argia.eus
INPRIMATU
Tokiz aldatzea
Castillo Suárez @casti_suarez 2023ko irailaren 13a

Tarteka burutara etortzen zaidan irudi bat da. Maddi Barberrek berreskuratutakoa da, bere dokumentaletako batean. Itoizko urtegia egin zuten garaikoa. Mutil batzuk kamioi txiki batean doaz. Urak hartu dituen lurrez ari dira hizketan. Errepidea erdi estalita dago, eta zuhaitz batzuen adaburuak besterik ez dira ikusten errepide ondoan. Mutilak geratu egin dira ezpondan, eta aitzurrekin zuhaitz batzuk erauzi dituzte beste toki batean jartzeko. Ez dakit non jarri zituzten. Sustraiak errotu ote ziren edo idortu ziren. Bertan utziz gero seguruena urak estaliko zituen erabat, edo beharbada erdi agerian geratuko ziren ametsetako irudia osatuz. Lehengoan bulegora etorri zitzaidan emakume bat. Loreontzi batean basoko iratze bat zekarren opari, urtetan etxeko balkoian eduki duena. Izan ere, nik beti esaten dut umetan iratzeak ekartzen nituela basotik baina lurrez aldatzen nituenean hil egiten zirela. Etxe atarian daukat iratzea, toki ospelean. Handik ez oso urrutira aitak Oteitzako jaiotetxetik ekarritako pikondoa dago. Inoiz ezer eman ez duena toki hotzegian dagoelako segur aski. Batzuetan ezinezkoa da tokiz aldatzea; beste batzuetan, berriz, uste baino errazagoa. Haatik, beti gara toki batekoak, nahiz eta urak estali.