argia.eus
INPRIMATU
Alienak eta hondamendiaren turismoa
Sukar Horia @HoriaSukar 2023ko abuztuaren 28a

Atzean utzi ditugu udako hilabeteak eta aurtengoan ere hizpide izan dira klima larrialdiaren adierazle diren hainbat muturreko gertakari meteorologiko eta horien ondorioekin lotutako albisteak. Besteak beste, ozeano eta itsasoetako tenperatura igoeren, Mediterraneo inguruan zabaldu diren suteen, tenperatura errekor berrien, uzta galeren, lehorteen eta uholdeen berri izan dugu.

Testuinguru horretan, hainbat turista Kaliforniako hego-ekialdean dagoen Heriotzaren haranera hurbildu dira. Aire girotudun kotxeetatik irten eta 55 gradu zentigradu markatzen zituen termometroaren aurrean atera dituzte argazkiak. Horrela hilezkortu dute Lur planetan inoiz izandako tenperatura altuenaren unea bizitzearen momentua. Eta hori guztia, AEBetan, aurrekaririk gabeko berote handienaren erdialdean. Bizi dugun krisi ekosozialaren testuinguruan, aipatutako fenomenoak hondamendiaren turismo izendatzeko ezaugarri guztiak betetzen ditu.

Bestalde, bolo-bolo ibili dira uda honetan alienekin lotutako albisteak ere. AEBetako militar ohi batzuek, herrialdeko kongresuaren aurrean, esan omen dute gobernuak alienen ontziak eta arrasto biologikoak ezkutatzen dituela.

Zientzia fikzioan ez bezala, errealitatean, laister hemen ez da egongo estralurtarrek zer konkistatu eta zer lapurtu, dena agortze bidean baikaude

Hasierako gaiak orain aipatutakoarekin inongo loturarik ez badu ere, gai biak elkarrekin lantzeak krisi ekosozialaz gogoetatzeko aukera ematen digu. Kasuaren inguruan pentsatzen hasi eta ondorengo galdera datorkigu burura: zertara etorriko ote dira alienak Lur planetara? Zientzia fikzioa eta herri kulturaren arabera, alienak Lurra konkistatzera etorri ohi dira. Baina, zer dute hemen konkistatzeko? Meatzaritza espaziala egitera etorriko ziren agian? Zientzia fikzioan ez bezala, errealitatean, laister hemen ez da egongo zer konkistatu eta zer lapurtu, dena agortze bidean baikaude. Gainera, nork konkistatu nahiko luke gero eta bizigaitzagoa den planeta bat?

Hori dela eta, hipotesiak egiten jarrita, estralurtarrak, agian, etorkizuneko destino turistikoaren berri izatera etorri diren espazioko bidaia agentzia batekoak izan liratekeela pentsa genezake.

Argi dago, Lur planetan, kapitalismo basatiaren logikarekin jarraituz, aukera guztiak izango ditugula espazioko izakiek hemen hondamendiaren turismoa praktikatzeko. Aspalditik jakin baitakigu bizitzak erdigunean jartzen ez dituen sistema ekonomiko eta politiko honek basakeriara garamatzala. Turista alienak ez baditugu nahi, antolatu beharko gara –oraindik garaiz baikaude– hondamendizaleentzako interesgarria izango ez den leku bat elkarrekin borrokatzeko, eztabaidatzeko, sortzeko eta eraikitzeko.