Uda honetan berriro biderkatu dira muturreko eguraldiak, Ipar hemisferioan han hemenka bero uhinak, lehorteak edota suteak zabaldu direlarik. Klimatologoek duela 30 urtetik aipatzen dituzten beroketa globalaren eragin aurreikusiak dira, gero eta maizago –eta indartsuago– ikusiko ditugunak. Funtsean, kontuak ez du bertze azalpenik behar, eta horrekin bukatu nezake artikulu hori. Baina azalpen ezagun eta frogatu hori talde batzuk ez dute onartzen, funtzio politiko bat betetzen duten narratibak lehenetsiz eta marko horretan errudun identifikagarriak seinalatuz.
Ukatze horrek arrazoi ezberdinak izan ditzake: edo klima aldatzen ari denik ez dute onartu nahi; edo aldatzen dela bai, baina, ezer egiterik ez omen dagoelakoan daude; edo hondamendi guzi horiek bertze erru bat dutelakoan daude. Azken kasu honetan errudunak “nazioaren etsaiak” izan ohi dira. Eguraldiak normala izaten jarraitzen duela diotenentzat aldiz “nazioaren etsaiak” klima aldaketa aitorrarazi nahi dutenak dira. Absurdoa dirudien arren, interpretazio horiek munduaren ikuspegi bat islatzen dute, narratiba bat. Eta eguraldi gertakariek ezohiko mailakoak izanik eta ezohiko kalteak sorturik ere, ez dira beti narratiba batzuk aldatzeko bezain indartsuak.
Arizonan, uda honetako ezohiko beroari aurre egiteko otoitza egin zuten legegileek abuztu hasierako beren lehen sesioan: “Otoitz egiten dizugu, Aita, sufrimendua bukatzeko konponbideak lortzeko eta gure tenperatura behera itzultzeko, hainbati sosegua itzultzeko”. Phoenix hiriburuan 43 gradu gainditu ziren uztaileko egun bakoitzean, marka historiko guziak gaindituz eta hamarnaka pertsonari bizia kenduz. Pandemiaren hasieran bezala, gorpuak biltzeko hozkailu berriak erosi behar izan zituzten. Arizonako alderdi errepublikarreko hainbat kidek, aldiz, Antonio Turielen esaera famatua –“dena normal, dena ongi”– errepikatzen zutela zirudien, baina modu ez ironikoan. Justine Wadsack senatari errepublikarrak “eguraldi hori normala da” zioen sare sozialetan, eta hedabideetan frenesia dagoela zioten bere alderdikide batzuk, helburua izanki ezkertiarren klima aldaketa narratibari oihartzuna ematea eta jendea gobernuari kontuak eskatzera bultzatzea.
Justin Heap Arizonako legegilea esplizituagoa izan da: bere ustez klima aldaketaren “narratiba mediatikoa” “elite globalek” bultzatzen omen dute, energia berdeak garatzeko subentzio publiko masiboak lortzeko omen. Adierazpen deigarria da, jakinik erregai fosilen sektoreak –tradizionalki alderdi errepublikarrari lotua– hainbat hamarkadatan energia berdeen garapena oztopatzeko eta petrolioaren negozioa jarraitzeko narratibak bultzatu dituela. Heapek aitortu du halere klima aldatzen ari dela eta CO2 isurketek zerikusia izan dezaketela, baina gehituz funtsean ezin duela onartu gobernuaren esku hartze gehiago konponketarako, hori egitea ezkertiarregia litzatekeelako. 2012an Virginia estatuko Chris Stolle legegileak Virginiako itsas bazterreko uholdeei buruzko txosten batetik “itsas mailaren igoera” hitzak kenduarazi zituen, bere iritziz hitz horiek ezkertiarrak direlako. Nortzuk ari dira klimaren auzia politizatzen?
Europa hegoaldean ere uda gogorra izan da, iberiar penintsulan bereziki lehorte luzeak kalte handiak eragin ditu laborantzaren sektorean. Egoera normala denik erratera inor ez zen ausartu, baina batzuentzat muturreko egoera hori ez zen aski klimarekin ea zerbait benetan gertatzen ari den ausnartzeko. Klima aldaketaren auzia “elite globalek inposaturiko” iruzurra edo aitzaki hutsa dela sinetsi nahi duenarentzat, lehortearen errua baitezpada bertze nonbait egon behar da. AEMET meteorologiako agentziak berak eguraldia manipulatzen duelako zurrumurruak zabaltzen eta indarra hartzen hasiz gero, chemtrail edo aire-arrasoen narratiba zahar hura berpiztuz, maila handiko jazarpen kanpaina pairatu zuten agentzia honetako langileek. “Kriminalak”, “hiltzaileak”, “gaitzaren zerbitzuko informazioaren sikarioak”, “manipulatzaileak”, “ordainduko duzue”, “zuei begira gaude” izan ziren jasotako mezuetarik batzuk. Apirilean Isabel Moreno meteorologoak sare sozial batean azaldu zuen berriro euri fronte batek Espainia saihestuko zuela. Erantzunak azkar agertu ziren: “Ez gaitzazu inozotzat hartu”, “lehortzen gaituzte eta zu zara horien bozeramailea” eta holako. Morenok ez zuen inoiz ikusi bere mezu bati hainbat erantzun, ezta ere hainbertze oldarkortasun. AEMETeko bozeramaile Estrella Gutierrezek azaldu zuen lanean daramatzan 30 urteetan inoiz ez zutela halako egoerarik pairatu.
