Euskal Herriko Neska* Gazteen sareak Usurbilen (Gipuzkoa) egingo du aurtengo Baterajotzea, urriaren 13tik 15era bitartean. Herrietako asanbladetan eztabaidatutako zenbait gai elkarrekin lantzeko eta erabakiak hartzeko topagunea izango dela gogorarazi digute Maider Barañano (Algorta, 1999) eta Uma Ulazia (Mutriku, 2001) talde motorreko kideek. Baina, batik bat, greba feminista orokorrera begira indarrak hartzeko baliatu nahi dituzte egun horiek.
Azken urteetan “behetik gorako” harremanak sortzen saiatu direla azaldu digute Maider Barañano eta Uma Ulaziak, Euskal Herriko Neska* Gazteen sareko (EHN*G) kideek. Alegia, herriz herri, neska gazteen taldeek euren kabuz lanketa egiteko autonomia bultzatu nahi izan dute, problematika zehatzak identifikatu eta herrien arteko aliantzak egiteko eskualde mailan. Barañano eta Ulazia parte diren talde motorrak tresnak eta baliabideak eskaintzen dizkie lanketa horiek egin ahal izateko, eta unean uneko beharrak entzuten dituzte.
Bada, orain, denok elkartzeko parada izango dute urriaren 13tik 15era antolatu duten Baterajotzean, gogoetak elkartrukatu eta EHN*G sarearen hurrengo pausoak zehazteko: “Mugimenduaren barruan erabakitzeko espazioa da Baterajotzea, eta neska gazteei dei egiten diegu gune hori aprobetxatzera”, animatu ditu Barañanok, eta izen-ematea irekita dagoela gogorarazi du. Ulaziak azpimarratu du egun horiek izango duten garrantzia: “Inportantea izango da gazte feministontzat, bai grebaren aurretik baina baita sare moduan ere”. Feministak eta antolatuta daudenak indartzeko ezinbestekotzat jo dute topagune hori.
Izan ere, aurtengo Baterajotzearen berezitasuna da testuinguru berezi batean datorrela: azaroaren 30ean greba feminista orokorra egingo dute Euskal Herriko osoko mugimendu feministako kideek, eta hori antolatzeko beharrezkotzat dute neska gazteek elkarrekin gogoetatzea: “Kolektibotasunak emango dizkigu tresnak errealitatea aldatzeko”, zehaztu du Barañanok.
Zein toki dute neska* gazteek zaintza-sisteman? Zer aldarrikatu nahi dute greba feministan? Auzi horiek jorratzeko tarte zabala hartuko dute Usurbilgo Baterajotzean, eta mahai inguru zentraletako bat izango da Gu ere Greba Feminista Orokorrera! “Sistema iraultzeko proposamenak irudikatu eta artikulatuko ditugu. Utopiak pentsatu eta haustura kolektiboak antolatuko ditugu”, azaldu zuten Baterajotzearen aurkezpenean. Ahots ugari izango ditu mahai inguruak, Ulaziak eta Barañanok aurreratu dutenez. Hasteko, zaintza-sistemaren kokapen teorikoa landuko dute, “tresna politikoak edukitzeko eta ulertzeko greba hau zertara datorren”. Horretarako, Etxekotu gabeko emakume langileen sindikatuko eta LAB sindikatuko kideak gonbidatu dituzte, eta Bilgune Feministako nahiz EHN*G sareko kide bana ere bai. Teoriari esperientzia gehitzeko, zaintza gatazkari zein lan feminizatuari lotutako grebetan parte hartu duen kide batek ere parte hartuko du.
Mahai inguruaren bigarren zatian teoria praktikara eramango dute, eta lantaldetan banatuta landuko dute nola antolatu eta eurak non kokatu azaroaren 30eko greban. “Greba hori antolatu egin behar da, eta guk uste dugu neska gazteek herrietan badaukatela paper oso garrantzitsua, mugimendu feminista eta herri mugimendua aktibatzeko. Helburua da neska gazteak txip horretan sartzea”, laburbildu du Barañanok. Baterajotzetik indartuta ateratzea da asmoa, eta gaztetasunetik grebari ekarpenak egitea.
