Eskubide urraketa, auzibide, epai eta akordio politiko erasokorrek markatu dute pasa berri dugun ikasturtea. Euskararen eta euskaldunon aurkako jarrera aktibatu egin da, lehenaz gain, eta horrek kezka eta haserrea eragin ditu euskaldunon komunitatean.
Euskararen normalizazioa arautzen duten lege eta dekretuek zirrikituak dituztela diote legelariek, borondate politikoa aldekoa denean arazo handiegirik eragiten ez dutenak, baina urak harrotzen direnean behar adinako babesik ematen ez duten legeak direla diote. Aspalditik ari dira eragile sozialak zirrikituak ixteko beharra azpimarratzen eta legeak aldatzeko prozedurari ekin beharra aldarrikatzen.
Legeak aldatzea badakigu ez dela hain sinplea izaten. Aldatzeko ahala dutenek nahi izatea izango da beti lehenengo pausoa eta ez dut uste, euskararen kasuan, horretan gaudenik gaur gaurkoz. Bide horrek, beraz, luze jo dezake eta energia asko kontsumitu arazi euskararen aldeko militante, mugimendu eta eragile sozialei, eta beren esku egon daitezkeen eguneroko beste lan batzuetatik aldendu.
Aurrera egingo bada, herri langileak militante ukitu bat beharko du berriro ere, administrazioak desobedientzia puntu bat, eta, herritarrok, presioa egiteko adorea
Erresistentziarako garaiak datoz. Aurreratutakoari eustea izango da lehen helburua, atzera ez egitea, oso hauskorra baita egoera, hobetzea lortu den eremuetan ere: nola bermatzen da udal batean, esaterako, korporazioa osatuko duten hautetsiek euskaraz jakitea eta ez dela euskaraz sortzen den testua inorentzat sistematikoki itzuli beharrik izango? Gai izango al da administrazio bat dirulaguntza oinarrien hizkuntza baldintzei eusteko kirol klub bateko zuzendaria kexaka eta mehatxuka datorrenean baldintza horiek medio bere kluba baztertzen ari direla esanez? Zer gerta daiteke zerbitzu bat kontratatzeko pleguetan hizkuntzazko betebeharrak gehiegizkotzat jotzen baditu udal korporazio berri batek? Nork izango du kemena eta indarra eusteko?
Hain da juxtukoa egoera, atzera ez egiteko moduak bilatzea izango dela lehentasuna. Eustea. Eta behin hori ziurtatuta, aukera dagoen eremuetan, legearen bazterretik aurrera egiteko zirrikituak bilatzea izango da erronka, orain arte bezalatsu. Ez da ahaztu behar euskara hutsez aritzeko aukera udal batzuek ireki zutela ondo kostata eta borroka asko eginda. UEMAko udalerriek badakite zerbait horretaz. Geroago etorri ziren onarpenak eta lege aldaketak, eta, behin martxa hartuta, bazirudien legeen berritze prozesu horrek aurrera egin zezakeela, agerikoa baita ez diotela erantzuten egoera berriari eta, are gutxiago, euskararen normalizazioan jauzi kualitatiboa emateko beharrari.
Bide luzea eta liskartsua aurreikus zitekeen, dudarik gabe, legea aldatzeko beharra onartzea, kontsentsuak lortzea eta erabakiak hartzea konplexua baita, baina uste ez genuena da 2023an legearen bazterretik jarraitu beharko genuela ustez lortuak genituen eskubideei eusteko, eta badirudi bidezidorretatik ibiltzea egokituko zaigula berriro ere. Ez dela erosoa? Ez. Errazagoa da araudiak dioena betearaztea, kontrako norabidean tira behar ez izatea, legeari zirrikiturik aurkitzeko ahaleginik egiten ez duen goi funtzionarioren bat konbentzitzeko etengabe argudioak bilatu behar ez izatea, eta abar. Baina, aurrera egingo bada, herri langileak militante ukitu bat beharko du berriro ere, administrazioak desobedientzia puntu bat, eta, herritarrok, presioa egiteko adorea.