argia.eus
INPRIMATU
Ez adiorik, ‘Mixu’
Bea Salaberri @beatxo 2023ko urriaren 11

Aitzineko hil amaieran joan zen gure artetik Mixel Oronoz apaiz-langile eta euskaltzalea.Berak nahi bezala joan zen oin puntetan, diskretuki, ez zuen dohaike goraipamenik nahi izan, alta ontsa merezituak zituzkeelarik.

Batzuek gogoan izanen dugu, euskararen alde zuen engaiamenduarengatik. Baigorriko semea zen Oronoz, kasik mendea zeharkatu zuen eta tarte horretan Ipar Euskal Herriaren bilakaeraren lekuko ez ezik, aktore ere izan zen, doi bat egun hauetan zabaltzen ari den Bizkarsoro filmak kontatzen duen historian zeharko ibiltaria. Gaztetatik euskarari lotua, aspaldian ohartua zen euskararen beherakadaz. Euskal Pizkundetik landa, 2000. urte inguruan, Euskal Konfederazioaren kide sortzaile eta nekaezina oroituko duzue segur aski, biltzar orotakoa, manifestaldi guztietakoa, euskalgintzako larritasunen bozeramaile ohikoa. Ene belaunaldikoek orduan zuketen ezagutu. Garai hartan ezagutu genuenek, pertsona isila eta arretatsua preziatu genuen. Nahiz eta helduagoa, jakintsuagoa edo gaituagoa izan eztabaidetan hitza hartzeko, ardura besteen erranen entzuten egoten zen, besteek errana ulertu eta bere egiteko gisan. Bizkitartean, ez zen baitezpada pertsona arrunt isila, hitza hartzen zuenean baitzekien, ozenegi sekulan aritu gabe, erran beharrekoaren adierazten hastetik buru eta solaskideen arreta atxikiz, horiek edozein izanik ere, ministerioetako ordezkari, hautetsi ala gaitz-erraile. Kartsu zebilen, zela Konfederazio sortu berriaren bultzatzen, zela hizkuntz politika publikoaren oinarriak sustatzen. Politika hori bera akuilatzen ibili zen gero, indarrak eman zion bitartean.

Batzuek haren liburuak irakurriak izanen ditugu. Entsegu eta eleberriak utzi dizkigu, baita artikulu parrasta ere, oroimen eta bilakaera baten lekukoak anitzetan, maiz ere, eduki politikokoak, zer pentsatua eman dezaketenak, betiere hitz doituz eta argiz emanak. Haren kultura, esperientzia eta jakitateen lekukoak eta aldi berean beti geroari begira ikasgai zenbait dakartenak dira.

Orokorki gogoan atxikiko dugu tipien alde aritu zen langile-apeza. Euskaldunen alde, noski, baina baztertuak ziren guztien alde ere

Batzuek apaiza oroituko dute. Umila eta ez epailea, ernea eta irekia. Bazuen aspaldi ez zuela loturarik elizarekin eta hainbat lekutan aipatu izan zuen Aillet apezpikuaren eta elizatiar integristekin hartua zuen distantzia, haren urratsen libertatea segurtatuz bide beretik. Apaizen kasta leherrarazi behar zela zioen, eta kezkatua agertu zen eliza hartzen ari zen eskuin muturreko norabideaz. Horiez gain, elizak baztertu jendeen alde egin izan zuen Oronozek, homosexualen alde, lan eginen luketen eta ezkonduko liratekeen apaizen alde, elizak baztertuen alde... Posizio horiek, Oronoz, jendeei bizkarra ematea gustatzen ez zitzaion apaiza, Baionako elizbarrutitik kanporatua izatea eragin zuten.

Orokorki gogoan atxikiko dugu tipien alde aritu zen langile-apeza. Euskaldunen alde, noski, baina baztertuak ziren guztien alde ere. Harritzekoa bazen ere, zenbaitzuek Mixu deitzen zuten, berdin herritar eta ezagunek, edozein adinetakoek, apaiza eta adinekoa izateko errespetu gutxiko izen goitia iduri lukeena; hark berak ez zuen horrekin neholako arazorik, eta kasik gogo oraino biziagoarekin eskaintzen zuen orduan atentzioa. Hurbiltasun handiarekin.

Zela besteen laguntzeko, zela euskararen zerbitzuko, zela memoria mailako lanetan, pertsona eskuzabal eta apal gisa zebilen beti. Eta halaxe joan zen, bizi izan zen bezala, diskretuki, oin puntetan.

Ez adiorik, Mixu.