argia.eus
INPRIMATU
Iruzurtiaren sindromea
Arantza Gutierrez Paz @arantzatxu 2023ko urriaren 11

Merezi ez duzun tokian zaudela; zure lorpenetan zoriak tarte handia duela edo ez duzula maila ematen… Halako bizipenak daude iruzurtiaren sindromearen atzetik. Eta emakumeok pairatzen dugu neurri handi batean, baita unibertsitateko ikasgeletan ere. Hori da irakurri berri dudan ikerketa-lan baten ondorioa.

Ez nago ados, ordea, ikasgeletan emakumezkoen parte-hartze txikiagoak, tarte laburragoan hitz egiteak edo “uste dut”, “nire iritzia da” eta halakoek segurtasun falta adierazten dutenik, sozializatze prozesuan herentzia moduan jaso dugun besteekiko begirunea eta elkarlaneko komunikazioaren ondorioak direla baizik. Zalantza, beldurra edo, okerrago, ahuleziaren irakurketak soilik begirada androzentriko batetik azaltzen dira. Eta guk, emakumeok, barneratu ditugu.

Horregatik, lankide batek esan zidanean emakumeen parte-hartzea bultzatu asmoz, gelan hitz egitera publikoki gonbidatzen zituela, erantzun nion horrekin haiengan presioa areagotzen zuela, urduritasunari, irakaslearen espektatibei ez erantzuteko beldurra gehitzen baitzitzaion. Horren ordez, irakasleon ardura da errefortzu positiboko neurriak hartzea, guk baitakigu iruzurra ez dela haiena.