argia.eus
INPRIMATU
Diskurtso arriskutsua
Aingeru Epaltza @AEpaltza 2023ko urriaren 04a

Euskal Herriko azken inkesta soziolinguistikoaren Nafarroako emaitzak argitaratzean ikasi genuen: 2011tik hona, Foru Komunitatean indartu egin da euskararen erabilera sustatzearen kontrako jarrera, eta ahuldu, berriz, aldekoena. Euskal txio herrian, jendea ez da posible-ka ikusirik, xalo-xalo menturatu nuen azalpen bat: “Nafarroako soziologia aldatzen ari da emigrazioaren eraginez. Kanpotik etorriek, nagusiki, bat egiten dute historikoki euskararen aldera arroztasunean bizi eta –80ko hamarkadaz geroztik– hezi izan den populazioaren zati handiarekin. Gure natalitate ahulak gainerakoa egiten du”.

Erran banuen, erran nuen. Eztien hartu ninduenak “diskurtso arriskutsutzat” jo zuen nire ekarpena. Bertzeren batek, iraina: “Arrazista zikina”.

Ez du ospe onik euskararen egoera eta emigrazioa ekuazio berean sartzeak. Ezta aldagai gisa ere. Ulertzekoa. Nahikoa zama ekartzen duenari orban gehiago eranstea ez da gizalegea.

Bistan dena, alferrikakoa da emigrazioaren kontra egotea. Gu aberatsak eta haiek pobreak diren bitartean etortzen segituko dute, gu kontra egon ala ez. Guk estatu bat eratu ala ez. Emigrazioak on egiten digu ekonomikoki eta sozialki. Ordainean –izan gaitezen zintzo– maldatsuago bilakatzen du euskararen biziberritzea.

Nafarroan legeriak, erakunde nagusien jarrerak eta gizartearen sektore handi batek etorkinei bidaltzen dieten mezuan euskara traba bat gehiago da haien herritartze ekonomiko eta sozial berrian

EAEn berriki argitaratutako inkestak nabarmendu du hango etorkinek euskararen aldera duten jarrera ona. Hiru probintzietan, irakaskuntzak euskararen ezagutza unibertsala bermatzen du. Euskara (zerbait) ikasiko dute Boliviatik, Marokotik edo Bulgariatik etortzen direnen seme-alabek; ez dira oztopo izanen haien gurasoak.

Nafarroan, berriz, ez dago toki guztietan bermatua ez euskarazko ez euskararen irakaskuntza. Gainera, bertako betidaniko bizilagun aunitzek begi txarrez ikusten du euskararen garapena. Foru Komunitatean ez dugu oraingoz inkestarik. Ez dakigu etorkinek zehazki zer pentsatzen duten. Badakigu, aldiz, non matrikulatzen dituzten seme-alabak, eta ez ohi da D ereduan izaten. Batzuetan, eskaintzen ere ez zaielako. Bertzetan, aukeran nahiago izaten dutelako euskararik gabeko eredua.

Euskaltzaleok integraziorako tresna gisa saltzen diegu euskara. Nafarroan, ordea, legeriak, erakunde nagusien jarrerak eta gizartearen sektore handi batek etengabe bidaltzen dieten mezuan euskara traba bat gehiago da haien herritartze ekonomiko eta sozial berrian. Ez gintuzke hainbertze harritu behar ikuspegi hori gailentzeak gero eta gehiago diren etorri berrien artean ere.

Betidaniko nafarrak gureganatzeko soka-tiran irabazle gertatu gabe etorri zaizkigu nafar berriak. Balantza are gehiago desoreka ez dadin, betikoari eustea baino zerbait gehiago pentsatu beharko da noizbait. Kontuak hausnarketa behar du. Histerismorik gabe. Apriorismorik gabe. Antiojo ideologiko gehiegirik gabe.