“Dena berdin azaltzen saiatzen gara, gure gorputzak, bizipenak, ezberdinak izanda ere”

  • bell hooks irakaslearen liburua euskarara ekarri du Katakrakek: "Transgresioa irakasgai". Hezkuntzaren indar iraultzaileaz, ahots baztertuez, gorputzek ikasgelan duten presentziaz, irakasleen beldurrez eta han-hemenka abiaturiko iraultza txikiez hitz egin dugu liburuaren hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotxekin: "Diskurtsiboki kritikoak dira irakasle asko, baina praktikara jaitsita arazoak hasten dira".

"Kostatzen zaigu aniztasuna onartzea, horrek dakarren guztiarekin: norbere gorputza, jarrera, hitz egiteko eta janzteko modua...". Argazkilaria: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Hezkuntza beti krisian. Paradoxikoa da gainera: gizartea eraldatzeko giltza da, baina statu quoa birproduzitu baino ez duela egiten kritikatzen da.
Hezkuntza krisian dagoela askotan aipatzen den arren, guttitan aipatzen da krisi hori espresuki iraunkortu dela, eta ez dela zerutik eroritako krisi bat, 1980ko hamarkadan neoliberalismoak eta kapitalismoak hezkuntzan izandako esku-hartzearen ondorioa da. Hezkuntza ote den birprodukziorako estatuak duen tresnarik eraginkorrena ala askapenerako giltza, hori ere eztabaida klasikoa da, batzuetan bietatik ere badu, batak besteari arrakalak egin nahian. Bistan da hooks-ek, pedagogia kritikoarekin lerrokatzen den heinean, bigarren tesiaren alde egiten duela: askatasunerako eta emantzipaziorako dugun tresnarik indartsuenetakoa da hezkuntza.

Bide horretan, borroka, iraultza, erradikalizazioa… darabiltza hooksek. Gaizki ikusitako kontzeptuak dira ikasgela eta ikasleengan?
Paulo Freire pedagogoari tarte handia eskaintzen dio hooksek. Are, pedagogia kritikoa bi piezako puzzlea balitz, Freirek pieza bat jarri du eta hooksek beste bat: zapalkuntzen, deskolonizazioaren, mendebaldekeria gainditu beharraren kritika horri guztiari hooksek feminismoaren ekarpena egin dio, eta guztiaren oinarrian dago hezkuntza ez dela neutrala, horregatik digresioz beteriko eztabaida sutsuak bulkatzen dituzten ikasgelen alde egiten du hooksek. Baina erranen nuke baietz, gaizki ikusita dagoela hori, eta kuriosoa da, plano teoriko eta diskurtsiboan irakasle gehienek diotelako sozio-kritikoak direla (Euskal Herrian egin zen ikerketa baten arabera), baina praktikara jaitsita, arazoak hasten dira, eta neutraltasunaren eta objektibotasunaren falazian erortzen gara, beldurrez, konplexuz.

Hain justu, asmo iraultzaileak dituzten irakasleen beldurrez mintzo da hooks, eta nola beldur horiek azkenean kamusten duten hasierako nahia. Beldurra ikasleen aurrean autoritatea (boterea?) galtzeari, plangintza aldatzeari, eztabaidatzeari…
hooksek dio irakasle aurrerakoi anitzek ez dutela arazorik plano teorikoan adibidez klase-aurreiritziez aritzeko, baina praktikan, ikasgelaren barne logikan, moldeetan eta portaeretan “arau burgesa” deiturikora jotzen dutela. Alegia, burgesiaren manera onen moldeetan aritzen gara, eta hori gainditzea kostatzen zaigu, kostatzen zaigu aniztasuna onartzea, horrek dakarren guztiarekin: norbere gorputza, jarrera, hitz egiteko eta janzteko modua… Beldurra zaio horri, irakaslearen autoritatea ezbaian jarriko delakoan eta ikasgelaren kontrolak ihes egingo digulakoan.

Klase, arraza eta genero deskolonizazioaren beharra hooksek ez baitu mugatzen ikas-materialera, deskolonizazioa behar da ikasgelako dinamika eta eztabaidetan ere.
Erroetara doa: ez da aski ezagutza askatzaile bat transmititzea, praktika askatzaile baten bitartez egin behar da, praktikak berak ere askatzailea behar du izan. Euskal Herritik irakurketa interesgarria egin daiteke: gure bizipenetatik abiatuta, subjektibotasunak aldarrikatzea eta ikusgarri egitea falta zaigu, hezkuntza neutral eta objektiboa delakoari kontra egitea.

