Jan, edan, irakurri... mundua aldatu

  • Datorren abenduaren 31n hamar urte beteko dira Iruñeko Katakrakek ateak ireki zituenetik: ostatua, liburutegia eta ikuskizunetarako areto nagusia biltzen zituen espazio berriak. 2016an laugarren hankak mahaia osatu zuen: argitaletxea. Iruñerrian bakarra da Katakrak, bai gune horiengatik, bai izaeragatik. Nahi bada, badu zerikusirik alternatiboarekin, erresistentziarekin, ametsekin. Edo besterik gabe, ardo ekologiko edo kafe eder bat gozatzearekin.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Iruñeko Alde Zaharrean dago Katakrak, Kale Nagusiaren 54an. Kanpoko bi upeletan beti da norbait, eta barne aldea bor-bor dago abuztu bukaerako eguerdi eguzkitsuan. Nerea Fillat eta Hedoi Etxarterekin sartu gara ostatura. Biak dira Katakrak kooperatibako langile eta bazkide, eta hasieratik daude proiektuan. Bazkari ordua da eta Juan Etxenike mahaiak atontzen ari da. Hogei bat menu ematen dituzte batez beste eguneko. Hiru pisuko eraikina da: behean kantina eta liburu-denda ditu, bigarrenean liburu-denda eta hirugarrenean 200 bat lagunentzako aretoa, non ikuskizunak, hitzaldiak, edota bestelako bilkurak antolatzen diren.

Hamabost lagun ari dira lanean Katakraken eta horietatik zortzi kantinan. Egia esan, lanak esparruka banatuta dituzte, baina horietako batzuk partekatuta ere bai. Fillatek lanaldi erdia argitaletxeari eskaintzen dio eta beste erdia egiturazko funtzio orokorrei. Etxartek argitaletxean ematen du erdia eta beste erdia liburu-dendan. Tira, urtaroaren arabera denen jardunak aldatzen dira: Sanferminetan gehienak tabernara, Durangoko Azokan taldeak han jartzen du indarra, eta Gabonetan liburu-dendan.

Proiektua, baina, ez zen hutsetik abiatu, Iruñeko Curia kaleko Hormiga Atómica liburu-denda izan zuen aurrekari. Hark ere liburuak eta ostatua uztartzen zituen, eta 2007an sortu eta 2013ra arte iraun zuen. Baina Curiakoa nahikoa ez eta gehiago nahi zuten, eta espazio handiago baten bila hasi ziren. Hobeto esanda, makina bat proiektutan gertatzen den moduan, bi norabideko tentsioa egon zen: batzuek Curian jarraitu nahi zuten, eta hangoari eutsi; besteek, ostera, hazi eta jarraitu beste nonbaiten.

Bila hasi eta 2012an erosi zuten egungo eraikina: “Iruñeko lehen eskola laikoa izan zen eta Sarasate [Pablo] eta Baroja [Pio] hemendik pasatu ziren”, dio Etxartek. Geroago karate erakusten zen kirol gunea izan zen eta Katakrak aurretik, 90eko hamarkadan, arte galeria bat. 1.600.000 euro behar zituzten proiektu berriari ekiteko. Dirutza itzela haien begietan. Nola lortu?

Lehen zutabea “mailegutza militantea” izan zen, hau da, proiektuarekin bat egin zezaketenei dirua eskatzea. 120 pertsonek 700.000 euro jarri zituzten mailegutan: “1.000 eurotik 100.000 eurora jar zitekeen mailegu gisa, etekinik gabe, eta kasurik onenean %1eko interesarekin”. Bigarrena Triodos bankuak emandako mailegua izan zen. Eta hirugarrena dohaintzak: 100.000 euro lortu zituzten. Pandemia eta gero urtean diru kopuru bat jartzen duen bazkide figurarekin ere hasi dira, eta dagoeneko 350 bat dira. Hamargarren urteurrenaren une berezi hau baliatu nahiko lukete 500era iristeko.

