argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Trantsizio energetikorako ekuazioaren bila
Ainhoa Etxaide Amorrortu 2023ko irailaren 26a
Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria beste agintari eta enpresetako ordezkariekin Armintzako itsasoko haizerrotaren aurkezpenean. Argazkia: Irekia
Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria beste agintari eta enpresetako ordezkariekin Armintzako itsasoko haizerrotaren aurkezpenean. Argazkia: Irekia

"Ez nire etxe ondoan”, horretan laburbildu zituen Iñigo Urkulluk, bere hitzaldian, berriztagarrien auzian Eusko Jaurlaritzari egiten zaizkion kritikak. Berekoiak ikusten gaitu; ez diogu erronkari behar bezala begiratzen, eta ez gara gai interes orokorra lehenesteak eskatzen duen eskuzabaltasunez aritzeko. Hitzik ez trantsizioa sektore publikotik, estrategikoki planifikatuta eta herritarrei entzunda –eta kasu eginda– egitea exijitzen dugunon iritziez. Erantzunik ez herritarren parte-hartzea bideratzeko proposatutako batzordeen inguruan; makro-proiektuen eredua baztertu eta tokian tokiko errealitateari lotutako proiektu txikien alde egiteko eskaerari ere aipamenik ez; ezta mendiak eta bailarak eolikoz bete ordez hutsik dauden industria-lurrak berrerabiltzeko proposamenari ere. Laburbilduz: “Ez nire gobernuarekin”.

Nafarroako Gobernuak, berriz, etxeko lanak eginda dituela hasiko omen du urte politikoa, eta martxan den programarekin segituko du. Berriztagarrien kuotak %50 izan behar du 2050. urterako. Badago finantziazioa, COVID-19aren krisiari aurre egiteko diru-laguntzak jasotzeko egitasmoak herritarren parte-hartzerako zirrikituren bat jasotzen baitu. Agian ezberdin egingo dituzte gauzak? Europako Green Deal delakoaren baitan eta berau jarraituz finkatutako bidea izanik, herri ekimenetatik sortutako alternatibei aukera gutxi ematen die.

Funtsezko legeak, plan estrategikoak eta gobernu ekimena izaten omen dira trantsizioetan giltzarri. Hirurak ditugu hemen. Baina benetako aldaketak ekartzeko, bada beste gako bat: kapitalaren interesak ekuaziotik kanporatzea, bere lekuan herri interesak kokatzeko. Hori oraindik lortzeke dugu.