Txutxumutxuen burrunbak eragindako mina erreparatzeko

  • Hernanin jazotako eraso matxista batzuen kudeaketa prozesua modu “eraikitzaileago” baten bidez ixteko, hernaniar talde batek ekainean Eulizakuaren zarata antzezlana eskaini zuen, gainezka zegoen kultur aretoan. Taldeko kide diren Maitane Barrenetxeak eta Arantxa Arrietak azaldu digute espero ez zuten eragina izan duela antzezlanak: bai parte-hartzaileen osaketa prozesurako, bai herritarren kontzientziak mugitzeko. Ezohiko obra honetan ikusleak ispilu aurrean jarri dituzte, zenbait jarrera zalantzan jartzeko.

Argazkia: Uxue Bereziartua Lonbide / ARGIA CC BY SA.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Estreinaldiko urduritasun eta tentsioa pasata, Eulizakuaren zarata antzezlan herrikoiaren parte diren Maitane Barrenetxeak eta Arantxa Arrietak penaz baina asebeteta azaldu diote ARGIAri “bukatu” dela. Ekainaren 15ean eskaini zuten antzezlanaren lehen eta azken emanaldia, 30 lagun inguruko talde “amateurrarentzat” konplexua delako saio gehiago egitea. Antzerkia bukatu da eta prozesua itxi dute; aldiz, ireki dira hainbat zirrikitu ikus-entzuleengan.

“Duela urte batzuk, indarkeria matxistako eraso batzuen kudeaketarako prozesu komunitario bat abiatu genuen. Prozesuan zehar landutakoak hernaniarrekin eta herritarrekin modu zabalagoan partekatzeko asmoz sortu da antzerkia egitearen ideia”, zioen antzezlanaren iragarpenak. “Antzerki hau ez da oso ohikoa” esanez hasi zuten emanaldia publiko artetik irten ziren antzezleek, eta halaxe izan da, ezohiko elementu ugari baititu Eulizakuaren zaratak. Hasteko, eraso matxisten kudeaketa prozesua antzerki bidez ixtea bera berritasuna da.

Berrikuntza da, halaber, aktoreak ez diren hamabost hernaniar, adin, genero eta inguru desberdinetakoak, oholtza gainean ikustea. Prozesuan parte hartu duten horiek berak dira antzerkia prestatu eta gorpuztu dutenak, eta helburu izan dute herritarrei hausnarketara bultzatzea, eraso matxisten aurrean izaten duten jokabideen gainean: “Eraso bat dagoenean mina dago, baina herriaren erreakzioak min handiagoa sor dezake, berbiktimizazioa eragiten du”. Komunitatearen papera ekarri dute erdigunera. Txutxumutxuek sortzen duten mina plazaratu nahi izan dute eta adierazi noraino iristen diren herrian egiten diren komentarioak, batik bat prozesuko kideei eta mugimendu feministakoei zuzendutakoak.

Argazkia: Uxue Bereziartua Lonbide / ARGIA CC BY SA
Txutxumutxuen zarata

Obraren hasieran eulien burrundara desatsegina entzuten da, ikus-entzuleak urduri jartzeko bezainbeste irauten duen denbora tartean. Antzezleak saiatzen dira zarata hori isilarazten, baina taldean batu arte ez dute lortzen eulia hiltzea. Publikoan tentsioa eragiten du eszenak, gainerako esketxek bezalaxe. Finean, antzerkiko protagonista da "laugarren pareta" deritzona, hau da, oholtzatik kanpo dagoen publikoa. Hortik izenburua, Fleabag seriean darabilten kamerari hitz egiteko teknika oinarri hartu, eta itzulpen propioa egin diote: Eulizakua.

