argia.eus
INPRIMATU
Herrira itzultzea
Eva Perez-Pons Andrade @Eva__96 2023ko abuztuaren 21a

Herrira bueltatzeak erritmoa jaistea ekarri dit. Hiria guztiz utzi gabe, berriro konektatu dut naturarekin, auzoarekin eta nirekin. Duela urte batzuetako Evarekin, ezinbestean. Orduak pasatzen ditut ortua lantzen, ordaindutako lanak eta bestelakoek uzten didaten heinean. Ortua bistan eta auzo erdian egoteak, kanpoko edozein iruzkin jasotzeko prest jartzen zaitu; adin jakin bateko gizona ez izateak, edozein gizontxoren iruzkin paternalistak jasotzeko prest jartzen zaitu. Desberdina delako. Aitak bere parekoekin elkarrizketak dituen bitartean, nik aginduak diren aholkuak jasotzen ditudalako, eta aitari ez zaiolako inoiz auzokidea ortuan sartu bere baimenik gabe bi tomatera lotzera, adibidez. Era berean, auzoko emakumeei oso eskertuta nago zelan nagoen galdetzeagatik, lana baloratzeagatik eta laguntza eskaintzeagatik.

Herrira itzuli naizen arren, etxetik, ortutik eta aldizkako paseoetatik kanpo ez dut bizitzarik egiten, horretarako hirira itzultzen naiz. Duela urte batzuk baino askoz erosoago egon arren, oraindik ez dut nire tokia egitea lortu. Erritmoa lasaiagoa da herrietan, baina aldaketak ere motelago datoz.