Eternoak deitzen diete, betierekoak. Ez dute su hartzen, ez dira hausten eta betirako irauten dute. PFAS izeneko konposatuak duela ia mende bat sintetizatzen hasi zirenetik, gauza askotarako erabili izan dira, berdin zartaginean arrautza ez itsasteko nola mendiko txamarraren Gore-Tex ehuna egiteko. Baina badute tranpa bat: degradatzen ez direnez, metatzen joaten dira. Iturriko uretik, elikadura katetik, arnasten dugun hautsetik iristen zaizkigu… eta hilgarriak dira.
Dupont enpresaren hodi batek apar kolore ilunez zikindu zizkion bere terrenoak AEBetako Earl Tennant baserritarrari, Ohio ibaitik gertu dagoen lakuaren ondoan, Parkesburgen. 1990eko hamarkada erdialdea zen eta azienda erdira murriztu zitzaion denbora gutxian, behiak gaixotuta hiltzen ari zirelako. Susmoa zuen ura kutsaturik zegoela. Frogak bere kabuz biltzen hasi zen, VHS zinta batean grabatu zituen behiak hiltzorian… Baina Mendebaldeko Virginia txiro hartan, nork egin behar zion aurre multinazional erraldoiari?
Han eta hemen galdezka hasita, esan zioten Cincinnatin bazela abokatu bat ingurumen gaietan aditua, baina enpresak defenditzen zituena. Hegazkina hartu eta bi orduren buruan bere aurrean plantatu zen: “Haiek defendatzen badituzu, orain defenda nazazu ni ere”. Eta halaxe ezagutu zuen Robert Billot. Abokatu eta baserritar, industria kimikoaren habeak dardarazi dituen borroka abiatu zuten elkarrekin, PFAS edo konposatu per- eta polifluoratuak dakartzaten kalteak auzitara eramanda.
Billotek, epailearen aginduz, lortu zuen enpresak dokumentazioa helaraztea Tennanten terrenoetako isurien inguruan. Milaka karpetatan lurperatu nahi izan zuen Dupontek abokatua, baina honek sator baten gisan arakatu zituen denak, dokumentu esanguratsu batzuk aurkitu arte, tartean AEBetako Ingurumen Babeserako Agentziari 2000. urtean bidalitako gutun bat. Dupontek aitortzen du bazekiela PFASek kalteak eragiten zituztela osasunean, 1981etik ari zen bere langileei azterketak egiten, eta inguruko ur putzu edangarriak ere erosi zituen herritarrek ez erabiltzeko. Dena ezkutuan mantendu zuen ordea.
Hasiera batean, PFASak sortzen dituzten AEBetako multinazional horiek dena ukatu zuten bere kontrako auzietan, baina hainbesteko froga eta ebidentzien aurrean, azkenerako milaka laguni milioika euroko indemnizazioak ematera derrigortu dituzte
Plutonioa aberastetik, zartaginak egitera
Bigarren Mundu Gerran, Dupontek ustekabean PFASa sintetizatu zuenean, konturatu ziren erreakziorik sortzen ez zuen eta deskonposatzen ez zen material inerte hori ezin egokiagoa zela plutonioa aberasteko eta isolatzeko. Arma nuklearrak lortzeko AEBetako Gobernuaren Manhattan proiektu barruan bonba atomikoa sortzen buru-belarri ibili ondoren, gerraostean bere altxor miragarria, tefloia, merkaturatu zuen. Geroztik, Dupontek eta 3M konpainiak eguneroko erabilerarako gero eta produktu gehiago egin dituzte PFAS mota ugarirekin, tartean C8 izenez ezagutzen den PFOA edo azido perfluorooktanoikoarekin: zartaginetarako, kosmetikarako, margoetarako, jantzientzako, sua itzaltzeko aparrerako, mikrouhin labeetan erabiltzeko zorroentzako...
Hasiera batean, PFASak sortzen dituzten AEBetako multinazional horiek dena ukatu zuten bere kontrako auzietan, baina hainbesteko froga eta ebidentzien aurrean, azkenerako milaka laguni milioika euroko indemnizazioak ematera derrigortu dituzte. Izan ere, gaur egun badakigu sustantzia horiek giltzurrunetako eta barrabiletako minbiziak sor ditzaketela, baita immunologia arazoak, ugaltze aparatuko eta tiroideetako gaixotasunak, hiperkolesterolemia ere, eta beste hamaika ondorio osasunean.
