Jakinduria eta argia lotzeko tradizioa oso zaharra da. Indoeuropar hizkuntzetan biak estekatzen dituzten metaforak hain dira ohikoak, hain daude sartuta, non ez baitira ia kontzienteki sumatzen. Baina ez horietan soilik, gureak ere lotura bera du berezko: argia esaten diogu pertsona azkarrari eta adimenaren argiaz hitz egiten dugu. Erlijioak jakinduriaren bidea argitsua dela esan du maiz (arrazoi eta fedearen arteko aurkakotasuna disolbatu nahian), gogora dezagun Ego sum lux mundi leloa edo Agustin Hiponakoaren argiztapenaren dotrina. (Jainkosek libra gaitzatela bidezidor argitsuetatik; paradisurantz naturalki doazen bidezidor argitsu baino gehiago infernurako artifizialki argiztatutako bideak besterik ez baitziren).
Antzinaroan, jakituria objekturik argitsuenen ezagutza dela ulertu zen maiz. Platonek haitzuloaren mito ospetsuan argia eta itzalarekin jolastu zuen, jakinduriarekiko bidea –hezkuntza dela medio– itzalpetik askapena zela irudikatuta. Filoponek, VI. mendeko filosofo eta teologo alexandriarrak, Aristotelesi egotzi zion sophia (jakinduria) eta sápheia (argitasuna) arteko hitz-joko bat egin izana, lehenak gauza guztiak argitzen zituelako. Gaur oraindik guretzako, argi ikustea ondo ulertzea da eta ilunpetan ibiltzea ezjakintasunean galduta egotea.
Metafora berbera dago Erdi Aroa garai ilun gisa ikustearen atzean. Nahiz eta aspalditik modan egon horrenbesterako ez zela izan errepikatzea, alegia, Erdi Aroa ez zela margoztu diguten eta irudikatu dugun aro ilun –ezjakin– hura (oraingoan arriskua beste muturrean dago: Erdi Aroa izan ere ez zen zerbait bezala irudikatzea, berdintasun- eta anaitasun-paradisu bat bezala). Kontuak kontu, Erdi Aroaren ostean Errenazimendua etorri zen, argia berpiztuz eta argiztapena gailurreraino eramanez, Ilustrazioraino, “Argien Mendea” ere deiturikoa, arrazoimena kandela eskuan zetorrelakoan, fede itsuak eta akritikoak sortutako iluntasuna argitzera.
Badaude iluminatuak, gauzak benetan nolakoak diren ezagutzeko orduan, gainerakoek baino gaitasun handiagoa dutela sinestutako iragarleak
Erromantizismo alemaniarrak –Ilustrazioaren kontrako erreakzio garaikide erradikalak eta, autore gehienetan, oso atzerakoiak– argiek itsutu egiten gaituztela erakutsi nahi izan zuen (“Argi gehiegi mende honetan!” oihukatu zuen Herderrek, Erromantizismoaren aitetako batek). Udako eguerdiko argiak ez du ezer ikusten uzten, dena erre eta lautu egiten du. Gauzak askoz profilatuago agertzen dira iluntzeko argi zeiharrarekin. Argi-ilunean, hobeto bereizi eta hautematen da dena. Argitasun gehiegiko unean, itzalik ez dagoenean, ez da ondo ikusten.
Argien itsualdiaren aurkako Herderren oihua Kanten Sapere aude! (norbere ulermenaz baliatzeko deia) delakoaren kontrako gisa ulertu da sarri. Ni osagarriak direlakoan nago, baina eztabaida hori alboratuko dugu oraingoan.
Kontua da badaudela pentsalari argiak, hau da, burutsuak, azkarrak, besteek ikusten ez dutena fokuratzen eta itzalak halakotzat seinalatzen dituztenak (pentsalari esan dut; dendari, garbitzaile, irakasle edo politikari esan nezakeen). Baina badaude, halaber, iluminatuak, ia naturaz gaindiko botere batek eraginda jokatzen dutela uste dutenak, egiaren jabe direlakoan. Gauzak benetan nolakoak diren ezagutzeko orduan, gainerakoek baino gaitasun handiagoa dutela sinestutako iragarleak. Pentsalari argiak, batetik, eta iluminatu hutsak, bestetik. Zertan bereizten dira? Argia eta zehatza ote da bien arteko muga? Bi kasuetan, argia, jakinduriaren metafora. Baina ez al da gertatu inoiz, ustez oso argitsu diren horiek garaiz ez galgatzea eta listopasatu bihurtzea? Esango nuke behin baino gehiagotan ikusi dela horrelakorik (baietz, guztiok daukagu bat buruan!). Jainkosek ez dezatela permititu argitasunak itsutu gaitzan.