1523ko abuztuaren 18an, Henrike II.a Nafarroako erregeak Estatu Nagusiak deitu zituen Donapaleun. Gaztelaren eraso eta konkistaren ondoren, Nafarroa Behereko lurraldera mugaturik geratu zen erresumak bere egiturak bizirik mantentzeko azken saiakera izan zen hura. 500 urte geroago, gertaera hori gogoratuko dute, Amikuzen euskara sustatzeko lanean ari den Zabalik elkarteak, Nabarraldek eta Hernani Errotzenek.
Nafarroako Erresuma Noaingo guduan galdu zela edo Amaiurko gazteluaren aurrietan lurperatuta geratu zela diote historia liburuek. Eta hein batean hala izan litekeen arren, ezin uka iraun ez zuenik. Henrike II.ak Pirinioen hegoaldean zituen egitura berak antolatu nahi izan zituen Nafarroa Beherean, Donapaleu edo Iriberri zaharra hiriburu zuela. Aurten bete dira 500 urte 1523ko abuztuaren 18an Nafarroako Estatu Nagusiak egin zirela herri horretan, Nafarroako gorteen antzeko zerbait; bertan bildu ziren Nafarroa Behereko jauntxoak ez ezik, eliz agintariak eta herrietako ordezkariak ere, euren legeak errespetatzearen truke Albretekoari fideltasuna zin egiteko.
Gertaera hori gogoratzeko besta berezia egingo dute Donapaleun irailaren 9an, Zabalik elkarteak, Nabarralde fundazioak eta Hernani Errotzenek antolatuta, Donapaleuko Herriko Etxeko laguntzarekin. Hitzaldi zikloak, oroimen ekitaldia, bazkari herrikoia eta abar izango dira. “Memoria ezabatua izan dugu osoki, eta bilatzen hasi orduko, hemen toki eta gertakari garrantzitsuak izan direla ikasten dugu”, azaldu dute eguna aurkezteko prentsa dosierrean.
Nafarroako konkistaren beste aldea
Gaztelak 1512an Nafarroa inbaditu zuenetik, Nafarroako errege-erreginen kausaren aldekoak birritan saiatu ziren euren erreinua berreskuratzen, baina behin eta berriz egin zuten topo inbaditzaileen hagin zorrotzekin. Hala, Pirinioen iparralderantz zeuden lurraldeak ezinbesteko izan zitzaizkien babesa bilatzeko. Geografikoki estrategikoa zen eremu horretan, Carlos V.a enperadore espainiarraren aldeko nobleek Nafarroa guztiz bereganatzeko egin saiakerak antzuak izan ziren beti, izan bortuetako neguaren gogorragatik edo atzeguardia defenditzeko ezintasunagatik.
Hala gertatu zen 1521ean, maiatzean altxatutako nafarrek Noainen porrota jazo ondoren askok Donibane Garazira ihes egin zutenean. Haien atzetik, milaka soldaduk osaturiko gudaroste espainiarrak –tartean Bizkaiko eta Gipuzkoako jende asko ere bai– Pirinioak gurutzatu eta hiribildua asaltatu zuten. Guarnizio nafarra sarraskitu zuten eta Joanikot Arberoa kapitainari heriotza krudela eman zioten denen eskarmenturako. Baina atzera, gaztelarrek gotorlekua errauts bihurtu eta Iruñera itzuli ziren, ezinezkoa zitzaielako plaza hartan geratzea.
1523ko udan egoera antzekoa zen. Urtebete lehenago, Amaiurren Nafarroako erregearen aldeko azken legitimistak erori ziren, espainiarrek gaztelu mitikoa airean leherrarazi zutenean. Gainera, Noaingoaz geroztik errepresio basatia ezarri zuten susmopean zegoen nafar jauntxo eta herritar ororen kontra. Henrike II.a Albretekoa Biarnon zela, iparraldeko bere lurraldeak defendatzeko tropak biltzen hasi zen, jakitun Carlos V.a prest zela berriz erasoa jotzeko, Frantziako errege Francisco I.arekin zuen lehiaren barruan. Baina horrez gain, ikusita Nafarroa Garaia berreskuratzea zail izango zuela, Nafarroa Beherean erresumaren egiturak antolatzen hasi zen; testuinguru horretan deitu zituen Estatu Nagusiak Donapaleun.
“Henrike II.ak praktikan zerotik hasi behar izan zuen”, dio Peio Monteano historialariak Dos destinos para un reino (“Bi patu erresuma batentzat) liburuan. Bere esanetan, ordura arte Baxenabarreko jauntxo eta prelatu oso gutxik hartu zuten parte nafar instituzioetan, eta beraz, lehen aldiz izendatu behar izan zituzten. Lehen bilera abuztuaren 18an egin zen Jondoni Pauloko elizan, eta Bernart Abadia Nafarroako kantzilerrak irakurri zuen monarkaren izenean juramentua: "Zin egiten diot Nafarroako herri guztiari...", dio gaztelaniazko aktak.