Grezian ehundaka sute izan dira, horietarik asko kontrolagabeak. Handiena Evros eskualdean egon da, Turkiarekiko mugan –Copernicus zerbitzuaren arabera, Europan urte askotan ikusitako sute handiena izan da–. Poliziak eta suhiltzaileek sutea tximista batek piztu duela baieztatu arren, errefuxiatuek abiarazi omen dutenaren narratiba oso azkar zabaldu da, sutea bera baino azkarrago. Sorpresarik gabe, eskuin muturreko alderdiek miliziak osatzera deitu dute, giza-ehizan aritzeko. Pavlos Roufos saiakeragileak azaldu duenez, Evros eskualdeko biztanle batek hamabost pertsona atxilotu zituen bagoi batean, bideo bat argitaratu eta gero iruzkin gehienek errefuxiatuak tirokatzera edo zuzenean erretzera deitzen zuten. Dadia oihanean poliziatik ihes egin nahian bertze hemezortzi pertsona suak kiskailduta hilik ere, giroa ez da baretu. Zurrumurru zentzugabeenak zabaltzen dira, hala nola errefuxiatuak suhiltzaileen lana oztopatzen saiatzen omen direla hegazkinei harriak jaurtiz. Hori bertako jende gehiegik sinesten dute. Gobernuak eromen kolektibo honen aurka deus ez egiteaz gain, migrazioen ministroak adierazi zuen hemezortzi heriotza horiek legez kanpoko muga gainditzearen ondorioa direla, bertzerik gabe. Roufosek dio dagoeneko Grezian menderakuntza menderatuek berek zabaltzen dutela, eta inboluzio hori hainbat urteko beherapen ekonomikoak baita harreman sozialen desegiteak ere elikatu dutela.
Psikologia sozialeko ikertzaile Harald Welzerrek Klimakriege (“Klimaren Gerrak”) liburuan azaltzen zuen muturreko eguraldi gertakariek pertsona talde baten bizi baldintzak kaltetzen dituztenean, Espainian lehorteak edo Grezian suteek egiten duten bezala, horrek sortzen den injustizia sentimenduak errudun identifikagarri baten bilaketa bultza dezakeela. Ikus dezakegunez, funtzio politiko bat betetzen duen narratiba bateko errudunak dira, “nazioaren etsai” funtzioa alegia –balizko elite global izkutua edo atzerritarrak–, atentzioa eta haserre haiengana bideratzeko, bitartean klima aldaketa eta bere inplikazio sozialak aipatu gabe jarraitzeko.
Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]
Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen gaietan Espainiako Estatuko ahots kritiko ezagunenetako bat da. Urteak... [+]
Nola azaldu 10-12 urteko ikasleei bioaniztasunaren galerak eta klima aldaketaren ondorioek duten larritasuna, “ez dago ezer egiterik” ideia alboratu eta planetaren alde elkarrekin zer egin dezakegun gogoetatzeko? Fernando Valladares biologoak hainbat gako eman dizkie... [+]
Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]
Desagertzeko arriskuan dauden izotz-masak dokumentatzen dituen nazioarteko erregistro batek Pirinioetako Monte Perdido sartu du zerrendan.
Aurtengo urtarrila 1850. urteaz geroztik beroena izan dugu. Gainera, aurreko hilabeteen joera mantentzen du, azken hemeretzi hilabeteen artean, hemezortzigarrena da bero erregistroak apurtzen.
Nature Medicine aldizkarian publikatutako artikuluaren arabera, berotegi efektuaren ondorioz handiagoa izango da beroak eragindako heriotzen igoera hotzak eragiten duen heriotza jaitsiera baino. Gainera, beroarekiko egokitze onenak ere ez luke arazoa guztiz konponduko.
Igande arratsaldean Greenpeace-ko 30 kide inguruk Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu dute Bilboko Guggenheim museoan. Hamar landare eta animalia-espezie errepresentatu dituzte.
Munduko landa eremu periferikoetan 4 milioi kilometro koadro laborantza lur abandonatu dira azken 75 urteotan. Orain arte arrazoi ekonomikoengatik uzten baldin baziren nagusiki, gerora, klima aldaketak ere horretara bideratuko ditu geroz eta gehiago. Bioaniztasuna babesteko xede... [+]
AEBetako Ozeanoko eta Atmosferako Administrazio Nazionalaren (NOAA) ikerketaren emaitza zabaldu du Nature Climate Change aldizkariak: bereganatzen zuen karbono dioxido eta metano kopurua baino gehiago isurtzen du orain tundrak.
Brasilen suteek 30,86 milioi hektarea baso eta eremu natural suntsitu zituzten iaz, Italia osoaren azalera baino gehiago. Suteek %79ko igoera izan zuten 2023arekin alderatuta, Fire Monitorren ikerketa batek agerian utzi duenez.
Inor ez ala denok. Klima larrialdia inork ez pairatzeko aldaketak bideratu ezean, behintzat guztiek pairatu dezagula. Zuk –irakurle–, nik –Jenofa–, haiek –pobreak– eta haiek –aberatsak–. Satisfaziorik ez zidaten eragin Los... [+]
Hodeiak murrizten ari dira eta horrek eragin nabarmena du klima-aldaketan, NASAko ikertzaile-talde batek ondorioztatu duenez. Terra satelitearen datuak aztertuta, ikusi dute azken 20 urteetan, pixkanaka, baina etengabe, murriztu dela hodeien estaldura. Amerikako Batasun... [+]
Muturreko lehorte eta euriteak normaltasun berria bilakatu zaizkigu. Areagotzen dituzten kalte ekonomiko eta ekosistemikoen artean, laborantzak pairaturikoak ez dira txikienak. Bereziki, lehorte garaietan zaluegi idortzen diren edota eurite handietan ur guzia xurgatu ezin duten... [+]
Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]