“Objektiboa” hitz potoloa da.
Eta erabat bilatua: gizon zuri burgesa eta haren begirada neutralak dira, objektiboak, eta hortik kanpo geratzen dena bistan geratuko da, arreta deituko du. Baliatu dezagun hori, sisteman zirrikituak bilatu eta arrakalak sortzeko.

"Oinarrian dago hezkuntza ez dela neutrala, horregatik digresioz beteriko eztabaida sutsuak bulkatzen dituzten ikasgelen alde egiten du hooksek"

Ildo berean, esperientzia indibidualak gutxietsi eta ikuspegi orokorra lehenesten dutenen aldean, ikasgelako komunitatea osatzen duen bakoitzak (izan) duen esperientziari garrantzi handia ematen dio hooksek, ikas-prozesua aberasten duelakoan eta ahots baztertuek ahots pribilegiatuen kontrapuntu gisa funtzionatzen dutelakoan.
hooksek eskola segregatu batean hasi zuen bere ikas-ibilbidea, beltzak alde batean eta zuriak bertzean, eta horrek arrasto handia utzi zion hasieratik, bere bizipenek eta beste hainbat iturrik eraman zuten hooks esperientziari sekulako garrantzia ematera, baita gorputzari ere, eta behin eta berriz aldarrikatzen du burua eta gorputza banandu ezinak direla, nahiz eta sistemak sinetsarazi burua besterik ez garela. Fisikotasunaren aldarri hori ekarpen itzela da eta dio hezkuntza jarduera guztiek zeharkatu beharko lituzketela gure gorputzak eta hortik abiatu beharko genukeela. Berdina al da ikasgelan irakaslea tarimaren gainetik aritzea edo ikasleen ondotik? Nola eragiten dute janzkerak, mugitzeko moduak, hitz egiterakoan erabilitako aldaerek…? Ari al gara denok modu batera edo bestera antzezten inposatu zaizkigun burgesiaren eta patriarkatuaren manerak? Berdin azaldu behar al nuke esklabismoa eta kolonizazioa, beltz edo zuri izanda? Eta 1936ko gerra, bando bateko edo besteko biloba izanda? Eta literatura edo hizkuntzari loturikoak, euskaldun edo erdaldun izanda? Ez dugu ariketa politiko hori egiten, eta saiatzen gara dena berdin azaltzen, gure gorputza, bizipenak, esperientziak ezberdinak izanda ere.

Ekintzari garrantzia emanda ere, ekintzarik gabe teoriak baliorik ez duela diotenen aldean, defendatzen du gogoeta eta teorizazioa bera izan daitekeela iraultzailea, batez ere gai isilaraziez, baztertuez, tabuez… hitz egiten bada.
Bai, Paulo Freirek kontzientizazio eta hooksek kontzientziazio deitzen duena dago oinarrian, toki ematen diote teorizazioari, aktibismo hutsa baztertuta, baina jarrera intelektual hutsa ere bai. Prozesu borobila planteatzen dute: mundua gureganatzeko modu intuitibo bat dago hasieran, gero horren problematizatze eta kontzientziatze baten ondorioz bertze arrazoiketa maila batera ailegatzen gara, eta kontzientziatze horrek ahalbidetzen digu eraldatzaileak edo kritikoak izanen diren esku-hartzeak egitea. Esku-hartzeak erakusten didanarekin berriro noa teoriara, eta horrela, elkar elikatzen dira bata eta bertzea. Hezkuntzan ere, esku-hartze eraldatzaile eta kritikoak problematizazio eta kontzientziazio prozesu batetik etorriko dira.

Hezkuntza askatzailea egiten saiatzen diren irakasleez ere ari da liburuan. Gurean ere baditugu…
Badira, bai. Hezkuntzatik borrokatzen dugun burujabetza oro zirrikitu eta arrakala dira bide horretan: burujabetza teknologikoa, elikadurarena, hizkuntzarena, lurrarena, gorputzena, sexu-genero sistemaren bueltakoa… Bide horretan ari gara, espazioak eraldatzen ditugunean begirada feminista batetik, helduzentrismoaz gaindiko ekimenak proposatzen ditugunean, jangelan bertako ekoizleen elikagaiak erabiltzen ditugunean, batzarrak antolatzen ditugunean, memoria historikoa eta langile klasearena lantzen dugunean gelan, euskararen bitartez elkar “ukitzen” dugunean (hooksen hizkuntzari lotuta darabilen esaldi eder bat baliatuz), baita fardelak begietara begira aldatzen ditugunean ere (eta ez fabrika batean bageunde bezala)... Kontua da ea hori guztia politizatzen dugun, ea kontzientzia politikotik egiten dugun, jabetuta iraultza txiki horiek batuta iraultza handi bat egin dezakegula. Finean, eskolan goizean sartzen garenetik ilunabarrean ikastetxea garbitzen duten arte gertatzen den guztia politikoa da (zaintza, elikadura, botere harremanak, parte-hartzea, hizkuntzak…) eta horren kontzientzia hartzea beharrezkoa da.