"Laugarren paretari" zuzenean hitz egiten diote beste esketx batean, airean utzitako galdera potoloak banan-banan botata: “Albisteetan ageri diren erasoak bakarrik dira eraso? Eraso bat jasaten dudan aldiro salatu behar dut? Zenbatetan ikusi dut eraso bat? Zergatik kostatzen zaigu hainbeste erasoez hitz egitea? Zenbatetan egin dut zerbait nire lagunen bat tartean dagoenean? Zer da eraso bat?”. Arrietak dioenez, uste dute lortu dutela jendearen “botoiren bat ukitzen”, eta ikusle batzuek esan diote egunetan “digeritu beharreko edukia” zela taularatutakoa. Eskertuta dago izandako harreragatik eta emanaldiaren egunean sortutako giroagatik.

Harridura ere piztu die izandako erantzunak eta aretoko argiak piztutakoan ikusitakoak: “Guk hain landuta geneukan gidoia, umorez lantzen genuela, eta ondo pasa genuen momentuan. Horregatik, ez nuen espero amaieran ikusitako malkorik, ezta jendearekin hainbeste konektatzerik ere”, aitortu du Barrenetxeak. Jendea hunkitzea baino, deserosotasuna sortuko zutela uste zuten.

Herritarren ispilua

“Batzuk oso islatuta sentitu dira, eta guk hori bilatu dugu, Hernanin girotzea eta egunerokotasunean dauzkagun egoerak antzeztea, eta ispilu izatea”, berretsi du Arrietak. Obraren hasieran lagun talde bat trago bat hartzen ikusten da, eta haietako batek kontatzen du eraso bat jasan duela. Lagunen erreakzioak, ordea, babestu beharrean gehiago hondoratzen du. Jarraian hasten dira ingurukoen erreakzioak, esketxez esketx: erasoa salatu duen emakumea zalantzan jartzen duten iruzkinak, erasoa egin duenari buruzko txutxumutxuak, begiradak, epaiak... “Norekin zegoen gertatu zenean? Baina horrek ez dauka bikotekidea? Nor da erasoa egin duena? Eta non? Eta nola zihoan jantzita?”.

Argazkia: Uxue Bereziartua Lonbide / ARGIA CC BY SA

Eszenaratu dute prozesua ixterakoan komunitateak izan ohi duen jarrera ere: kudeaketaren parte izan direnei “kontu eskeak” eta kritikak, erasoa jasan duenari emandako eskatu gabeko “aholkuak”, erasoa egin zuena etengabe epaitzea, eta beste. Antzezleek irudikatu dute urteetako prozesuan ezertarako inplikatu ez diren herritarrek bat-batean zenbat azalpen dituzten emateko, ustez asmo onez izanda ere.

“Ez dugu errurik bota nahi izan, denok paper guztiekin identifikatuta sentitzea nahi genuen; ez dugu banandu ahots txar bat eta on bat”, zehaztu du Arrietak. Ez dute epaitu nahi izan zein jarrera dauden ondo eta zein gaizki: “Ikusarazi nahi izan dugu denok dauzkagula horrelako jokabideak; balio dezala gogoetatzeko hurrengoan nola jokatu edo nola eta nondik hitz egin gai honi buruz”.

“Hau pasa zait”

Gidoia lantzeari berebiziko pisua eman diote, eta zenbait gako errespetatu dituzte, esaterako, umoretik lantzea. Urtarrilean hasi ziren, eta hiruzpalau hilabetez moldaketak egiten joan dira, entseguetan taldekideek egindako ekarpenei esker. “Denbora luzea eman dugu erabakitzen zer eta nola transmititu nahi genuen”, dio Barrenetxeak. Erasoari buruzko zehaztasunik ez ematea ere bereziki zaindu dute: “Ez genuen nahi jendeak eraso zehatz bat irudikatu zezanik, ez delako eraso bat bestea baino gehiago. Ez genuen egoera jakinekin lotu nahi”. Gidoiari buelta asko eman ostean, formula topatu dute: “Hau pasa zait, hemen eta honekin” esaldiaren bidez jendarteratu dute erasoa. “Nahikoa da hori esatea, jendeak egingo du bere istorioa buruan”, ziurtatu du Barrenetxeak.

