argia.eus
INPRIMATU
Wimbledongo araudi orbangabea
  • Londres, 1877ko uztaila. All England Lawn Tennis and Crocket Club elkarteak antolatuta, Wimbledon tenis txapelketa jokatu zen lehenengoz, munduko tenis lehiaketarik zaharrena. Handik zazpi urtera, 1884an emakumezkoek ere parte hartu ahal izan zuten. Eta aurten amaitu berri den ekitaldian, sortu eta ia mende eta erdira, Wimblendongo jantzi-araudi zorrotza pixka bat bigundu dute: emakumezko tenislariek zuriak ez diren kuleroak jantzi ahal izan dituzte.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko uztailaren 17a
Gussie Moran tenislaria Wimbledon lehiaketako 1949ko ekitaldian, parpailadun eta koloredun kuleroak jantzita. Argazkia: George W. Hales
Gussie Moran tenislaria Wimbledon lehiaketako 1949ko ekitaldian, parpailadun eta koloredun kuleroak jantzita. Argazkia: George W. Hales

Lehiaketa tradizionalean badira oraindik emakumeei bereziki eragiten dieten arauak. Esaterako, epaileek puntuaketa ematean abizen hutsez aipatzen dituzte gizonezko jokalariak; baina emakumezko tenislarien abizenaren aurretik Miss edo Mrs (andereñoa edo anderea) jarri behar dute beti, jokalaria ezkonduta dagoen ala ez uneoro gogoraraztea ezinbestekoa omen delako, nonbait.

Baina tenislariak goitik behera zuriz janztera derrigortzen dituen arau zorrotzak emakume zein gizonei eragiten die, eta klasismo hutsez sortu zuten. Lehiaketa sortu zenean, tenisa goi mailako klaseentzako kirola zen, eta zuria goi mailako klaseentzako kolorea. Langileek uneoro lurrez, olioz edo izerdiz zikintzeko arriskua zutenez, zuriz janztea ez zen batere praktikoa. Tenisean aritzean aberatsek ere izerdia botatzen zuten, baina bazuten arropa nork garbitu eta nahi adina jantzi zuri erosteko dirua. Hala, Wimbledon sortu zuen klubak eliteen eta herri xehearen arteko bereizketa garbia egin nahi izan zuen jantzi-kode zorrotza ezarri zuenean.

Emakumeek arau hori bertan behera uztea eskatu dute etengabe; kuleroak hilekoarengatik zikintzeko arriskuak estresa eragiten diela eta errendimenduan behera egitea ekar dezakeela argudiatu dute

1949an, Gussie Moran (1923-2013) tenislari estatubatuarrak guztiz zuriak ez ziren parpailadun kuleroak jantzi zituen gona zuriaren azpian. Argazkilariek tenislariaren edozein mugimendu aprobetxatu zuten kuleroak erakusten zituzten argazkiak atera eta argitaratzeko. Eskandalua ingeles parlamentura ere iritsi zen eta Wimbledonek araudia zehaztu zuen: emakumeek ezin zuten parpailadun edota koloredun kulero edo kulotik jantzi. Gerora Moranek aitortu zuenez, “jota utzi ninduen horrek, emozionalki ezin izan nuen kudeatu”.

Orduz geroztik, emakumeek arau hori bertan behera uztea eskatu dute etengabe, kuleroak hilekoarengatik zikintzeko arriskuak estresa eragiten diela eta errendimenduan behera egitea ekar dezakeela argudiatuz. Azkenean, 2023an lortu berri dute kulero ilunak janzteko baimena, baina ñabardura bat erantsi diote: barruko galtzek ezin dute gona baino luzeagoa izan, geldirik daudenean behintzat ikus ez daitezen. Neurri “askatzailearen” atzean, emakumeei gehiegi ez mugitzeko mezua helarazi nahiko baliete bezala.