argia.eus
INPRIMATU
Nando Cruz
“Kapitalismoa barruraino sartu da festibaletan”
  • Nando Cruz (Bartzelona, 1968) kultur kazetaria da, musikan eta musika jaialdietan espezializatua, eta kultur ekintza alternatiboen kronikagile nabarmendua. Aurten, Macrofestivales. El agujero negro de la música (Makrofestibalak. Musikaren zulo beltza) liburua kaleratu du; kontsumo eredu masiboen ikuspegi kritikoa du adierazgarri. Irakurri hemen jatorrizko elkarrizketa.

La Directa @la_directa Eloi Latorre 2023ko uztailaren 26a
(Victor Serri / Directa CC BY SA)
(Victor Serri / Directa CC BY SA)

Zer da eta zer ez da makrofestibala? Zerk bereizten ditu kulturalki osasuntsua den ekimen bat eta “musikaren zulo beltza” gisa definitzen duzun hori?
Muga, esango nuke, topaketaren esperientzia erabat gozatzea ezinezkoa den une horretan hasten da. Bi sintoma argi daude. Batetik, pantailen presentzia dago: antolatzaileak esaten ari zaizkizu saldu dizun sarrera horrekin ezin dizula ziurtatu musikaz gozatu ahalko duzunik, hau da, kasu batzuetan ezingo duzula oholtza ikusi ere egin, ezta musika gertu sentitu ere. Bestetik, gehiegizko eskaintza, ekintzak gainjartzea: taldeen zerrenda hain da zabala, errealitatea dela ezin duzula eskaintzaren bi herenera bertaratu, hautaketa egin behar duzula. Kartel handi horrengatik ordaindu duzu eta hiru kontzertutik bat ikusi ahal duzu. Iruzurra da, lapurreta.

Liburuan aipatzen duzu, hain zuzen, gaineskaintzaren saturazioak antsietatea sortzen duela jendearengan. Ez dakit zeure buruari galdetu ote diozun zergatik jarraitzen duten eredu hori sustatzen, argi baitago publikoarentzat arazotsua dela.
Promotoreek badakite hori dela denborarik laburrenean diru gehien irabazteko modua. Jakin badakite ikuslearentzat esplotazio hori ez dela esperientziarik onena, ezta artistentzat ere ordu erdi eskaseko kontzertuak eskaintzea, baina errentagarriena zaie. Geroz eta talde gehiago ekarri, orduan eta garestiago jar ditzakete sarrerak. Taldeak bildu, bildu, bildu... Ahalik eta jende gehien erakartzeko. Hazkunde amaigabeko gaia da. Kapitalismoa jaialdien munduan sartu da, barruraino sartu ere, eta promotoreek hazten jarraitu behar dute, pastela beste batek eraman ez dezan.

Urteak dira jaialdien “burbuilaz” hitz egiten dela, hazi eta hazi, jasanezin bihur daitekeen eredua delakoan. Gerta daiteke halakorik?
Birdimentsionatzeko ideia, guztia murriztekoa, txikitzekoa, pandemian zehar kantilena modukoa zen, baina behin garai hura pasatu dugula, bistan geratu da hori ez zela ideia besterik, ez zegoela benetako intentzio eta asmorik. Pandemia ostean berreskuratu nahi izan da pandemian galdu dena.

Uste dut jendea nekatzen eta nazkatzen ari dela jaialdi mota jakin batzuekin. Jendea gogaitu da beti talde berberak ikusteaz, eta beti jaialdi berean dagoen sentsazioa edukitzeaz. Eredua bera neketsu bihurtzen hasi da, baina ez dakit burbuila lehertzera helduko den.

Tankera are handiagoa hartzen jarraituko dute Espainiako Estatuko jaialdiek: nazioarteko inbertitzaileak sartzen ari dira indar handiagoz, Espainiako Estatua ari da zirkuitu handien herrialde bihurtzen, eta hori egin badute, funtzionatzen jarraituko duela pentsa dezakegu.

Zergatik hautatu dute Espainia? Eguraldiak eta klimak eragina du?
1990eko hamarkadan dezente joaten nintzen Ingalaterrako jaialdi handietara. Hiru egun irauten bazuten, euria egiten zuen bi egunetan. Benicàssimen (Valentzia) egiten den FIB jaialdiaren sortzaileak Ingalaterrako jaialdi horietara joaten ziren, eta esana dute han sortu zitzaiela ideia. Klimak lagundu du jaialdiak eta jendea erakartzen, baina uste dut laster jaialdien kontra etorriko dela larrialdi klimatikoa, geuk ere jasan ezin ditugun tenperaturak gero eta ohikoagoak izango baitira.

Duela urte batzuk, makrofestibalek ingurumen jasangarritasunaren aldeko konpromisoa adierazi zuten adierazpen publiko batean. Badu sinesgarritasunik?
Zenbat eta gehiago hitz egin jasangarritasunaz, horrek esan nahi du orduan eta kontzientzia txarragoa dutela. Izan ere, makrofestibala, definizioz, jasangarritasunaren antitesia da, errentagarria izateko pertsonen fluxu handiak sortu behar dituen jarduera baita, eta horrek arrasto ekologiko ikaragarria uzten du. Eszenatokietan LED bonbillak jarrita ere, kaltetzen denaren %75 publikoak eragiten du. Jaialdi bat antolatzen duzunean eta esaten duzunean “AEBetako artista handi bat etortzea nahi dut eta ez dezala Europako beste tokietan jo”, jende-fluxuak eragiten ari zara, Europako jendeari hona etortzeko esaten. Horixe bera da jaialdi guztien logika: esklusibotasuna.