Tennan eta Billoten historia ezaguna zaigu, liburuetara eta pantaila handira eraman izan baita sarritan –azkenekoa Dark Waters (“Ur ilunak”) filmean–, eta duela gutxi Espainiako Datadista webguneak gogora ekarri digu berriz ere kasua, nazioartean egindako The Forever Pollution Project (“Betirako kutsadura proiektua”) kazetaritza ikerketaren harira.
17.000 toki kutsatuta Europan
Kontua ez zaio arrotza egingo ARGIAko irakurleari, Zero Zabor blogean aipatu baikenuen pasa den otsailean, PFAS toxikoak kontrolik gabe zabaltzen ari direla eta Europako Batzordeak horien arautzeari ekin diola zioen albistearekin batera. Ikerketan hainbat hedabide esanguratsuk hartu dute parte, besteak beste Alemaniako NDR eta Suitzako SRF kate publikoek eta Erresuma Batuko The Guardian eta Frantziako Estatuko Le Monde egunkariek. Europan PFASekin kutsaturik dauden 17.000 toki eta kutsatuta egon daitezkeen beste 21.000 toki detektatu dituzte mapa bateratu batean, horretarako ehun datu-base baino gehiago kontsultatu eta metodologia zehatz bat erabilita.
Le Monde-k paratutako mapan, esaterako, Euskal Herrian hogeitik gora kokaleku ikus daitezke kutsatuta, eta dozenaka ustez kutsatuta daudenak, paper lantegietan eta industria kimikoarekin zerikusia duten fabriketan hain oparoa den gure lurraldean. Natur guneen ur azalean ere aurkitu dira PFAS maila altuak, izan Pitillaseko aintziran, Urdaibain edo Inurritzan.
Europan ezarriko diren debekuak leuntzeko, industria kimikoaren lobbyek egiten duten presioa ere azpimarratu dute hedabideok. Abokatu bulegoek eta “aditu” taldeek hilabeteak daramatzate lanean Europako Batzordean zentzu horretan eragiteko. The Forever Poluttion proiektuko partaideek zientoka dokumentu konfidentzial atzeman dituzte Sustantzia Kimikoen Europar Agentziari zuzendutakoak, eta bistan jarri dituzte Chemours, 3M eta antzeko multinazionalek euren produktuak debeku horietatik kanpo geratzeko egin saiakerak.
Izan ere, PFASen orain arteko ihesbidea haren gaineko kontrolik eza izan da: neurtzen ez direnez, ezin da arazoa zein den jakin. Horretaz zerbait badakite erraustegien kalteekin arduratuta dauden elkarteek, hondakinak erretzean sortzen diren dioxinak, metal astunak eta bestelako molekula kutsagarriak atzemateko araudietatik kanpo baitaude oraindik konposatu kimiko arriskutsu horiek. Nolanahi ere, Euskal Herrian ToxicoWatch fundazioa ari da Zubieta inguruko PFAS datuak biltzen goroldio eta oilategietako arrautzetan, berandu baino lehen etor daitekeelako europar araudiaren zorroztea.
Larrialdi klimatikoa edo Ozono geruzako zuloa bezala, PFASak “muga planetario” bat direla abisua jo dute adituek. Tibeten eta Ipar nahiz Hego poloetan ere aurkitu dira gai kutsagarri horiek
“Lurra bihurtu dugu bizitzeko leku zail bat”, azaldu dio Le Monde-eri Stockholmeko Unibertsitateko ingurumen-kimikako irakasle Ian Cousinsek. “Inguru guztiak kutsatuta daude, eta luzaroan halaxe egongo diren puntuan gaude”, gaineratu du. Larrialdi klimatikoa edo Ozono geruzaren zuloa bezala, PFASak “muga planetario” bat direla abisua jo du irakasleak. Berrikitan aldizkari zientifiko batean argitaraturiko ikerketa batek dio mundu osoko eurietan aurkitu direla PFAO kimikoak, AEBetako Ingurumen Babeserako Agentziak segurutzat jotzen dituen kopuruen gainetik, baita Tibeten edo Ipar eta Hego poloetan ere.
Diputatuen ilean ere bai
Kutsatzaile eternoen inguruan euskal herritar gehienek apenas berririk duten bitartean –Madrildik ez zaigulako politika kedartuaren usaina besterik iristen– Frantziako Estatuan gaia gero eta gehiago zabaltzen ari da. Ekainaren 28an, Europako Parlamentuko Ekologia-Berdeak taldeko hamalau diputatu frantziarrek euren biloetan egindako azterketa baten emaitza aurkeztu zuten: denek zituzten PFAS arrastoak.