Iraganari so, edozein herri proiektutan ohikoa denez, hasierako epika laster azaleratzen da elkarrizketetan. Horien artean oso gogoan dute Baionan, Toursen edota Bordelen egindako enkanteak. Azkar joan, azkar erabaki eta azkar ekarri gauzak, hala nola, liburu-dendako apal eta kantinako aulki guztiak. Hiruzpalau tona material Emauseko Trapuketarien lokal batean gorde behar izan zuten. Sasoi haiek tinko iltzatu zaizkio memorian Etxarteri: “Garai gogorrak izan ziren. Katakrak irekitzean sikiera lortu genuen egun batean jai egitea, aurretik egunero egiten genuen lan”.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SAArgazki oina

Eta hau guztia zertarako?
Katakrak. Izen indartsua, adierazgarria, onomatopeikoa. Apurtu, datorkigu burura. “Ireki aurretik izenak debate luzea eragin zuen”, dio Fillatek, baina azkenean kontsentsu zabala izan zen Katakrakekin. 1980ko hamarraldiaren erdialdean Iruñean etxe eta lokal hutsen okupazioaren bueltan sortutako herri mugimendua izan zen Katakrak, eta hartan ibilitako hainbat kideren oniritzia eskuratu ondoren, izen horrekin abiatu zen espazio berria.

Ateak ireki eta, halakoetan ohi denez, denetik entzun zitekeen kalean: “Podemos ingurukoen espazioa da”, “15-Mko mugidatik ateratako zerbait”, 2015ean Joseba Asiron Iruñeko alkatearen gobernu taldean aritu zen Aranzadi plataforma politikoan ere parte hartu zuten haietako batzuek... Kazetari honek nonbait irakurri du Katakrak “komunen espazioa dela” eta hala ote den galdetu die Fillat eta Etxarteri. Fillaten erranetan, “batzuentzat anarkistak gara eta beste batzuentzat, aldiz, Podemosekoak...”, baina gure taldea oso anitza da ideologikoki eta hemen asko eztabaidatzen da denetik”. “Azken finean –zehaztu du Etxartek– akordioa erabaki materialen inguruan eraiki dugu, eta ez oinarri ideologikoetan”. Elkarrizketan geroago sartuko den Aitor Balbas lankideak ere haien arteko pluraltasuna azpimarratzen du: “Hemen mingarriena gure arteko eztabaida politikoak dira”.

Definizio bakarretik ihes egiten dute. Zer egin, zer jan, zer erosi... hura zara. Hori ere izan daiteke kooperatiba hau zer den adierazteko modu bat: sortu denetik Iruñean izan diren greba orokor guztietan espazioa itxita izan dute; 2018an Alternatiben Herria Iruñean ospatu zenean, antolaketaren ardatzetako bat Katakrak izan zen; elikadura burujabetzarekiko konpromisoa agerikoa da kantinako jan-edanetan, eta bertan jaso daitezke, esaterako, Errigorari erositako saskiak. Biba Ardoak kooperatibako ardo ekologikoak bakarrik dituzte. Coca Cola markarik ez dute inoiz saldu. Hamazazpi euroko menuak bi gutxiago balio du prekarioa zarela adierazten baduzu. Eta ostegunetan Lantxotegiko migratzaile gazteak ikus ditzakezu bertan jolasten.

Edozein kasutan, erresistentzia, eraldaketa, feminismoa, antifaxismoa, sexu-aniztasuna... moduko kontzeptuak airean dantzan dabiltza Katakrakeko langileekin izandako elkarrizketen bueltan. Eta dena liburu eta irakurketaz zipriztinduta, diotenez “liburuak giltzarri direlako pentsamendu kritikoa eta irudimen politikoa sustatzeko”. “Gure erronka da aldamenean ditugun kolektibo eta aktoreak toki erradikaletara eramatea”, azpimarratu du Balbasek.

