irakurlea. Finean, hunkigarria, probokatzailea, freskoa, esplizitua den testu bat lortu du autoreak. Nerabeentzat zein helduentzat oso aproposa.