argia.eus
INPRIMATU
Trantsizio ekologikoaren izenean, bere ingurumena sakrifikatzen dabil Indonesia
  • Indonesiako hiriburu Jakartaren itsasoratzeari aurre egiteko eta jakartarrek nozituriko kutsadura arazoari erantzuteko, hiri erraldoi bat zerotik eraikitzen dabiltza, Borneo oihan zabalean. Lekualdatzeak bideratu eta hiriburu berria bilakatuko da Nusantara izeneko sortu berria. Ekosistemaren suntsiketa eta CO2 isurketen emendio drastikoa ondorioztatu arren, “hiri ekologikotzat” dauka Gobernuak. Hori aski ez balitz, munduko gune industrial handienetarikoa eraikitzen dabil, gasaren eta petrolioaren inportazioekin bukatzeko. Hau ere “berdetzat” dauka.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko urriaren 04a
2.500 kilometro koadroko hiri erraldoia Borneo oihan tropikalaren erdian eraikitzen ari dira, bertako bioaniztasuna eta ekosistemak xehatuz. Argazkian, Indonesiako presidentea hiriaren eraikuntza hasi aitzin, lekuari begira. (Argazkia: wikimedia)

Kapitalismo berdearen iruzurraren adibide esanguratsuenen artean ditugu Indonesiako Gobernuak abiaturiko bi makroproiektu: “Nusantara hiri ekologikoa” eta “Kalimantan eskualdeko industria gune berdea”. Albo-kalte sozial eta ekologikoak hain dituzte handiak, non eta koherentzia-eza gailentzen zaien kalkulu matematikoei. Alta, “berde”, “ekologiko” eta “karbono-neutro” hitzez estaliz badoaz aitzina.

Nusantara hiriari dagokionez, 2019az geroztik aipatzen zuen xede hori Gobernuak eta 2022ko urtarrilaren 18an onartu zuen Parlamentuak. Jakartaren ordez, hau izanen dute hiriburua eta instituzio politiko, finantza-bulego, funtzionario eta jakartar, guztiak dira lekuz aldatuko. Jakartatik 1.200 kilometrotara, zabalagoa den Borneo irlaren erdian kokatu dute hiriburu berria, oihan baten erdian, 2.500 kilometro koadroko eremu natural batean. “Hiri ekologikoa” izateko gisan marraztua izan da: energia berriztagarriak, auto elektrikoak, guztia oinez egiteko gisan pentsatua, oihanaren %65 berriro landaturik... 2045erako karbono-neutro izateko –isurtze bezainbat xurgatze–.

Artxipelagoko Borneo irla zabalena aukeratu izanak badu bere garrantzia, hain zuzen, itsasoaren igoerak mehatxatzen duen herria delako Indonesia. Urtero hamar bat zentimetro itsasoratzen zaizkio, irla ttipiak desagerrarazi eta herritarren egunerokoa zalantzan jarrita. Gundul eta Betet ugarteak irentsi berri ditu itsasoak eta beste lauk dute epe ertain laburrean zori bera: Salah Namo, Burung, Kramat eta Kalong-ek. Itsaso mailaren igotzea bezainbat irlaren apaltzea dute arazo. Ura gehiegi eta ilegalki ponpatzearen ondorioa da: lurpeko akuiferoak idortzen ditu eta eraikuntzen zamak matatzen ditu lurzoruak. Hori horrela, Jakarta urtero 10-15 zentimetro da itsasoratzen –25 zentimetro hiriaren iparraldea–.

Gainera, tsunami, sumendi, lurrikara eta uholde, mehatxaturik den hiria da, plaka tektonikoak elkar topatzen diren eremuan izanik. Mehatxu natural horiei giza aktibitateen kalteak ere gehitu behar zaizkie: 30 milioi jakartarrek eta bertako jarduerek ondorioztaturiko kutsadura. Indonesiako herritarren eta jarduera ekonomikoen %55 bertan metaturik da eta hori horrela, munduko hiri kutsatuenetarikoen artean da.

