argia.eus
INPRIMATU
Dei galduak ala bala galduak?
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2023ko uztailaren 26a

Azken deia
112
Autoekoizpena, 2023

 

Azaroan, Ez Donk Amaitu-k Arrasaten antolatutako jaian, deskubritu nuen herri bereko 112 talde gaztea. Sorpresa atsegina hartu nuen. Gazteak izanda ere beste hainbat proiektutan (WC, Txuleria Joder, Volkete…) ibilitakoak dira horietako batzuk, eta ondo eusten diote gaztetasunari, lotsagabetasunari eta kaleko izaerari. Are gehiago, salaketa, probokazioa eta umorea uztartzen dituzte, euren eskaintzari bestelako ukitu freskoagoa emanda. Hitzei dagokionez, esaterako, ez daukate ilerik ahosabaian, eta destroy edo anti-todo izan gabe lortzen dute erreakzioa eta hausnarketa. Taldeak daukan beste berezitasun bat da kideetako batek baino gehiagok abesten duela, eta koruak zein ahots desberdinak lantzen dituztela. Izan ere, hori ez da ohikoa gure artean, eta are gutxiago punk-rockaren eremuan.

Dozena erdi kontzertu emanak izango dituzte eta lehen lana kaleratu berri dute haien kabuz, Bilboko Pookah estudioan (Mikel Biffs-ekin, hortaz) egun bakarrean (!) eta klaketa gabe grabatu dutena. Hain izen deigarri eta polizial-asistentziala badute ere, aitortu dute ez dituela inork deitzen; aldiz, haiek ibiltzen dira jotzeko asmoz gaztetxe eta tabernetara deika. Baina ez dira galduko, ikusiko duzue!

Santa Ageda-ko kantuaren pasarte bat jarri dute intro moduan (“Ta kanta nahi degu gogoz”) eta Kill your idols punk-rock azkar eta desmitifikatzailearekin egiten dute lehen erasoa: “Ez dugu inor jarraitu nahi, orain 112ren denbora da…” diote. Jarraian, Plástico da punk-rock zirikatzailea, Clash, Burning eta pub-rocka batzen dituena. Gu geu geure menpe da Pichones taldea berpiztuko lukeen pieza, rock-and-roll indartsu eta gitarreroa. Puta Nacho Cica-k abestu ahal lukeen rock-and-roll pub-rockeroa. Azken deia La Polla eta Oi!-aren ukituak dituen pieza itsaskorra. Ssshh oinarri sendoa daukan punk-rock jostaria. Txorakeriak La Trapera, Vomito eta Clash-en entsalada pozoitsua. Eta, azkenik, Komunean The Hot Dogs!-en tamainako tenpo erdiko rock-a, baldosetako riffekin aberastuta.