Esaten denaz gain, nork esaten duen ere zaindu dute, inor ez zedin deseroso sentitu jokatutako paperarekin: “Saiatu gara oso kontziente izaten nork zein rol hartu, prozesuan edo bizitzan izan dituen bizipenen arabera”. Taldea “amateur” gisa definitzen badute ere, oholtzan maila altua erakutsi dute, eta halaxe helarazi die publikoak ere; “ez zuten espero guk hain ondo egitea”, umorez hartu dute Barrenetxeak eta Arrietak. Horra heltzeko bidelagun izan dituzte Miren Gojenola eta Esti Veintemillas, zuzendari lanetan eta antzezleen prestaketan, besteak beste.

“Barre egin dugu, eta egoerak erridikulizatzeak baimendu digu erasoaren prozesua beste toki batetik bizitzen”

Oso gutxitan agertzen den rol bat ere taularatu zuten: obra zeinu hizkuntzan antzeztu zuen Lierni Mateok. Prozesuko partaidea eta zeinu hizkuntzako itzultzailea da Mateo, eta proposatu zien antzezlana barrutik interpretatzea, itzulpenetik harago. Mateok dioenez, gorrentzat oztopoa izaten da itzulpena eta eszena aparte egotea, eta modurik egokiena da antzezlea bera izatea interpretea; izatez, anekdotikoa da halakorik ikustea. Mateok ez du ahotsa proiektatzen ikasi behar izan, besteek bezala, baina emanaldiko paper guztiak zuzenean interpretatu ditu. Arrakasta izan zuen, izan ere, ikusleen artean bederatzi bat pertsonak behar zuten zeinu hizkuntzako itzulpena, eta asko eskertu zietela diote taldekideek. Euskaratik gaztelerarako itzulpena, berriz, bost bat lagunek erabili zuten.

Erreparazio ariketa

Emanaldiaren egunean “poza eta eskertza” sentitu zuten Barrenetxea eta Arrietak, baina azpimarratu dute horraino iristeko prozesua izan dela aberasgarriena. Indarkeria matxista kudeatzeko prozesua barrutik bizi izan dutenez, antzerkiarena “zatirik onena” izan dela diote: “Giro onekoa, sortzailea, eraikitzailea, talde eta energia berezia sortu duena...”. Prozesuak zailak izaten direla gogorarazi dute, eta antzerkiak zama hori arintzen lagundu diela: “Hasierako minari eta nekeari gehitu zaizkio poza, maitasuna eta positiboagotzat hartzen ditugun beste sentimenduak”, baieztatu du Barrenetxeak. Arrietak gehitu du lasaitasuna eman diola gaia umoretik lantzeak: “Barre egin dut, eta egoerak erridikulizatzeak baimendu dit prozesua beste toki batetik bizitzen”. Bat dator Barrenetxea, esanez antzerkiak aukera eman diela arrazionaletik eta burutik landu beharrean, gorputzetik eta sentipenetatik lantzeko.

Argazkia: Uxue Bereziartua Lonbide / ARGIA CC BY SA

Azaldu dute “osatze lan izugarria” izan dela eta prozesuko partaideek asko eskertu dutela. “Prozesuan inplikatuta daudenak izatea dena prestatzen eta gorpuzten aritu garenak...”, Barrenetxeak uste du horretan asmatu dutela. Arrietak gaineratu du bakardadetik bizi diren kontu batzuk kolektibizatzeko balio izan diela, eta minak onartzeko: “Denon artean erabaki dugu bakoitzak zein rol jokatu, eta mahai gaineratu dugu paper batzuk ez ditugula nahi gehiegi mugitzen gaituztelako”. Barrenetxearen iritziz, erreparazioaz gain ahalduntzea ere sortu du: “Nahiz eta rol horretatik ez izan, finean, herriari norberak kontatzen dio gertatu zaiona”.