“Helburua da Baterajotzetik indartuta ateratzea greba feminista antolatzeko, neska* gazteek paper inportantea baitute herrietako taldeak aktibatzen”
Neska* gazteengan egungo zaintza sistemak dituen eraginak sakon gogoetatuko dituzte Baterajotzean, eta antolatzaileek nabarmendu dute “modu berezituan” zeharkatzen dituela neska* gazteak. “Argi dago azken urteetan pribatizazio prozesu oso gogorra egon dela zaintza lanetan, eta berriro sartu dira familiaren barruan; horrek bai orain bai etorkizunean eragingo digu, eta neska* gazteak izango gara zaintza horren kargu egingo garenak, alde batetik, gizonek ez dituztelako beraien lanak egingo eta, beste alde batetik, instituzio publikoek euren ardurak hartzen ez dituztelako”, kritikatu dute Ulaziak eta Barañanok.
Hori iraultzeko neska gazteei antolatzea dagokiela argi dute EHN*G sarean. “Neska* gazteok doakoak eta prekarizatuak diren lan asko betetzen ditugu, emakumeak garelako. Klase partikularrak ematen ditugu, haurrak zaintzen ditugu, udalekuetan gaude, eta ez da kasualitatea geu izatea lan horiek betetzen ari garenak”. Horren aurrean, sistema kapitalista zisheteropatriarkala iraultzeko proposamenak irudikatu eta artikulatzera, hausturak kolektiboki antolatzera eta “utopiak lehertzera” datozela aldarrikatu dute, eta horixe irudikatu dute Aka Boni eta Julu musikariek perreatzeko erritmora egindako Baterajotzeko kantan: “Egia esan bidea ez da erraza izan / emakume migrante eta arrazializatua. / Non da aukera berrien Estatua? / Esplotatu zaintza lana aitortzen ez duena”.
2021eko Baterajotzean azaleratu zen subjektuaren gaiari zentralitate handiagoa eman nahi izan diote 2023koan, eta hiru mahai inguru zentraletako bat izango da Asteriskoa: subjektuaren inguruko eztabaida. Ulazia eta Barañanok baieztatu dutenez, saiatu dira ikusten zein gai izan daitezkeen eztabaidagai eta horiek ekarri dituzte hitzaldi eta tailerretara. Laura Galar eta Itziar Reguerok lodifobiari buruzko hitzaldia “estrategia lodiak artikulatzeko” baliatuko dute, eta gorputz lodiak subjektu politikotzat hartzea aldarrikatu.
Begirada feminista dekolonialak mahai gaineratuko ditu Pastora Filigranak, eta komunikazio feministari buruz jardungo da Estitxu Garai: “Asko dira iritzi-foro edo tertulia ezberdinetan hasi eta gutxi irauten duten emakumeak. Gizonak hor daude, emakumeak bertatik igarotzen dira”, azpimarratu du hizlariak.
Etxebizitzen problematikari helduko diote Maider Arregi eta Nerea Valdes Infernua Bizirikeko kideek, eta okupazioaren aldeko borrokari buruz hitz egingo dute. Lurrak ere tartea izango du, Mirene Begiristainen eskutik: “Agroekologiatik eta feminismotik ikasi dugu militantzia ereduak errebisatuz eta egunerokoan elikadura erdigunera ekarriz egin daitekeela jauzia; ez ordezkatze logika batetik, eraldaketatik baizik”, aurreratu du. Ulazia eta Barañanoren esanetan, gai horiekin gogorarazi nahi izan dute mugimendu feministatik haratago, beste mugimenduetan ere feminista asko daudela antolatuta, kritikak egiten mugimendu feministari, “horiek kontuan hartu behar ditugu eta horietatik ikasi”.
Sormenean eta oholtzan emakumeek duten tokiari buruz ere gogoetatuko dute, eta, besteak beste, soinu teknikari tailerra eta Mundu berriak sortzeko, artista feministak oholtzara hitzaldia antolatu dute. Nor eraman oholtza gainera eta nor ez, hori ere hautu politikoa baita. “Uste dugu sortzen diren aisialdi espazioak ere badirela eraldaketarako espazioak. Nor jartzen dugun eszenatokiaren gainean, zergatik, zer jarrerarekin, zer musika egiten... eragiten du sortzen den giroan”, nabarmendu dute horri ere erreparatzen diotela egitaraua osatzerakoan. Aurten, Olatz Salvador eta Ziztada taldeak egongo dira oholtzan, besteren artean.
