argia.eus
INPRIMATU
Asperduraren kontra, Belako
Xalba Ramirez @xalbaram 2023ko urriaren 06a

Sigo Regando
Belako
BMG, 2023

---------------------------------------------------

Belako ez dago sekula geldirik. Isilik daudenean ere, ari dira beti sormenean bide berriak jorratzen. Plastic Drama-ren ostean, gogo biziz jaso dugu Sigo Regando lan kaleratu berria. Ez dakit nola egiten duen talde honek, baina beti egiten du zerbait berria, eta zerbait desberdina, baina beti du norabide bera.

Nola garatu behar du, bada, talde batek, bere norabidea? Lerro hauetan aspalditxo aipatu genuen Think in a box kontzeptua. Behin marko bat definituta, hor barrutik atera gabe etengabeko bilaketan jarraitzea. Markoa ez da, ezinbestean, estilo bat. Joko zelai bat baizik. Eta Belako sakonean ari da esploratzen bide hori.

Render me now, trivial violence (2018) lanean, alderdi esperimentalena garatu zuten, eta aldiz, Plastic Drama-n hitak oso presente zituzten. Dena izan zen kantagarriago. Edonola ere, mungiatarren DNAn dago hau; mugak bilatu arren, dantzagarriak eta kantagarriak dira, eta, honela, publiko zabala izan dute beti euren alde.

Jendeari gehiago edo gutxiago gustatzen zaion arren, gutxitan lortzen du talde batek tamainako kontsentsua. Kritikarena –halakorik badago– eta publikoarena –baita, ojo, festibalena ere–. Ba, aupa Belako lortu izanagatik.

Aipatu lan berri honek aurreko bien nahasketa dirudi. Zati lanbrotsuak eta melodia itsaskorrak nahasten dituztelako. Behin sartuta ihes egiten ez dutenetakoak, bai. Lehen entzunaldian pixka bat betiko bera dirudien arren –hainbat kantak diskografiaren oihartzuna dutelarik– entzun ahala konturatzen zara beste behin ere, disko berezia egin dutela Belakotarrek.

Lasaiagoa, onirikoagoa, intimoagoa iruditzen zait. Baina ez dute galdu zirta, eta pizten dituzte melodia itsaskor eta kantagarriak, baita ere. Eta zein da sekretua, horrenbeste urteren ostean, arrarokerien eta maintstreamaren artean trostan ibiltzeko?

Gazteleraz abesten duten kanta bakarrean topatzen dut nik erantzuna: “Y si tengo que ver / como me ven los ojos de la gente /Tengo miedo de no gustarme pero prefiero no aburrirme” (Ikusi behar badut / jendearen begiek ikusten nauten moduan / beldurra dut ez naizela gustatuko / baina nahiago dut ez aspertu). Asperduraren kontrako kolektibo antolatu bat da Belako. Beraiek pasatzen dute ondo lehenik, eta guk ondoren.