argia.eus
INPRIMATU
Chihuahuak, kanitxeak eta klase borroka
Xalba Ramirez @xalbaram 2023ko irailaren 15a

CEROS
Ben Yart
Oso polita, 2023

---------------------------------------------------------

Chill Mafia eztanda bat izan zen. Tinta asko gastatu zen prentsan fenomenoa ulertzeko, edota ikuskizunean nork bere aletxoa gehitzeko, klik errezak zirelakoan. Leherketa zirudiena baretu da, eta orain jarraitzen dugu betiko moldeetan, taldeengandik musika soilik esperota.

Arretarik jarriko ez zaion arren, ordea, dena aldatu zuten Arrotxapea eta Mendilorriko gazteek. Garrantzitsuena, euskal gazteek izan zuten konexioa garaiarekin; azkenean norbait ari zelako belaunalditik belaunaldira kantuan, helduek ulertuko ez zuten kodean.

Zurrunbilo hartan, Chill Mafiaren atzean, edota albo baten, zebilen Ben Yart mendilorritarra. Lerro hauetan hitz egin genuen berari buruz, eta nola sampleatu zuen Maddi Oihenarten Ikusiko dira berriz kanta zoragarria Gure kabia ederrean. Ordutik, han hemenka kolaborazioak egiten azaldu da, Espainiako traparen ikur nagusiekin batera Barriobajero hit-a kaleratuz, adibidez. Bere mixtape propioa atera zuen 2021ean: Pitxu en casa.

Orain, bere lehen lan luzea kaleratu du: Ceros. Gallery session deitzen den zuzenekoa eskaini zuen orain hilabete gutxi izen berarekin, eta izandako oihartzunaren ondorioz, hortik zehar grabatuta zituen kantak bildu eta disko gisa kaleratzeko beharra izan zuen. Izan ere Youtubeko bideo horrek milaka ikustaldi eta erreakzio izan zituen.

Zerk egiten du berezi kanta hori? Ikustea besterik ez dago. Kasik ulertzen ez den istorio bat kontatzen du chihuahua eta kanitxe baten inguruan. Entzunaldi bakoitzean zerbait berria ulertzen duzu, eta lortzen duzunean letra deszifratzea konturatzen zara atzean ez dagoela itxura huts bat: chihuahua eta kanitxeak, langileria eta burgesia sinbolizatzen duten metaforak dira. Klase gizartearen azterketa bat da kanta hau eta kasik diskoa osorik ere bai.

Ez gara jarriko Mark Fisher estiloan, hemendik ondorio politiko eta teoriko sofistikatuak ateratzen. Diskoak asko hitz egiten du pobreziaz, diruaz, arazo ekonomikoez, eta hori dena dator auzo bateko gaztea izatearen esperientziari lotuta, drogei lotuta eta kapitalismoaren egiturazko arazoei lotuta. Interesgarria hemen ez da analisia, baizik eta nondik egiten duen.

Ben Yarten lirika poesia da: lehendik entzun ez duzun poesia, esango nuke. Ez dut ezagutu artistarik estrofa batetik bestera gaiez aldatzeko gaitasun horrekin. Elkarrizketa batean entzun nion, bere erreferenteak zeintzuk diren galdetuta, berak musikariez gain, kaleko jendea zuela gogoan: kale saltzaile batek egiten dituen oihuak, bere produktua saltzeko. Hor topatzen du inspirazioa.

Egungo musikan, ohikoa da estribilloari garrantzia ematea. Ben Yarten kasuan alderantziz da. Gero eta estribillo gutxiago, hobeto: esateko gehiago du eta zutabeetan. Nire gogokoenak: Uno, Cero a la derecha eta Feliz. Eroena: Día de paga. Eman diezaiegun aukera bat esateko molde berriei. Euskarak ere ikasi dezan.