argia.eus
INPRIMATU
Erroma salbatu zuten antzarak
  • Erroma, K.a. 406. Hiriak gerra deklaratu zion Veii herriari, handik 10 milia ingurura zegoen kokaleku etruriarrari. Urte luzez Veii aberastu egin zen, nagusiki gatz merkataritzaren kontrolari esker, pixkanaka erromatarrei itzal eginez.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko irailaren 05

Erromatarrek uste zuten erraz menderatuko zituztela aldamenekoak, baina gatazkak hamarkada osoa iraun zuen. Azkenean, K.a. 396an erromatarrek Veii hartu zuten, Marko Furio Kamilo jeneralaren eskutik. Garaipena ospatzeko desfilea egin zuten hiriko kaleetan. Aurrean jenerala zihoan gurdi gainean eta haren atzetik Veiin atzemandako harrapakinak: esklaboak, Veiiko babesle izandako Junoren estatua eder bat beste gurdi batean, eta antzara sakratu multzo bat haren atzetik. Marko Furio Kamilok Kapitolioko muinoan Junoren omenezko tenplu bat eraikitzeko agindu zuen. Jainkosaren estatua han jarriko zuten eta antzarak ere bai.

Veiitarrak mendean hartuta, handik sei urtera, beste mehatxu bati aurre egin behar izan zion Errepublikak; K.a. 390. urtean galiarrak, Breno buru zutela, Erromako ateetan zeuden, hiria hartzeko prest. Erraz sartu ziren eta topatzen zuten guztia birrindu zuten. Baina bizirik atera ziren erromatarrak Kapitolioan babestu ziren eta galiarren hainbat erasori aurre egitea lortu zuten. Brenok orduan gotorlekua gauez eta isilean hartzea erabaki zuen, harresian gora eginez. Txakurrek ez zuten zaunka egin, zentinelak lo hartu zuen, eta galiarrak Kapitolioan sartzeko zorian zeuden. Baina orduan karranka ozen batzuk entzun ziren, erromatar soldaduak esnatu ziren, eta galiarrak atzera egitera behartu zituzten. Junoren antzara sakratuak izan ziren eromatarrak iratzarri eta Errepublika salbatu zutenak.

Biharamunean, tribunoak bildu ziren eta lo geratu zen zentinela nahiz bere lana egin ez zuten txakur zaindariak Tarpeia harkaitzetik behera botatzea erabaki zuten. Galiarrek setioari eutsi zioten, baina gosea eta gaixotasunak haiengan ere eragiten hasi ziren eta, azkenean, urre truk, Erromatik alde egitea erabaki zuten.

Handik aurrera, luzaroan, erromatarrek liberazio egun hura ospatu zuten, eta, horretarako, hainbat txakur urkatzen zituzten, arbasoek egindako okerra ordaintzeko. Gainera, Junoren antzarak apaindu eta prozesioan ateratzen zituzten, hiritarrek heroiak bailiran gurtu zitzaten. Antzar Egunaren berri izan balute “burutik jota daude lekeitiar hauek” pentsatuko zuten