Azken esketxean berriro errepikatzen da hastapenekoa, lagunei erasoaren berri ematen dienekoa: “Honekin hau eta hau pasa zait”. Eulizakuari uzten diote hitza, nola jokatu erabaki dezan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
'Zorretan'
Berezko lore bat

ZORRETAN

Testua eta zuzendaritza: Agurtzane Intxaurraga.
Aktoreak: Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza, Jabi Barandiaran.
Noiz eta non: Urriaren 25ean, Donostiako Gazteszenan.

----------------------------------------

Bere argi propioa bilatzen ari den loreari... [+]


2024-10-31 | Iñigo Satrustegi
Bizitza ez da esateko erraza

MIÑAN
NORK: Artedrama. Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta, Mikel Kaye.
NON: Bilboko Arriaga Antzokian.
NOiz: Urriaren 25ean.

----------------------------------------------

Euskaraz kontatu zuten Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Miñan 2019an. Bost urte... [+]


Bakarrizketan

Autoan noala hasi naiz artikulua zirriborratzen, mentalki. Ideiarik onenak autoan izan ohi ditut, bakarrik gidatzen ari naizela. Bilborantz noa, Arriaga antzokira. Artedrama konpainiak Miñan antzezlana taularatuko du gaur. Urriak 25 ditu, ostirala da.

Antzokiko atarira... [+]


'Eukalyptus'
Naturaren aberastasuna

Eucalyptus
Testua: Nerea Ibarzabal, Jon Ander Urresti, Matxalen de Pedro eta Beñar Urrutia.
Zuzendari eta dramaturgoak: Matxalen De Pedro eta Jon Ander Urresti.
Aktoreak: Jon Ander Urresti eta Beñat Urrutia.
Non: Lugaritz kultur etxean (Donostia).
Noiz:... [+]


2024-10-09 | Ximun Fuchs
Tximinoa, salbaia eta elbarritua

Tristezia ez, ondokoa. Eta etsipen handia. Aurten bi sorkuntza erditu ditugu ("Lurrez Estali" eta "Bidasoa Mintzatuko Balitz"), arrakasta handia bildu dugu eta, hala ere, sentimendu garratz batek tinkatzen dit zintzurra.

30 bat urte daramazkit antzerkian... [+]


Haurrekin alzheimerraz mintzatzeko gakoak

Alzheimerraren inguruan haurrekin naturaltasunez hitz egitea du helburu ‘Arrain bat bezala’ antzezlanak. “Zenbat eta lehenago landu orduan eta gutxiago estigmatizatzen da”, nabarmendu du Ana Maestrojuán zuzendariak.


Atera kontua(k)

TABERNARIA. INSTRUKZIOAK BOTATZEKO ONDO BAT KAÑA
Egilea eta zuzendaria: Patxo Telleria
Aktorea: Mikel Martinez
Noiz: Irailaren 20an
Non: Biltxokon (Baiona)

--------------------------------------------------------

Bezeroak kontua eskatzen duenean izan ezik,... [+]


2024-09-25 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 5. eguna
Zinea ala antzerkia?


2024-09-20 | Euskal Irratiak
Maider Mourgiart eta Paul Laborde
“Pastoralari esker Xarnegu eskualdeko herritarrak elkar lotu gira”

Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.


Artea, zein preziotan?

OSCARRA OSCARRENTZAT
AKTOREAK: Mikel Laskurain, Jon Plazaola, Oihana Maritorena eta Ane Gabarain.
PRODUKZIOA: LaMandanga Producciones, Txalo Produkzioak
NOIZ / NON: martxoaren 2an, Donostiako Antzoki Zaharrean.

[+]


‘Inesa de Gaxen’ pastoralak beste bi emanaldi eskainiko ditu irailean

Lehen aldiz ekainean antzeztu zuten Inesa de Gaxen pastorala, Bastidan (Nafarroa Beherea). Izan zuen arrakasta ikusita, xarnegutarrek irailean berriz biziberrituko dute Gaxengo Inesaren historia, irailaren 21 eta 22an, Bardozen (Lapurdi). 1.000 sarrera jarri dituzte salgai... [+]


Eguneraketa berriak daude