Horien artean da Nicolas Thierry ekologista okzitaniarra, kutsatzaile eternoen kontrako borrokan ahots ezaguna dena. “Seguruenik azken hamarkadetako osasun eskandalu handienaren aurrean gaude”, azaldu du Reporterre hedabidearekin egindako elkarrizketan. Frantziako Gobernuak txostena argitaratu du PFASek ingurumenean dituzten ondorioak aztertzeko, eta Thierryren esanetan, Gobernuak hori argitaratzea “garaipen txiki bat da”. Bere esanetan gobernuek duela hogei urtetik dute arazoaren berri, baina ez dute ezer egin.
Frantzian lege bat onartzekotan dira, kutsatzaile eternoak debekatzeko 2025eko urtarrilaren 1ean. Europar Batasunean, mantsoago bada ere, halako zerbait agintzea espero da 2027 urterako. Baina lobbyak ez daude geldi: “Ekoizleak borrokan ari dira PFAS guztiak ez debekatzeko, banaka-banaka baizik –azaldu du Thierryk–. Eta milaka substantzia perfluoratu existitzen dira, 4.000 eta 12.000 artean. AEBetan estrategia horri esker gaia korapilatzea lortu dute”.
Arkema, “kimikoen bailaran” herritarrak pozoitzen
Ilea aztertu duten diputatu ekologisten artean, konturatu dira batzuek bereziki kutsadura kopuru handia dutela. Charles Founierrek, adibidez, hamar bider gehiago dauka, eta Marie-Charlotte Garin Rodanoko diputatuari, berriz, ikertutako hamabi PFAS motatik zortzi atzeman dizkiote bere ileetan. “Kimikoen harana” ere deitzen diote hiri garrantzitsu ugari biltzen dituen lurralde horri. Izan ere, industria kimikoaren planta asko kukutu dira Rodano ibai zabalaren altzoan, tartean Lyonen dauden Daikin eta Arkema enpresak.
Arkema izena ez zaigu arrotza Euskal Herrian. Alonsotegin bazuen ekoizpen-planta bat, eta Hernanin, Urumea bazterrean PVC edo binilozko polikloruroa ekoizten zuen, orain Kem One SL enpresak gauza bera egiten duen tokian. Total petrolio konpainia erraldoiaren diruarekin sortua, Arkemari arazotxo bat sortu zaio Lyonen: hango herritarrak bere jarduera kantzerigenoaren kontra antolatu dira. Reporterre-k jaso du auzia, Dans la vallée du Rhône, les polluants éternels d’Arkema empoisonnent la population (“Rodano haranean, Arkemaren kutsatzaile eternoek herritarrak pozoitzen dituzte”) erreportajean.
“Normala al da etxe bakoitzean minbizi bat aurkitzea? Nire etxean minbizia dago. Pareko bizilagunak hirugarren aldiz izan du eta bere senarra ere hil egin zen. Gauza bera atzealdean dugun etxean...”, hala azaldu du Thierry Mounibek, Pierre-Béniten bizi den sukaldari ohiak. Lyongo metropoliaren hegoaldean zabaltzen den 10.000 biztanleko udalerri horretan du Arkemak bere fabrika erraldoia. Aurtengo maiatzaren 25ean, Mounibek, beste herritar askorekin eta hamar elkarte eta sindikaturekin batera salaketa penala jarri zuen Lyongo auzitegian Arkemaren aurka, PFAS kutsadurarekin amaitu dezan.
“Ekoizleak borrokan ari dira PFAS guztiak ez debekatzeko, banaka-banaka baizik. Eta substantzia milaka perfluoratu existitzen dira, 4.000 eta 12.000 artean. AEBetan estrategia horri esker lortu dute gaia korapilatzea”
Urtebete lehenago, Pierre-Béniten kutsadura hori norainokoa den erakutsi zuen France 5 telebista kate publikoko Vert de Rage programaren ikerketa batek: Arkemaren ondoan dagoen kirol zelai munizipalean kutsatzaile eternoen tasa Europako estandarrek ezarritakoa baino 83 aldiz handiagoa da. Behin eskandalua lehertuta, Frantziako Gobernuko Ingurumen ministerioak ikuskaritza pasa zion fabrikari, eta ondorioa izan zen 2011tik 3,5 tona PFAS isuri dituela multinazionalak bi ur putzu dauden tokira; “eskualdeko 220.000 herritar kaltetuak izan litezke”, dio Reporterre-k.
