argia.eus
INPRIMATU
Kobre Aroko buruzagia eta egungo aurreiritziak
  • Iberiar penintsularen hegoaldea, duela 4.900 urte. Komunitateko kide nabarmen bat ehortzi zuten luxuzko objektuez inguratuta eta berarentzako bakarrik eraikitako hilobi batean. Hildakoaren arrastoak 2008an aurkitu zituzten Sevillako Valencina aztarnategian eta, lehen azterketak egin ondoren, 17 eta 25 urte bitarteko gizonezko baten arrastoak zirela ondorioztatu zuten

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko uztailaren 21
Valencinako hilobian aurkitutako bolizko hortz apainduak bertan ehortzitako pertsonaren garrantzia adierazten du. Argazkia: ATLAS ikerketa taldea / Sevillako unibertsitatea
Valencinako hilobian aurkitutako bolizko hortz apainduak bertan ehortzitako pertsonaren garrantzia adierazten du. Argazkia: ATLAS ikerketa taldea / Sevillako unibertsitatea

Berehala konturatu ziren indibiduo hura komunitateko kide nabarmena zela, ganbera batean bakarrik ehortzita zegoelako, eta Kobre Aroan multzoan ehortzi ohi zituztelako hildakoak. Gainera, 200 urtez ingurua ehorzketa eta gurtza gunea izan zela ikusi zuten, baina hilobiaren inguruko 35 metrotan beste inor ez zutela ehortzi. Horregatik uste dute gutxienez  8-10 belaunalditan komunitateak pertsona horren oroimenari eutsi ziola.

Teknika zientifiko berriak “jauzi handia ekarriko du Historiaurreko gizarteez dugun ezagutzan, bereziki, emakumeei eta haurrei dagokienez, tradizionalki eta modu bidegabean bigarren mailan kokatu izan ditugulako”

Zalantzarik ez zegoen estatus handiko pertsona zela. Gainera, Kobre Aroko haurren hilobi gutxi aurkitu dituzte eta horietan ez dute objektu berezirik aurkitu. Horrek esan nahi du garai hartan estatusa ez zetorrela odoletik, eta Valencinan ehortzitako pertsonak bere kabuz lortu zuela nabarmentzea. Hilobian aurkitutako objektu baliotsu eta bitxiek ere bere garrantzia adierazten dute: afrikar eta asiar elefanteen hortzak, ziurrenik Siziliatik zetorren anbarra, kalitate handiko suharria, ostruka arrautza-oskolak, harri-kristalezko orria eta bolizko kirtena duen daga bat…

Berriki Sevillako Unibertsitateko ikerlariek, Vienako (Austria) hainbat adituren laguntzarekin, Kobre Aroko buruzagiaren arrastoen azterketa zorrotzagoa egin dute, teknika berritzaileak baliatuz. Zehazki, hildakoaren hortzetako esmalteko proteina sexualki dimorfikoak aztertu dituzte, eta emaitza harrigarria Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute: Valencinan ehortzitako pertsona berezi hura emakumea zen. Eta Bolizko Dama izena jarri diote.

Marta Cintas Peña ikerlanaren egileetako baten hitzetan, teknika zientifiko berriak “jauzi handia ekarriko du Historiaurreko gizarteez dugun ezagutzan, bereziki, emakumeei eta haurrei dagokienez, tradizionalki eta modu bidegabean bigarren mailan kokatu izan ditugulako”. Aurkikuntzak emakumeek iraganean izandako rola birpentsatzeko beharra eta ikerlariek gaur egun izan ohi dituzten aurreiritziak utzi ditu agerian.