Geroztik Donapaleun bildu ziren Nafarroako erreinuaren administrazio gorenak: Jondoni Pauloko eliza hori bera Nafarroako Kantzileritzako egoitza bihurtu zen; lehendik ere bazegoen moneta etxean, berriz, erreinuaren txanponak jaulkitzen hasi ziren Henrike, jainkoaren graziaz, Nafarroako errege leloarekin; auzitegia, espetxea... Horien bidez merkataritza, nekazaritza, zerga eta mugen inguruko arau eta zigor ugari ezarri ziren. Baina asmoa Estatu Nagusiak urtero biltzea bazen ere “oso laster ikusi zen hori bideraezina izango zela”, dio Monteanok.
Gaztelarrek 1523. urteaz geroztik Nafarroa Beherea hainbatetan okupatu zuten. Baina 1527ko urriaren 5ean, tropa nafar eta biarnotarren presioaren ondorioz, Donapaleu azken aldiz arpilatu ondoren ospa egin zuten betirako. Ez ziren gehiago itzuliko.
Gerra luze haren ondorioz, Pirinioetan muga bat ezarri zen, ordura arte ez zegoena –eta gaur egun ere jasaten duguna–. Hala ere, harreman komertzial eta familiarrak bizirik mantendu ziren hamarkada askotan. Aitzitik, erlijio gerrek akuilatuta eta Nafarroako erregea Frantziako errege ere bihurtuta, harreman hori itzaltzen joan zen XVII. mendean. 1620ko Paueko bateratze ediktuarekin Luis XIII.ak –Nafarroako Luis II.a– Nafarroa Beherea, Biarno eta Donezan Frantziako Koroan integratu zituen; frantziarrek lurralde horiek militarki okupaturik zituztela, Estatu Nagusiek ezin izan zuten ezer askorik egin. Nafarroako erresuma independentearen azken hatsak ziren horiek.
Zabalik elkartea: “Badugu historia potente bat”
“Senegalen eta beste lurralde kolonizatuetan bezala, Euskal Herrian erakutsi digute gure arbasoak galiarrak zirela, eta Ibañetako guduan sarrazenoek hil zutela Errolan heroia, eta gu Karlomagnoren alde ginela. Hori da erakutsi digutena”, azaldu digu antzerkigintzaren munduan ezaguna dugun eta Zabalik euskara elkarteko kide den Mattin Irigoienek. Baina bere esanetan badago duela 500 urteko “historia potente bat” kontatua izan ez dena.
Duela urte batzuk Donapaleun egin zen Deskonkista Egunean jabetu ziren ezjakintasun handia zegoela gaiaren inguruan, eta geroztik hainbat ekimenetan hartu dute parte. Testuinguru horretan antolatu dute irailaren 9ko Nafarroa Bizirik 1523-2023 besta eguna. Egitaraua prest dute eta Loraldia erakusketa martxan da jadanik Bideak kultur guneko aretoan, Nafarroa Beherean urte haietan izandako loraldi kulturala azaltzen duena.
Zabalik 2010etik aitzina lan izugarria ari da egiten Amikuzen euskara sustatu eta berreskuratzeko –Larrun aldizkari monografikoaren 214. zenbakian kontatu genizuen–. Biarnoko mugan euskara azkar galdu zen pasa den mendean: “Belaunaldi batean trantsizioa moztu zen bortizki”, dio Irigoienek. Amikuzeko euskalgintza koordinatzeko ardura hartuta, elkarte horretatik emeki-emeki ari dira “arnas uneak” sortzen eta hizkuntzari buruzko sentsibilizazioa lantzen gau eskoletan, Libertimenduan, Otsail Ostegunak hitzaldi zikloekin edo berrikitan sorturiko aisialdi zentroaren bidez, zeinetan euskararen presentzia eta erabilera lehenesten duten.
Hala, oroimenari eta historiari loturiko Donapaleukoa bezalako ospakizunak “palanka” bat direla oroitarazi digu Irigoienek, “euskaraz erresistitzeko forma bat”. Baina historiaz birjabetzearen garrantzia ere azpimarratu du antzerkigileak, bere ustetan hein handi batean hortik baitator hizkuntzaren eta nortasunaren galera, Amikuzeko iraganari begiratuz gero ederki asko ikusten dena.