Arkemaren Lyongo fabrika 1957tik dago funtzionamenduan eta aspaldi zuen PFASen kutsaduraren berri. 2003 eta 2016 artean bere langileei azterketak egin zizkien PFNA edo azido perfluorononanoikoa zuten jakiteko, eta emaitza izan zen tarte horretan %450 hazi zela kutsatzaile horren inpregnazio tasa langileen artean. Baina telebista publikoak argitara eman arte ez dute ezer jakin.
Eskualdeko osasun agintariek Lyon inguruko hamabost udalerritako bizilagunei gomendatu diete ez jateko hango oilategietako arrautza eta oilaskorik, ezta Pierre-Bénitetik behera ibaian harrapatutako arrainik ere. Baina neurri horrek batez ere ekologikoan ekoizten dutenei egingo die kalte: “Haserre nago, Estatuak baimendu duelako halako zerbait gertatzea, gu babestu beharrean”, azaldu du oiloak hazten dituen jubilatutako baserritar txiki batek: “Beldurra ematen du”.
Orain, salaketa judizialaren baitan odolean, ama-esnean eta eskoletako ur-edangarrian egindako analisi ofizialen zain daude herritarrak. Arkemaren isurien eta haien osasun arazoen arteko lotura baieztatzen bada, indemnizazioak eskatzeko auzi luze bat hasiko dute; AEBetan Dupontekin gertatutakoaren déjà vu bat. Euskal Herrian ere izango ote dugu halakorik?
Blanca Ester Díaz Pulido epaileak Osakidetzako 2018ko oposizioen filtrazioen inguruko ikerketari amaiera eman dio, sei urte eta erdi igaro ondoren. Akusatu guztiak absolbitu dituzte, 22 guztira, nahiz eta bi kasu behin-behingoz artxibatu dituzten.
Osasun Legea aldatzea beharrezkoa dela adierazi du Nafarroako Osasun kontseilariak, hala nola Osasunbidea enpresa-erakunde publiko bihurtzea, bestela “luze gabe sistemak porrot” egingo duela argudiatuta. Sindikatuak ez daude formula horrekin ados.
Kutsatze gutxiago egon ez dadin diagnostiko horiek lehenago egitea zein garrantzitsua den azpimarratu du Nafarroako Osasun zuzendari nagusiak. “Osasun-sistemara heltzeko zailtasun handiagoak dituztenengan” jarri du fokua aurtengo hiesaren Eguneko kanpainak.Nafarroak... [+]
Atun latatan aurkitu diren merkurio kopuruekin asaldatuta dabiltza herritarrak. Bloom erakundeak Europan egindako ikerketa baten arabera, Carrefour, Intermarché, Mercadona, Aldi... supermerkatu guztiek merkaturatzen dute atuna kutsaturik. Arrantza industrialak berehala... [+]
Haurdunaldiaren zazpigarren hilabetean hil zen Aduna, Amets Etxeberriaren alaba. Halakoetan, erru sentimendua da bizkar gainean emakume askok hartzen duen zama, dolua ere oztopatzen duena. Profesionalengandik jasotzen duzun tratua funtsezkoa dela dio Etxeberriak, horri aurre... [+]
Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]
Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]
Azala ez da azaleko gaia, kanpoarekiko muga eta gure buruaren babesa baizik. Ordea, kosmetiko industrialak erabiliz gero, toxiko kimikoak barneratzen ditu gure gorputzak azaletik, eta dutxako zulotik behera joaten direnean, ura eta Lurra ere kutsatzen ditugu egunero. Eredu... [+]
Kexak eta esker onak paretsu mantendu dira, baina erreklamazioetan bada aldea. Esaterako, aurtengo ekaina iazkoarekin alderatuta, ia %30 igo dira erreklamazioak.
Aste honetan zehar egongo da AEBko auditoria Gurutzetako ospitalean; bere estandarrak betetzen dituzten osasun-zentroei akreditazioa ematen die. Osakidetzak 106.843 euro gastatu ditu bere aurrean itxurak egiteko.
Sexologian eta zoru pelbikoan aditua den Juncal Alzugaray Zurimendi fisioak zenbait gako eman ditu klimaterioa eta menopausia hobeto ulertzeko.
Silizearen hautsak sorturiko gaitz eta biriketako minbizi kasuek ez dute etenik azken urteetan. Australian, Ingalaterran edo Espainiako Estatuan alarmak piztu dira, eta kristal-silizea duten kuartzozko sukalderako mahaiak egitea debekatzeko urratsak ematen hasi dira.