argia.eus
INPRIMATU
Euskadi ala Euskal Herria
Karmelo Landa @karmelolanda 2023ko uztailaren 18a

Hauteskunde garaietan gabiltza, eta zerumuga hurbilean Espainiako Gobernura eskuina eta eskuin muturra elkar hartuta iritsiko diren arriskuaz ohartarazten gaituzte. Paradoxaz, baina, testuinguru horretan, euskal alderdiak (abertzaleak esan nahiko nuke) haien arteko lehia bizian ageri dira, eta norgehiagoka horren motibo nagusia honako hau omen da: Espainiako Estatuan nagusi suertatzen den alderdia PSOE balitz, ea zeinek lor dezakeen, EAJk ala EH Bilduk, haren aliatu hurbila izatea, erabakigarria gobernu espainiar berria sortzeko orduan. Horrek erraztuko duelakoan euskaldunontzako zenbait hobekuntza lortzea.

Joan den legealdian ere ikusi dugu era horretako lehia bi euskal alderdien artean, eta oraingo kanpainan zentzu bereko mezuak luzatzen dituzte biek ala biek: “Berriro egingo dugu” diosku EH Bilduk, anbiguotasun kalkulatuan, eta esaldiak interpretazio zalantzarik sortuko balu, berau argitzeko, “jarraitasuna”ren promesa berritzen du. EAJk  bere aldetik “Madrilen Euskadi egokien defendatzen duen euskal alderdia” dela ziurtatzen digu.

Biek Madrila begira jartzen gaituzte, beraz. Baina nork begiratu behar du, orduan, Euskal Herri honetara? Berriro ere balizko “gobernu progresista” baten gobernantzan jarri behar ditugu esperantzak? Zer promesa berri gelditzen zaigu entzuteko alde hartatik? Edota gobernu espainiarra eskuratzen dutenak eskuin makur eta eskuin muturrekoak balira, orduan zer? Orduan ere hemen ahari-topeka jarraituko dute etxeko alderdiek?

Berriro ere balizko “gobernu progresista” baten gobernantzan jarri behar ditugu esperantzak? Zer promesa berri gelditzen zaigu entzuteko alde hartatik?

Ezin da ukatu Madrilen era bateko edo besteko gobernua osatzeak ondorio desberdinak ekar ditzakeela euskal jendartera, eta zentzu horretan eskuinak bertan muturra sartzea ez dela guretzat aukera desiragarria. Ezin ukatu, halaber, euskal alderdietako ordezkariak estatuko parlamentuetan agertzeak lagun dezakeela egoera hori ekiditen, batez ere eskuin espainiarraren aurrean jarrerarik irmoenak dituzten ordezkariak badira. Baina ezin da errepikatu azken legealdiko jokabidea, ezin da ontzat eman euskal alderdien jokabide politiko nagusia Madrileko parlamentu zein gobernuarekiko tratuetan kokatzea, estatua bera legitimatuta eta bitartean Euskal Herriaren eraikuntza baztertuta eta ahulduta. Azken hori baita gertatzen ari dena, jokabide erratu horren ondorioz. Estatuan gero eta integratuagoak, Euskal Herriak indarra galtzen duen bitartean herritarron imajinario kolektiboan eta gizarte egituretan bertan.

Paradigmatikoa gertatzen da, zentzu horretan, euskal nazioaren oinarrizko autodefinizioan aurkitzen dugun noraeza: Euskal Herria da gure nazioa, zazpi herrialdeek osatzen duten errealitate kultural eta politikoa, oraindik administratiboa ez den arren. Horrela izan da mendeetako historia luzean. Baina bide horretan gertatu ziren zenbait gorabehera, eta hor aipatu ziren Euskaria lehenik eta Euskadi gero, azken hori izaera politiko espezifikodun nazio komunitatea izendatzeko asmoz sortua. Kontua da Euskadi kontzeptuaren erabileran nahastea sortu zutela, lehenik 1979ko Autonomia Estatutuaren lehen artikuluan bertan hiru herrialdeko komunitate politiko partzialari “Euskadi zein Euskal Herria” izen metonimiko biak sinonimotzat atxikitzean. Akats larria, gaur ikusten denez. Ondorio praktiko larriak dituena: Eustat erakundeak “Euskadiko populazioa” zenbatzen duenean gaur 2.186.517 biztanle ematen ditu, baina Gaindegiak, aldiz, diosku Euskal Herrian 3.193.513 euskaldun bizi garela (ondo esan dut euskaldun esatean? Zer esan beharko nuke?). Horrela gabiltza, bai.

Naziogintza behar dugu, premia larriaz, ez horrenbeste madrilgintza edo parisgintza.