BELL HOOKS:

Gloria Jean Watkins izenarekin AEBetan jaioa, idazlea, irakaslea eta militante feminista izan zen bell hooks (1952-2021). Haurra zela, beltzentzako eskoletan hasi zuen ikas-ibilbidea, “agudo ohartu ginen ikasteko eta buruarekin bizitzeko geneukan grina hura ekintza kontrahegemoniko bat zela”; gero, zuriekin batera ikasgelan, dezepzioa handia izan zen. Bai ikasle gisa bizitakoak, bai irakasle gisa praktikara eramandako pedagogia askatzaileak eta horren bueltako erresistentzia, beldur, hutsegite eta fruituek ondu dute, besteak beste, "Transgresioa irakasgai. Hezkuntza askatasunaren praktika gisa".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-19 | Leire Ibar
Ia urtebete daramate soldatarik gabe Bilboko ikastetxe bateko langileek, funts putre batek eraikina erosi ondoren

Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.


Hezkuntzako ratioak jaisteko eskaera Nafarroako Legebiltzarrera eramango dute gurasoen plataformek

Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteek Legegintzako Herri Ekimen bitartez egin dute eskakizuna eta alderdi guztiek agerraldia onartu dute. Europar Batasunak Foru Gobernuari ratioak murrizteko egindako gomendioan du oinarria nafar gurasoen aldarrikapenak.


Mezu kristaurik gabeko Gabon kantak, ikastetxe ugariren aukera

Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.


2024-12-17 | Leire Ibar
Urretxindorra Ikastola sexu abusuen “konplize” dela salatu dute

Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]


Nola egiten da bi ikastetxeren fusioa?

Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?


2024-12-16 | Leire Ibar
Bilboko Urretxindorra eta Lekeitioko Azkue ikastoletako bi irakasleren sexu erasoak salatu dituzte

Urretxindorra Ikastolako (Bilbo) eta Azkue Ikastolako (Lekeitio) bi irakasleren aurkako salaketak egin dituzte zenbait emakumek sare sozialen bidez. Horren aurrean, Urretxindorra ikastolako irakasleak astelehen honetatik aurrera klaserik ez ematea erabaki du Ikastolen Elkarteak... [+]


Kalitatezko hezkuntzaren aldeko eserialdia egin dute Iruñeko Hezkuntza Departamentuaren sarreran

Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]


2024-12-09 | ARGIA
Ikama ikasle antolakuntzak unibertsitateetara eta Lanbide Heziketara zabalduko du bere jarduna

II. kongresuan aurkeztu duen berritasun esanguratsuenetako bat da. Orain arte Bigarren Hezkuntzara zuen bideratua bere jardun politikoa eta hemendik aurrera unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan ere arituko dira. Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatu du... [+]


2024-12-05 | Jon Torner Zabala
‘Protestaka’ erakusketa, EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasle borrokaren 30. urteurrenean

1994an EHUko Arte Ederretako ikasleek protestak abiatu zituzten. Bost irakasle euskaldun lortzeko hiru hilabeteko greba egin zuten, eta bitarte horretan Leioako fakultatea okupatu. Euskal jendartearen babes handia izan zuten, baina Poliziaren errepresioa ere jasan zuten; Bilboko... [+]


Zaku bete galdera iritsi dira Leizaran institutuko ikasleak Pape Niangen solasaldira

Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]


“Eskola partikularren eskaera handia zerbaitek huts egiten duen sintoma da”

Ongi ezagutzen ditu eskola partikularretara doazen ikasleak Aitziber Ibarbiak. 25 urte inguru daramatza matematika, fisika eta kimikako partikularrak ematen, batez ere Batxilerrekoei. Irakasle on eta txarrez, ikasgelan sortzen diren erritmo ezberdinez, azterketak zuzentzeko... [+]


2024-12-04 | Tere Maldonado
Biraka jarraitzen du gurpilak

Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]


Eguneraketa berriak daude