Liburu-denda sarreran dituzte Nafarroako ardo ekologikoak salgai. Horiek zerbitzatzen dituzten tabernan ere. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA)

25.000 liburuko funtsa
Kantinan aurrera jo eta zazpi eskailera gaindituta iritsi gara proiektuaren harri-bitxira: liburu-denda arras jantzi, argitsu eta erakargarria. Eraikineko espaziorik handiena da. Bestelako elikadura dago hemen, baina mama goxorik ere ez da falta eta zintzurra bustitzeko Nafarroako ardo ekologikoak salgai dituzte apal batean, besteak beste, Azpea, Egiarte, Biurko, Mendiko, Aristu edo Lezaun. Anayeta behiak Canal Roya suntsitu nahi dutela gogorarazten digu eta Esako urtegiaren handitzearen aurkako kartela ere hor da.

Sarrera gaineko kartel handian Karl Marx langile erretzaile bat so dugu eta haren begiradapean egin dugu aurrera. Angela Davis gazteak gogoratzen digu “bizitza dela handiena” eta David Bowie zenak hala diosku: “Erabateko zoriontasuna zer den? Irakurtzea”. Narratibaz inguratutako korridorean barneratu ahala ikus ditzakegu Afrikako edo Arabia eta Persiako narratiba sailak. “Fikzio subertsiboa”, dio beste titulu batek, eta gazte beltzaranaren erretratua hala mintzo zaigu: “Ghettoan anaia-arrebok nobela irakurtzen dugu”.

Katakrateko liburuak, narratiba, euskarazko saila, haur literatura eta komikia atzean utzi eta bigarren solairura jo dugu. Politika, filosofia, ideologia eta erlijioen mundura sartu gara. Baina poesia, artea, arkitektura eta beste hainbat alor ere hor dira, nork helduko zain. Denera, liburu-dendak 25.000 liburuko funtsa du. “Euskal Herriko handienetakoa izango da, handiena ez bada.  Pentsa, bakarrik antzerki sailean 400 liburutik gora ditugu”, diosku Etxartek harro.

Fillat eta Etxarterekin jarraitzen dugu eta, milaka libururen begiradapean, bigarren solairuko mahaian eseri gara. “Ez ginen hutsetik abiatu, La Hormiga Atómicatik 7.000 liburuko funtsa ekarri genuen”, dio Fillatek. La Hormigako sei urteko esperientzia erabakigarria izan zen abiatzeko. Politika eta filosofia sailek famatu dute liburu-denda, eta hori bada, zalantzarik gabe: “Nafarroako filosofia sail bakarra dugu, hona Nafarroako Unibertsitateko irakasle eta ikasleak ere badatoz”, azaldu du Etxartek. Fillatek, alabaina, liburu-denda generalista dela azpimarratu du, “eta guztia dugu espezialitate”. Liburu-denda jende askoren artean pentsatutakoa dela diote eta mantentze lana ere hala egiten dutela: “Bezeroek asko laguntzen digute –dio Fillatek–; udan, adibidez, kanpoko jende asko dator eta erreferentzia ugari jasotzen ditugu”.

Nafarroako egunkari batean irakurritakoaren arabera, azken bi urteetan hamar liburu-denda itxi dira Iruñean. “Bai, eta beste batzuk ireki egin dira”, dio bikoteak. Haserretuko dira esaten badiezu herritarrek, eta bereziki gazteek, ez dutela irakurtzen. Hiru lagun ari dira lanean liburu-denda honetan eta galderak berez datoz: Eta hau errentagarria da? Zer saltzen da gehien? “Zalantzarik gabe denetik, baina feminismoa eta haur literatura asko saltzen dira”. Kantinatik liburu-dendara sartuta, batek pentsa dezake ostatuak sostengatuko duela liburu-denda: “Biek ematen dute –dio Fillatek–, alor biak oso orekatuak dira negozio ikuspegitik: ostalaritzak %65eko mozkin-marjina du eta liburuek %30a”.