Hizkuntza eta duintasuna berreskuratzea
Nafarroako konkistaren garaian, Behe Nafarroan 3.000 etxe inguru zeuden, eta ehun leinu baino gehiago –Lüküzeko, Agramonteko eta Domintxaingo jauntxoak buru zirela–. Amikuze zen eskualderik populatu eta aberatsenetakoa, eta Donapaleu hiri nagusiena. Etxe askotan eiherak zituztela diote orduko kronikek, zenbait kasutan gaur arte iraun dute euren eiherazainarekin, Jean Claude Mailharin gaian adituak eta Zabalik elkarteko kideak bere hitzaldietan azaldu moduan.
Alta, mendeen poderioz, eta Nafarroako Erresuma desegin ostean, Donapaleu eta inguruak jende eskolatuz eta funtzionarioz betetzen ziren bitartean, eiherak eta ogi leku hoberenak jabe gutxi batzuen eskutan geratu ziren; metaketa eta espekulazio kapitalistaren aitzindaritzat hartzen den fenomenoa da hori. Orduan, biztanleen zati handi bat “etxetiar” klasekoa bilakatu zen, zorretan itota. Erdi Arotik zetorren lege esklabo baten pean bizi ziren maizterrak ziren etxetiarrak: urtero nagusiarekin uztaren erdia negoziatu behar zuten, etxetik kanporatuak ez izateko. Etxetiargoak Bigarren Mundu Gerra ostera arte iraun zuen Amikuzen, nekazarien %60 baitzegoen egoera horretan.
Oroimenari loturiko Donapaleukoa bezalako ospakizunak “palanka” bat direla oroitarazi
digu Irigoienek,
“euskaraz erresistitzeko
forma bat”
Zabalik elkarteko kideen hipotesia da legeak aldatu eta maizterrek lurrak erosi ahal izan zituztenean –besteak beste artoa modu industrialean ekoizteko–, jauzi hori frantses modernitatearekin lotu zutela askok, eta euskararen transmisioa eten zutela, beste klasekoak izatearen iragan hori ezkutatu nahian. “Gure legeak, gure hizkuntza, gure gorteak genituen eta ezabatuak izan ziren”, Irigoienek. Baina harrituta azaldu da, “su txiki bat” badelako oraindik bizirik: “Kontua da horren gainean nola ufatzen dugun, gure konplexuak gainditzeko eta duintasuna berreskuratzeko”.
Historiako orrialdeetatik desagerrarazi nahi izan badute ere, duela 500 urte nafar erresumak bizirik iraun zuela gogoratzea litzateke lehen urratsa, eta hala egingo dute Donapaleun, euskaraz eta muga inposatuen gainetik.
Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]
Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]
Tennessee (AEB), 1820. Nathan Green esklaboa jaio zen, Uncle Nearest edo Osaba Nearest ezizenez ezaguna. Ez dakigu zehazki zein egunetan jaio zen eta, oro har, hari buruzko oso datu gutxi dauzkagu 1863. urtea arte, orduan lortu baitzuen emantzipazioa. Dakiguna da 1850eko... [+]
Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]
Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]
"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]
XV. mende bukaeran edo XVI. mende hastapenean Belauntzako Katalina atxilotu, preso sartu, torturatu, guziaz desjabetu eta erbesteratu egin zuten, Oiartzungo Maritxurekin “haragizko harremanak” ukateagatik. 500 urtez isilean eta artxiboetan galdurik egondako... [+]
New York, 1960. Nazio Batuen Erakundeko bilkura batean Nigeriako kanpo ministro eta NBEko enbaxadore Jaja Wachukuk lo hartu zuen. Nigeriak independentzia lortu berri zuen urriaren lehenean. Beraz, Wachuku NBEko Nigeriako lehen ordezkaria zen eta kargua hartu berri... [+]
Gaurko egunez, duela 50 urte, Euskal Herriko langile mugimenduak bere historiako kapitulu garrantzitsua idatzi zuen. Hegoaldean 200.000 langilek greba orokorra egin zuten erregimen frankistaren aurka. Mobilizazio hark argi utzi zuen Euskal Herriko mugimendu antifrankista... [+]
Egungo Siriako Tell Umm-el Marra aztarnategian idazkunak dituzten hainbat zilindro aurkitu dituzte Johns Hopkins Unibertsitateko ikerlariek. Adituen ustez buztinezko pieza hauetan idatzitako zeinuak alfabetikoak izan litezke.
K.a. 2400 urtean datatu dituzte zilindroak eta... [+]
Iruñea, 1939. Urte hasieran, hiriko zezen-plaza kontzentrazio-esparru modura erabili zuten frankistek. 3.000 gerra presorentzako edukiera izan zuen ofizialki; Nafarroan une horretan fronterik ez zegoenez, gerra presotzat baino errepresaliatu politikotzat jo behar dira han... [+]