argia.eus
INPRIMATU
Pluribertsitatea
Irati Labaien Egiguren @iratilabaien 2023ko irailaren 25

Irailaren hasieran La rebelión de las flores dokumentalaren aurkezpenaz gozatzeko aukera izan nuen Bartzelonan. Bertan, herri maputxeko emakumeak euren eskubideen alde egiten ari diren borroka azaldu zuen Moira Millán aktibista eta liderrak. Hamaika ekimenen artean, pluribertsitatearen sorrerak jakin-minez bete ninduen, “unibertsitatea ez, pluribertsitatea”, errepikatu zuen ozen Moirak. Proposamen horren arabera, unibertsitateetan erakutsi ohi diren ezagutzak, ikerketa metodologiak eta horiek bizitzan izan ditzaketen aplikazioak, Mendebaldeak zehaztutako ereduetan oinarritu izan dira. Hainbatetan, beste herrialdeetako erreferentzia kulturalak alboratuta, eta gehienetan, merkatuen ideologiari jarraituta, objektiboa izango balitz bezala.

Planteamendu horrek baditu intereseko hainbat ezaugarri. Besteak beste, ezagutzaren jatorriaren aniztasunari ematen dion balioa, eta bereziki, landa-guneetan antzinatik legokeen jakintzari, edota hainbatetan baztertuak egon ohi diren kolektiboen begiradari. Proposamen horrek elkarrizketa dakar plazara, elkar begiratzea, elkar entzutea, eta patxadaz, hausnarketa kolektiboetatik bide berriak eraikitzea.

Gurean, Euskal Herriko Unibertsitatea Shanghaiko zerrenda prestigiotsuan sartu da beste behin ere. Aurreko urtean munduko lehen 400 unibertsitate onenen artean bageunden ere, aurten postu batzuk jaitsi omen ditugu. Azpimarratzekoa da ranking horrek, nagusiki, ikerketaren inpaktuan jartzen duela arreta. Ebaluazio irizpideetan irakaskuntza jarduera kontuan hartuko balitz, zerrendak izango lukeen itxura ikustekoa litzateke. Eta noski, batek jakin zerrenda horretan posturik lortuko ote genukeen.

Unibertsitateko ikasleen profila geroz eta pluralagoa da, zorionez, baina aniztasun horri bizkarra emanez jardun ohi gara gehienetan, tamalez

Ikerketa jarduerek, oro har, irakaskuntza jarduerekin alderatuz, errekonozimendu handiagoa dute. Unibertsitateen arteko bikaintasun deritzonaren lehia, aipatu bezala, ikerketan oinarrituta dago. Eta ez hori bakarrik, inork bide akademikoan aurrera egin nahi badu, doktorego-tesiaz gain, kanpo-agentzien ebaluazio positiboa lortzeko indexatutako aldizkarietan artikuluak izatea ezinbestekoa da. Ikerketako lasterketan aitorpenak jasotzen joan ahala, irakaskuntzan eman beharreko orduak murriztu ohi dira, nolabait, kalitate handiagoarekin ikertu ahal izateko. Sari moduko bat, alegia. Kurioski, irakaskuntzan lortu ahal diren aitorpen urriek ez dute inolako murriztapenik ikerketa orduetan.

Egiatan, irakaskuntza jasaten ari den drama areagotuz doa. Horren isla da, esaterako, azken urteotan ordezkapenetan ari diren lagunen lan-baldintzen okertzea; Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikotik egindako interpretazioarekin, gainera, are negargarriagoa bihurtu da haien egoera (hamaika komunikabidetan modu argian azaldu da problematika). Horretaz gain, hainbat gradutako lehen urteetan dauden ikasle kopuru altuek zail egiten dute irakaskuntzaren kalitatea bermatzea. Seinale horiek guztiek nabarmen uzten dute irakaskuntza maila honekiko dagoen interesa eta ardura ez direla nahikoak.

Halabeharrez, irakasteko modua direktiboagoa bilakatzen ari da, eta tarte gutxi dago egon litezkeen zalantzak kolektiboki lantzeko, ikuspuntu berriez patxadaz jarduteko, edota espazio hauetan ezinbestekoa den ikuspuntu kritikoa sustatzeko. Ikasleen profila geroz eta pluralagoa da, zorionez, baina aniztasun horri bizkarra emanez jardun ohi gara gehienetan, tamalez. Ikertzen dugun hori nazioartean argitaratzeaz gain, gure ikasleen artean eman eta zabaltzea ezinbestekoa izango da denon artean unibertsitate honen bertsio plurala eraikitzeko.