Hala ere, zerbait oso argi utzi nahi dute: “Katakrak mantentzen da proiektuaren berezitasunagatik, lan taldearen konpromisoagatik, eta inguruan dugun sostenguagatik, bestela ezinezkoa litzateke”. Fillatek proiektuaren ideia giltzarrietakoa utzi du mahaiaren gainean: “Gune hau erreferentzia bat da, besteak beste beti irekita dagoelako. Izatea espazio bat egunean denbora luzez zabalik egongo dena garrantzitsua da erreferentzia irabazteko, eta ideia hori hastapenetik landu genuen”.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Bertako 90 liburu
Argitaletxea 2016an sortu zuten eta urtean bederatzi bat liburu argitaratzen dituzte gaztelaniaz eta sei bat euskaraz. Fillat eta Etxarterekin batera Balbas ari da lanean bertan. Eta kontu garrantzitsua  aipatu dute: “Argitaletxea egin dugu liburu-denda izan eta gero”. Horrek pista ugari eman dizkie. Saiakera eta narratiba gailentzen dira generoari dagokionez, eta lerroetan feminismoa, historia, Polizia eta hiria nabarmentzen dira. Gaztelaniazkoak liburu sofistikatuagoak direla dio Etxartek: “Euskarazkoetan malgutasun handiagoa dago, testu klasikoagoak dira, baina erradikalagoak ere bai, gizartean gaztelaniaz aspaldi landu diren gaiak eta liburuak orain ari gara argitaratzen euskaraz”.

Aurten izan dute lehen arazoa argitaratutako liburu batekin, Baionako liburu-denda batean ziren Puta zikinak. Sexu langileen eskubideen aldeko borroka liburu guztiei eraso egin baitzien “talde integrista eta transfobo batek”. Poliziaren lerroa ere sakon ari dira jorratzen –laugarren liburua kaleratuko dute aurki– eta Etxarteren ustez, “batzuetan horrek ere ematen dit errespetua”. Eta zer saltzen da? Ahoan bilorik gabe mintzo da Fillat: “Ez, dena ez da saltzen eta, esaterako, feminismoa euskarri garrantzitsuenetakoa da guretzat”.

Liburutegian sartu eta ederto ikusten dira liburu horietako asko espreski jarritako erakustokietan. Eta erakustearen gaiak beste meloi bat zabaltzen du: zer, non eta nola erakutsi liburu-dendan. Fillat: “Argitaletxe handien aldetik gero eta presio handiagoa dago haien gauzak ahalik eta ikusgarrien jartzeko, orain dorre batekin datoz, mostradore batekin, posterrekin edo prezio jaitsierekin. Asteroko borroka da, eta ez, guk argi utzi nahi dugu: guk erabakiko dugu zer erakutsi”.

Beheko solairuan isiltasuna egin da, liburu-denda itxi dute. Goian solasean jarraitzen dugu, Fillat eta Etxarte berba jario onekoak dira biak, eta galderak eta erantzunak bata bestearen atzetik datoz. Baina nekea sumatzen da airean eta kazetariak oraindik asko jakin nahi du, besteak beste proiektuaren arimaz, barruko antolaketaz, lanaz, langileen bizipozaz... horiek ere proiektuari buruzko informazio klabea ematen dutelakoan. Horretarako langile talde batekin biltzea eskatu die, eta baietz. Asteazkena da gaur eta datorren astelehenean izango da hori.

Dagoeneko 90en bat liburu argitaratu dituzte Katakrak argitaletxean. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA)

Arima konplexu hori
Goiz da, oraindik kantina itxita dago eta han batu gara sei lagun: orain arteko Fillat eta Etxarteri gehitu zaizkie Izaskun Mata, Maitane Unzu, Juan Etxenike eta Aitor Balbas. Mata 2019an hasi zen lanean Katakraken eta gainerakoak hasieratik daude proiektuan. Fillat eta Balbas Eguzki Bideoak proiektuan aritu ziren aurretik –zeinarekin hainbat elkarlan egin zituen ARGIAk–. Etxenike Greziatik zetorren –eta hara itzuliko da laster–, Unzuk 2013an jaso zuen Iruñean proiektura gehitzeko gonbitea, eta Izaskun sasoi hartan Arte Ederrak ikasten ari zen Bilbon. Gasteizera ikastera joanda, zortzi urtez han bizi ostean Iruñeratu zen Etxarte abentura honetara.

