argia.eus
INPRIMATU
Egile eskubideak alkoholetan
  • Paris, 1847ko martxoa. Gau batez, Café des Ambassadeurs lokal ezagunean musika zuzenean jotzen ari ziren, beste hainbatetan bezala. Entzuleen artean Ernest Bourget, Paul Henrion eta Victor Parizot zeuden, hirurak musikariak, beren sormen lanaz bizitzeko borrokan ari zirenak.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko irailaren 12a
Ambassadeurs: Aristide Bruant, Henri Taoulouse-Lautrec (1882) eta Kafe kontzertua Les Ambassadeurs-en, Edgar Degas (1877). Bi artistek egile eskubideen jatorrian dagoen kafetegi ezaguna margotu zuten.
'Ambassadeurs: Aristide Bruant', Henri Taoulouse-Lautrec (1882) eta 'Kafe kontzertua Les Ambassadeurs-en', Edgar Degas (1877). Bi artistek egile eskubideen jatorrian dagoen kafetegi ezaguna margotu zuten.

Bourgetek, esaterako, 33 urte zituen ordurako, eta oraindik ez zuen lortu bere karrerak gora egiterik; gerora, besteak beste Jacques Offenbachentzat libretoak idatziko zituen.

Hirukotea konturatu zen Gabriel etorbideko kafetegi ezagunean jotzen ari ziren piezetako batzuk haiek sortuak zirela. Haiek konposatutako musikari esker, zuzenean jotzen ari ziren interpretatzaileei beren lanagatik ordainduko zieten. Lokaleko arduradunak ere dirua jasotzen ari ziren, musika emanaldien bidez kontsumitzen zuen publikoa erakartzen zutelako. Konpositoreek, aldiz, ez zuten libera bakarra ere jasoko.

Horregatik gau hartan, beren lanagatik ordainik jaso ezean,  kontsumitutako edariak ez ordaintzea erabaki zuten, bidegabekeria nolabait arintzeko. Café des Amassadeurseko jabeak ordaindu gabe alde egin zuten konpositoreen aurkako salaketa jartzea erabaki zuen, eta auzia epaitegietara iritsi zen.

Epaiketa hiru musikagileek irabazi zuten. Eta edari batzuk ez ordaintzea baino askoz gehiago lortu zuten. Eztabaida zabaldu eta musika sortzaileak antolatzen hasi ziren. Handik lau urtera, 1851n, Société des Auteurs, Compositeurs et Éditeurs de Musique (SACEM) sortu zen, musikarien egile eskubideen kudeaketa kolektiborako lehen elkartea. Mende luzez musikagileek mezenasgoari edo enkargu jakinei esker soilik lortzen zuten beren talentua bizibide egitea, baina 1847ko gau batez ordaindu gabe utzi zituzten edari horien ondorioz, sormen lanak merezitako aitortza eta ordain ekonomikoa izango zuen handik aurrera… sormena aitortzearen eta partekatzea debekatzearen arteko muga, eskubideen defendatzaile eta finantza espekulatzaile izatearen artekoa, lausotzen hasi zen arte.