2021eko Baterajotzera “oso ahul” ailegatu zirela oroitu dute Barañanok eta Ulaziak, COVID-19aren krisiaren eraginez oro har herri mugimendua “oso zatituta” zegoelako. Orduko hura baliatu zuten neska* gazteak berriro aktibatzeko eta mugimendua saretu eta indarberritzeko. “Aurten heltzen gara Baterajotzera guztiz gainetik kendu gabe COVIDak mahai gainean jarri zuen hori guztia, eta horren adibide da mugimendu feministak deitu izana greba orokorra. Lanketa batzuk luzeagoak dira, eta nahiz eta agian guk COVID gaia ahaztu dugun, problematika zehatz batzuek hor jarraitzen dute”.
Halaber, azken bi urteetan militante berri asko batu dira EHN*G sarera, eta antolatzaileek dei egin die horiei guztiei Usurbilera joatera, haien ahotsak eta ikuspuntuak biltzeko gunea ere izango baita.
Istorioetan murgildu eta munduak eraikitzea gustuko du Iosune de Goñi García argazkilari, idazle eta itzultzaileak (Burlata, Nafarroa, 1993). Zaurietatik, gorputzetik eta minetik sortzen du askotan. Desgaitua eta gaixo kronikoa da, eta artea erabiltzen du... [+]
Amurrioko Emakume Sareak elkarretaratzera deitu du eraso matxistari erantzuteko, asteartean 19:00etarako. Bilbon, adin txikiko neska bati egindako sexu erasoa salatzeko mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean.
Izena duen oro bere izanaren jabe liburua plazaratu du LAB sindikatuko idazkaritza feministak, hainbat kide feministaren lekukotasunak oinarritzat harturik. "Genealogia edo glosario bat gauzatu dugu edo, agian, gauza biak batera dira edo baliteke ez izatea ez bata ez... [+]
Inkestatuen %45,6k alarde parekide bakarra nahiago du herriarentzat eta %65ak baino gehiagok alardearen gatazka konpontzeko herritarrek gai horren inguruko hitzaldi eta tailerretan parte hartu behar dutela adierazi dute.
Euskadi irratian baineraren ordez dutxa jartzeko iragarkiak etxeko komunean obrak ya hastera animatzen duen kuña hori. Obra erraza, inbestitze txikia eta aldaketa handia iragartzen da. Komunetako sanitarioen joerak aldatu dira eta ahoz aho zabaldu da zeinen eroso eta... [+]
Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.
Zalantza asko izan ditut, meloia ireki ala ez. Ausartuko naiz, zer demontre! Aspaldian buruan dudan gogoeta jarri nahi dut mahai gainean: ez da justua erditu den emakumearen eta beste gurasoaren baimen-iraupena bera izatea. Hobeto esanda, baimen-denbora bera izanda ere, ez... [+]
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak egin ditu asteburuan Atarrabian. Sistema judiziala jarri dute ezbaian, justizia eta autodefentsa feministaren balioak aztertu dituzte.
Màtria o barbàrie (Angle Editorial) liburua aurkeztera etorri da Júlia Ojeda irakasle eta literatur kritikaria, Donostiako Emakumeen Etxera. Liburuan parte hartu duten 30 emakume katalanek matria eraikitzea proposatzen dute feminismo nazionalista ardatz... [+]
Lau ardatz nagusiren inguruan egin dute 2024ko azterketa: indarkeria matxista; lurraldea; gerra eta gatazka armatuak; eta eskuin muturra. Euskal Herrian “erresistentziak metatzea” funtsezkoa dela ondorioztatu du Talaia Feministak, eta analisiaren sozializazioaren... [+]
“Heterosexualitatea da klase antagonikoarekin kolaborazionismoa, hau da, gizonen klasearekin”. Uma Ulaziak Euskal Herriko greba feministak, diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik (Lisipe, 2024) argitaratu berri du. Euskal Herrian egin ziren bi greba... [+]
Indarkeria matxistari buruzko testigantzak jasotzeko Instagram kontua 2024ko azaroan jarri zuen abian emakume talde anonimo batek. Espainiako Estatuan Cristina Fallarás kazetariak abiatutako #Cuentalo egitasmoan oinarritu dira. Emakumeek, testigantza anonimoen bidez,... [+]
Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du Mario López saskibaloi entrenatzaile ohiarentzat. Akusazio partikularrak hemezortzi urtekoa eskatu du. Gernika-Lumoko Sare Feministak elkarretaratzea deitu du Bilboko epaitegi aurrean. Lópezi 1998 eta 2001 artean... [+]