Aldatu beharrean, larrialdiari egokitzapena

Makroegitasmo horren analisi interesgarria egin du Nusantara: la nouvelle capitale Indonésienne, quand la fuite climatique se substitue à la lutte (“Nusantara: Indonesiako hiriburu berria, klimaren aldeko borrokari gailentzen zaiolarik klimaren aurkako ihesa”) artikulu zientifikoak. Ondorioztapen tamalgarria egiten dute ikerleek: “Paperean, ekonomikoki bideragarria den proiektua da, baina problematikoa da beste arlo guztietan eta argiki erakusten digu krisi sozial eta ekologikoaren parean herriek duten ezintasuna, baita interes falta ere. Klima beroketak herritar batzuei eragiten die zuzenean. Baina pentsamoldeak eta bizi moduak aldatu ordez, nahiago dute ezer ez aldatu eta berriz hasi beste leku batean. Arazoari bizkarra erakutsiz ihes egitea da [Jakarta] lekualdatzea”.

33.000 milioi dolarreko kostua du makroproiektuak eta %19 da bakarrik diru publikoz estalirik –%81 nazioarteko eta lekuko multinazional eta interes pribatuen esku uzteak dakarren arriskua asumitzen du beraz Indonesiako presidente Joko Widodok–. “Aberrazio” bat herritarren arabera, jakinik “gehiegi gogoetatu gabeko” erabakia izan dela –ingurumenari eta bertako populazio autoktonoei eragin kalteak ez dira aipatzen Indonesiako Kontu Auzitegiak ekainean plazaraturiko txostenean–.

Nagusiki hiru kalte ekologiko deitoratzen ditu Walhi lekuko Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Bata, klimari dagokionez, deforestazioak eta ekosistemaren nahaspilatzeak aldaketa klimatikoa areagotuko du, hain zuzen, CO2 isurketak emendatzeaz gain, CO2 isurketak xurgatzeko aukerak ttipituko dituelako. Biga, irlako fauna eta flora suntsituak izanen dira, eta hiru, eraikuntzek eta gerora bertako aktibitateek kutsadura handia eraginen dute. Hots, oinarrian dagoen klima larrialdia areagotu besterik ez du eginen aterabide gisa aurkezturiko “hiri berdeak”.

Sozialki ere drama bat da Nusantara. Hasteko, Borneoko oihan horren erdian bizi den Balik herri autoktonoari lapurtu dizkietelako lurrak, bi sosen truk eta hauturik eman gabe: “Joatea galdatzen digute, baina ez dakigu zein baldintzetan: ez da konpentsazio irizpide argirik”, dio lekuko batek Reporterre-ko kazetariari. Bestetik, 30 milioi jakartarrek ezingo dutelako lekuz aldatu. Gobernukideen inguruak, funtzionarioek –urtero 25.000 funtzionario dira bertaratuko 2024tik aitzina–, finantzariek eta gaitasun ekonomikoa dutenek, horiek bai... baina besteak? Zeinek egon beharko du Jakarta kutsatu eta mehatxatuan? Zeinek migratu beharko du beste norabait hala beharrez? Pobreenek.

Munduko industriagune “berde” handiena ere martxan

Krisi ekologiko globalaren aitzinean, paradigma aldaketarik ez bideratzeko hautuaren adibide dugu Kalimantan-eko industriagunea ere. Hau ere paperean “berdea” eta “ekologikoa”. 30.000 hektareako eremu natural batean eraikitzen dabiltza. Inguruko hidroelektriko-, gas- eta eguzki-zentraletatik aterako den energia goi-teknologia “berdeak” bertan ekoizteko baliatuko dute –litio-ioizko bateriak, eguzki-panelak, eta beste–, teknologia horientzat beharrezkoak diren mineralak eta metalak bertatik erauziz –munduko nikel erreserba handiena duen herria da Indonesia, aluminioz ere aberats da...–. Energia berde gisa aurkeztu arren, ezagunak dira meategi eta makro-zentral horien kalte ekologikoak. Funtsean, esanguratsua dugu bertan inbertitzen dabiltzanen zerrenda, hain justu, gasaren, petrolioaren eta ikatzaren sektoreko multinazionalak direlako.