Bat datoz guztiak: batzuetan gogorra da, baina badakite zer egiten duten eta oso gustura ari dira Katakraken. El Drogasek bere kontzertuetan behin eta berriz dioen gisan, “a gusto” [gustura]  laburbildu du tinko Matak: “Ikusten duzu zure lan orduek, diruaz gain, beste zerbait ere ematen dutela. Hiriko elkarteentzat erreminta bat gara”. Balbasen esanetan, “bizitza, politika eta lana, dena uztartzen da hemen; baina gure lagunek ez bezala, bizitza beste molde batez antolatu behar dugu”. Fillaten ustez, “lan honek zentzu handia ematen dio gure bizitzari. Bere konplexutasun guztiarekin, baina zoriontasunetik nahiko gertu egoteko aukera ematen digu”.

“Lagun batek galdetu zidan behin ea nik zertan militatzen nuen –dio Etxenikek–: ‘Nik kafeak zerbitzatzen ditut’, erantzun nion. Hemen jende mota asko biltzen da eta ikusten dituzu bilerak egiten eta hainbat proiektuz hitz egiten. Ez dute zerikusirik gurekin, baina Katakrak erabiltzen dute, orain bideoklip bat sortzen eta gero emakumeen aurkako indarkeriari buruzko kartelak egiten”. Etxartek ere argi du: “Hemen lan egitea luxu handia da. Bizi garen munduaren logikan dena dugu kontra. Debekatuta dagoen zerbait egitea bezalakoa da”. “Baina ez ahaztu –gehitu du Unzuk–, lan taldea hemengo hamabost kideak baino gehiago da. Eta bai, gogorra da, hemen asko ematen dugu eta bizitza pertsonalak ere batzuetan sufritzen du”.

Lan profesionala eta militantzia nola uztartu? ARGIAko kazetariari ere ez zaio arrotza egiten galdera. Fillatek hala erantzun du: “Batzuetan sufritzen dugu bai, eta kontraesan hori mahai gainean dago. Gure mugekin, baina horri era kolektiboan erantzuten diogu. Zer da zaintza? Guk elkarren artean egiten dugunetik gertuago dago hemendik kanpo egiten denetik baino”. Baina hamaika arrazoi direla medio, “tartean lankideen aniztasun politiko eta ideologikoa –dio Balbasek–, tentsioak ere sortzen dira, eta horiek akordio orokorren bidez bideratzen ditugu, eta filosofia batekin: ‘bizi eta utzi bizitzen’”.

Ezkerretik hasita, ARGIAko kazetaria, Aitor Balbas, Hedoi Etxarte, Nerea Fillat, Juan Etxenike eta Izaskun Mata. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA)

1.300 euroko lansaria
Katakrakeko langileek Ostalaritzako lan hitzarmena dute eta denek oinarrizko soldata berdina –1.300 euro hileko eta urteko 14 ordainketa–. Jai egun guztietan kantina itxita dute eta sei opor aste urtean –hitzarmenean baino bi gehiago–. Eta giltzarria den gaia ere aipatzen dute, horizontaltasuna: “boterea ongi banatuta dago”.

