argia.eus
INPRIMATU
Zaintzaren iraultza
Mati Iturralde 2023ko irailaren 04a

Iraultza txikien akanpadan parte hartu nuen uztailean, zaintzari buruzko hausnarketa egiteko. Mahaiaren inguruan bost emakume eseri ginen: Arabako etxe- eta zainketa-langileen elkarteko Laura eta Shirley; Denon bizitzak erdigunean taldeko Paula eta Ainhoa; eta Kukuso taldeko partaide, ni neu.

Askotan gertatzen den bezala, Shirleyk eta Laurak beste partaide guztiak “lurra zapaltzera” behartu gintuzten, beren errealitatearen argazki gordina erakutsi zigutenean. Oso aldarrikapen zehatzak egin zituzten: barneko langile gisako lan domestikoaren abolizioa; lan baldintzen arautzea; eta Segurantza Sozialaren erregimen orokorrean sartzea, beste langileak bezala. Hau da, esan ziguten esplotaziotik ateratzeko oinarrizko eskubideak ezinbesteko bermeak direla.

Sistema kapitalista bera bezalaxe, gure jendartean zaintzaren garapena ere krisian dago; eta feminismoa hausnarketa ugari egiten ari da krisialditik ateratzeko, baina ez da erraza. Gure jendartearen antolakuntzak paradoxa sortu du: emakume batzuek ez dute zaintzaren lana asumitzen, patriarkatuak inposatu duelako; baina, aldi berean, kate zitalaren hurrengo mailan beste emakume batzuk daude, pobreagoak eta arrazializatuak, eta beraiek behartuta daude zaintzaren lana egitera baldintza prekarioetan eta esplotazio egoeran.

Agian orain arte askok daukagun bizimodua, etengabeko kontsumoan murgildutakoa, aldatu beharko litzateke, eta denbora eta baliabide gehiago gure ondokoen zaintzan inbertitu

Erdibideko irtenbidea bilatu nahian, mugimendu feministak proposatzen du zaintzaren lanak zerbitzu publikoek bere gain hartu beharko lituzketela. Oinarrizko bi kontraesan ikusten ditut: lehenengoa, eremu publikora ekarrita ere, sistema ekonomikoa aldatu ezean, zaintza lanak emakumeen eskuetan jarraituko du; eta bigarrena, komunitatearen erantzukizuna eta gai horren inguruan dagoen “zor soziala” desagertu egiten dira.

Bi kontraesan horietan agian beste arazo sakon bat ager daiteke: hazkunde kontrolatua zaintza eremuan ere aplikatu beharra. Hau da, beharbada utzi behar diogu pentsatzeari zaharren, mendekotasuna dutenen eta umeen zaintza komunitate gisa ez zaigula egokitzen. Agian orain arte askok daukagun bizimodua, etengabeko kontsumoan murgildutakoa, aldatu beharko litzateke, eta denbora eta baliabide gehiago gure ondokoen zaintzan inbertitu.

Hauteskunde kanpainaren ondoren argi geratu da, nire ustez, alderdi politikoek ez dutela halako eztabaidan sartu nahi, eta, beraz, sindikatuek eta mugimendu feministak beren gain hartu beharko dutela. Datorren greba feminista, horren adibide.

Alternatibak landu behar ditugu eta, nire iritziz, argi geratu behar da sistema kapitalistan zaintzea eta bizitzea bateraezinak direla. Horregatik ezinbestekoa da zaintzaren iraultza.