argia.eus
INPRIMATU
Neolitoko hierarkiarik gabeko ingeniaritza
  • Txina, duela 4.000 urte inguru. Pingliangtai herrixka harresituko biztanleek zeramikazko hoditeria eta drainatze zanga sarea eraiki zuten. Holozenoaren amaieran Asia ekialdeko montzoi eremuan ingurugiro krisiak geroz eta ohikoagoak eta larriagoak ziren, eta Pingliangtain aurrekaririk gabeko hoditeria sistema jarri zuten abian krisi horiei aurre egiteko. Berriki Beijingeko unibertsitateko ikerlari batek aztarnategia ikertu du, Hohai, Fudan eta Londresko unibertsitateko ikerlarien laguntzaz, eta emaitza Nature aldizkarian argitaratu.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko urriaren 09a
Txinan aurkituriko zeramikazko hodi zatietako bat. Argazkia: Henan Museum
Txinan aurkituriko zeramikazko hodi zatietako bat. Argazkia: Henan Museum

Zeramikazko piezak 20 eta 30 cm bitarteko diametroa dute, eta 30 eta 40 cm bitarteko luzera. Ertz batean zabalagoak dira elkarrekin ahokatu eta hodi luzeak osatzeko. Piezak ikertu ondoren, gehienak aztarnategian utzi dituzte, jatorrizko kokalekuan, bertan hobeto kontserbatuko direlako. Zeramikazko hodi gutxi batzuk berregin eta Txinako hainbat museotan utzi dituzte (argazkiko pieza, kasu), ikerketekin jarraitu eta publikoari erakutsi ahal izateko.

Duela 4.200 eta 3.900 urte artean, uholdeak geroz eta ugariagoak ziren garaian, ura garraiatzeko eta drainatzeko zeramikazko hoditeria eta zanga sarea, Txinan aurkitutako zaharrena, eraiki eta mantentzeko gai izan ziren lankidetzan eta komunitate lanean oinarrituta. Sistemak komunitate osoaren planifikazioa eta koordinazioa eskatzen zuen, baina Pingliangtain ez zegoen egitura hierarkiko zentralizaturik. Horrek erakusten du “Neolitoko gizakiak ingeniaritza lan konplexuak egiteko gai zirela botere zentral baten beharrik gabe; dena modu komunitarioan egin zuten”, Yijie Zhuang arkeologoaren hitzetan.

Hoditeriaz gain, Pingliangtaiko etxeen arrastoak ere ikertu dituzte adituek, eta ikusi dute etxe guztiak nahiko txikiak zirela eta ez zegoela besteen artean nabarmentzen zen etxe handiago eta luxuzkoagorik

Hoditeriaz gain, Pingliangtaiko etxeen arrastoak ere ikertu dituzte adituek, eta ikusi dute etxe guztiak nahiko txikiak zirela eta ez zegoela besteen artean nabarmentzen zen etxe handiago eta luxuzkoagorik. Halaber, hilerria ere induskatu dute, hilobietan gorpuekin batera ehortzi ohi zituzten objektuetan nabarmendu ohi baita biztanleen hierarkia; eta hilobietan ere ez dute desberdintasun sozialak adierazten dituen arrastorik aurkitu. Garai bereko inguruko aztarnategietan, ordea, kontrakoa gertatzen da. Bai etxebizitzek, bai hilobiek, komunitate hierarkizatuak zirela adierazten dute. Baina komunitate horiek ez ziren gai izan klimaren gorabeherek eragiten zituzten arazoei konponbiderik jartzeko.

Hortaz, Pingliangtaiko hoditeriak erakusten du ingeniaritza obra konplexuak egiteko ez zela beharrezkoa botere zentralizatua izatea. Are gehiago, ageriko desorekarik gabeko komunitateak gaitasun handiagoa izan zuen ingurumenaren erronkei aurre egiteko, aginte modu “garatuagoak” zituzten komunitateek baino.