Erabakimena hiru geruzatan banatuta dute. Lehenengoan liburu-denda, kantina eta argitaletxea kudeatzen duten lan taldeak biltzen dira esparruka. Bigarrenean kooperatibako biltzarra dago, astero egiten dute lan bilera bat, eta bi astez behin bazkideak ez diren langileek ere parte hartzen dute bertan. Eta hirugarrena asanblada orokorra da: biltzen ditu kooperatiba gehi proiektuarekin buru-belarri ari direnak, haren zorrak berenganatzeraino, adibidez, edo urteko hainbat unetan lan eginez ere bai; beharren arabera, baina oro har lau bat aldiz biltzen da urtean, beti igandetan, egun osoko jardunean. Urtean behin, halaber, Katakrakeko laguntzaile sare zabalarekin beste bilera bat egiten dute. Hodei beltzik ere ez da falta, bestela estralurtarrak lirateke eta: ostalaritza gogorra dela diote eta jendeak ez duela nahi sektore horretan aritzea, kostata lortzen dute bost urteko konpromisoa hartuko duen inor.

Langileen esanetan, asanblada nagusia asko indartu zen pandemiaren ondoren eta bertan finkatzen dira aurrera begirako lerro nagusiak. Garai horri garrantzi handia ematen diote kooperatibako kideek, besteak beste azalerazi zuelako proiektuak zituen egiturazko hainbat akats, alor ekonomikoan edo lan banaketan. ANEL Nafarroako Kooperatiba Elkartearekin –hango bazkide dira– egindako azterketa prozesua goraipatu dute. Haren ondoren, adibidez, kontabilitatea daraman pertsona lan taldean integratu zuten.

Eta kontabilitatea aipatuta, ezin utzi aipatu gabe hirugarren solairua, ikuskizunetara bideratua. “Milaka euro galtzen dugu harekin urtero eta aretoaren logistikak lana ematen digu”, dio normalizatutako etsipenez Etxartek. Urtean 20-40 ekitaldi artean egiten dira bertan. Beste hamaikaren artean, Lucio Urtubia, Julen Madariagak, Silvia Federicik edo PSOEko ministro ohi Carmen Alborch izan dira taula gainean hizlari.

Lantaldea dagoeneko hamargarren urteurreneko putzuan ari da plisti-plasta. Proiektua hazi eta heldu egin da: langileak gustura ari dira, jende kopurua ikusita bezeroak ere bai antza, eta hipoteka Koop-57 banku etikora pasatu zutenetik ekonomikoki ere sendoago daude. Hamar urte ez da txantxa eta oraingoz bederen, badute zer ospatu. Katakrak zer den eta zer ez aritu gara bertara egindako joan etorrietan, iraultzaz ere sakon mintzatu gara, baina akaso klabe nagusietakoa dendatik liburuak eramateko salgai duten eta latindar alfabetoa ageri duen poltsa arrosan izkiriatuta dago: “26 letra mundua aldatzeko”.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Poltsaren leloak ere asko dio Katakraki buruz: "26 letra mundua aldatzeko"

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


2024-12-20 | Sonia González
DSBEren ‘humilladeroa’

Betidanik begitandu zait esanguratsuagoa han-hemenka topa daitezkeen guruztokiei gazteleraz esaten zaien modua: humilladero. Ez al da guruztoki edo santutxo izen nahiko light, zuri edo haragoko konnotaziorik gabekoa? Azken batez, bertatik pasatzen zen oro umiliatu behar zen... [+]


2024-12-20 | Hiruki Larroxa
Irribarre egin, murtxikatu eta isildu

Askok, Gabonetan, ilusioa baino alferkeria handiagoa sentitzen dugu familia-otordu eta -topaketetan pentsatzean. Baina aurreratzen dizuegu ez dela otordua bera kolektiboki deseroso sentiarazten gaituena, familia tradizionala definitzen duen normatibitatea baizik. Are gehiago,... [+]


2024-12-20 | June Fernández
Saioa Baleztena eta Nel Santacruz
“Frustrazioa eragin dezake bularra ematearen onurak azpimarratzen dituen diskurtsoak”

Askotariko edoskitze ereduak ikusarazten ditu Todas las lactancias (Txalaparta) liburuak. Erakundeek bularra ematea gomendatzen dute, baina ez dituzte nahikoa baliabide eskaintzen eskubide hori bermatzeko. Ondorioz, edoskitzea nahi dutenek zein biberoia ematea  erabakitzen... [+]


2024-12-20 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Zure herriko Baltasarrek ere ‘blackface’ egiten du?

Badatoz urteko asterik magikoenak, edo hobe esanda, kontsumistenak. Askori gustatuko litzaieke opariak Olentzeroren zakutik jasotzea, zerutik erorita bezala, baina errealitatea da Gabonetan gure zakutxoak direla gehien sufritzen dutenak, poltsikoak hustuta hasten dugula urtea... [+]


Atzerritartasun legearen erreforma, Regularización Ya taldearen borroka alboratzen duen sasi-konponbidea

Fernanda Callejasek, Tatiana Romerok, Leo Bueriberik eta Vanessa Uyiguosak parte hartu dute Pikara Magazinek antolatutako "Emakume migratuen lana eta egoera ekonomikoa" eztabaida-mahaian.


2024-12-20 | Hainbat egile*
Pornografia gaztetan

Gazteak gero eta lehenago hasten dira pornografia kontsumitzen; izan ere, bere sexu heziketa bakarra da pornoa. Nola demontre heldu gara honaino?

Gaur egun, onartu behar da Interneti esker pornografia ikustea askoz errazagoa dela. Tamalez, klik baten bidez 7-9 urte arteko... [+]


2024-12-20 | Hala Bedi
Okupazioaren aurkako neurri berriari ezetz esan diote Gasteizen, hainbat gaztetxek eta kolektibok deitutako elkarretaratzean

Gaur, behin betiko bozkatuko da okupazioaren aurkako lege-aldaketa kongresuan. Atzo, Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute hainbat gaztetxeetako kideek; aldarrikatu dute "okupazioaren aurkako kriminalizazio oro gelditzea, eta okupazioaren aurkako neurri... [+]


Gizon bati espetxe zigorra ezarri diote, Donostian emakume bat bortxatzen saiatzeagatik

Gipuzkoako Auzitegiak urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, emakume bat bortxatzen saiatzeagatik. Epaiketa asteazkenean egin zuten, eta, hasi aurretik, gizonak gertakariak onartu eta akordioa erdietsi zuen Fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin, zigorra... [+]


2024-12-20 | Gedar
Eraso faxista Irungo Lakaxita Gaztetxearen aurka

 Eraikin osoan zehar egin dituzte margoketa faxistak. Erasoa salatzeko, protesta bat antolatu dute larunbaterako.


2024-12-19 | Leire Ibar
Ia urtebete daramate soldatarik gabe Bilboko ikastetxe bateko langileek, funts putre batek eraikina erosi ondoren

Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.


Gabonetan sortzen den kutsaduraren %57 oparien ondorioz da

Ikerketa baten arabera, Frantziako Estatuan 6,3 milioi tona CO2 isuriko dituzte herritarrek Gabonetan, eta opariak dira horren erantzule nagusiak: %57. Oparien artean, gehien kutsatzen dutenak aparatu elektronikoak eta bitxiak dira, metal eta mineralen erauzketaren ondorioz, eta... [+]


Ernaik dio bere kontrako operazioa egon izana frogatzen dutela Jaurlaritzaren aurka aurkeztutako helegiteen lehen ebazpenek

Gasteizko Auzitegiko laugarren aretoak ebatzi du Gasteizko isunak bertan behera uztea, eta Bilboko isun batzuk 2.500 eurotik 1.800era murriztea, "gehiegikeria" egon zela argudiatuta. Ernairen arabera, Segurtasun Sailak "arbitrariotasunez" eta... [+]


2024-12-19 | Leire Ibar
Garraio publikoa garestitzearen aurka mobilizatu dira Bilbon

Garraio publikoaren prezioa handitzea eta deskontuak kentzea “onartezina” dela kritikatu dute dozenaka pertsonak, Jauzi Ekosozialak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta. Langile klasearentzako “zama gehigarri bat” izango litzatekeela eta... [+]


Eguneraketa berriak daude